Dozenaka langile batu dira gaur ELAk eta LABek deituta, Bizkaiko erresidentzien lehen greba egunean. Bi sindikatuek mobilizazioak egin dituzte gaur goizean Bilbon, eta, ELAren arabera, grebaren oihartzuna handia izan da. Sindikatuek hamar hilabete daramatzate patronalarekin negoziatzen; lan baldintzak hobetzeko asmoz, honako eskaera hauek egin dituzte: lan osasuna hobetzea, lan karga eta erritmoak murriztea, derrigorrezko errelebo kontratua ezartzea, lantaldeak handitzea eta enplegua egonkortzea. Hobekuntzarik lortu ez dutenez, gaurkoaz gain beste bi greba egun antolatu dituzte: abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean.
Bizkaiko zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak izan dira lehenak Bilboko kalera ateratzen; manifestazioa egin dute, ELAk deituta. Langileek lehoinabar estanpatudun kamiseta koloretsuak jantzi dituzte pankartaren leloari keinu eginez: «Erresidentziak: zainketaren oihana». Pankarta erraldoi bat buru, hiriko kaleak zeharkatu dituzte Guggenheimeko zabalgunetik hasita Bizkaiko Foru Aldundiaren ateraino, Hau ez da zaintza, esplotazioa da! oihukatuz.
«Enpresek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek lan osasuneko arazo bat dagoela baieztatzen dute»
IRATXE VIEJO Bizkaiko zahar etxeetako arduraduna
Langileek murrizketak salatu dituzte, eta arreta eredua aldatzeko eskatu dute. Iratxe Viejo Bizkaiko erresidentzietako arduradunaren arabera, sektoreko langileen egoera prekarioa da: «Enpresek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek lan osasuneko arazo bat dagoela baieztatzen dute». Hori ikusita, patronalek beste alde batera begiratzen dute, Viejok salatu duenez.
Kontratuetan aldaketak ere eskatu dituzte: «Hainbat urtez aritu gara hizketan GUFEn parekatzearen inguruan. Horren bidean doazen soldatak eskatzen ditugu», azaldu du Viejok. Gainera, nahitaezko errelebo kontratua eskaintzea eskatu diete enpresei. «Urteko lanaldi murrizketa baten inguruan hitz egiten ari gara, astero 32 ordukoa», zehaztu du.Â
Hamar hilabete daramate GESCA, LARES eta ELBE patronalekin negoziazio mahaian eskaera horiek lortzeko, baina langileen beharrei erantzuten ez dieten erabakiak jaso dituzte, sindikatuen esanetan. «Patronalak 600 euro baino gehiagoko murrizketak egin nahi ditu», kontatu du Viejok. Gainera, sektorean malguagoa den eredu bat sartu nahi dute, langileei laguntzen ez diena. «Malgutasun ereduak prekaritatea bultzatzen du», azaldu du. Nabarmendu dute langileen egoerak eragin zuzena duela zahar etxeetan dauden pertsonei emandako arretan. Hori dela eta, azaroaren 26an egingo duten negoziazio mahaian, patronalei ez ezik, Bizkaiko Foru aldundiari ere eskatuko diote erantzun bat emateko.

LABeko kideak ere Bizkaiko Foru Aldundiari mintzatu zaizkio: «Ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu». Goizean goiz, grebalariek elkarretaratze bat egin dute Batzar Nagusien aurrean. Bitartean, sindikatuko ordezkariak eraikinean bildu dira EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren, PPren eta Elkarrekin Podemosen ordezkariekin. Txosten ekonomiko baten bitartez, sektoreko beharrei irtenbidea emateko proposamen zehatzak helarazi dizkiete LABek alderdiei.
Txosten ekonomikoan jasotzen da 481 milioi euroraino handitu beharko litzatekeela egungo aurrekontua. Hala, langileen baldintzak parekatzea bermatzeko exijitu die LABek alderdi politikoei. «Aldundia egungo erresidentzien pribatizazioa bultzatzen duen instituzioa da, eta sektorearen prekaritatearen erantzuleetariko bat», adierazi dute. Hori dela eta, gaur goizeko bileran bi eskakizun nagusi jarri ditu LABek mahai gainean: gaixotu gabe lan egin ahal izateko lantaldea %200 handitzea eta GUFErekiko soldatak parekatzea.
Elkarretaratzeari amaiera emateko, eta negoziazioaren blokeoa irudikatzeko, LABeko kideek Hurtado Amezagako errepidea moztu dute. 50 lagun inguru errepidearen erdian eseri dira, eta Bizkaiko Batzar Nagusiari oihu egin: «Langile gehiago!».
ALDUNDIAk elkarrizketara deitu ditu bi aldeak
Bizkaiko Foru Aldundiak greba eta langileen eskaerak errespetatzen dituela adierazi du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak. «Aldundia konprometituta dago kalitatezko zerbitzu bategaz, eta uste dugu hori bermatuta dagoela. Erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzen zaie», adierazi du. Negoziazioa errespetatzen dutela gehitu du: «Alde biei elkarrizketara deitzen diegu, ahalik eta akordio onena lortzeko bientzako». Bestalde, gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen hitzarmena 2023koa dela eta ELArentzat aurrerapausoa izan zela. «Esan zuen pauso garrantzitsua izan zela langileen duintasunaren alde. Horiek izan ziren ELAren berba zehatzak», gogoratu du. Horregatik uste dute oinarri on batetik hasi direla sindikatuen eta patronalaren arteko elkarrizketak.Â
Â