Elixabete Etxanobek uko egin dio Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko lehiari

Ez da aurkeztuko EAJren barne bozketetako bigarren itzulira, eta, hortaz, Ibone Bengoetxea izango da jeltzaleen Bizkaiko ahaldungai nagusia.

Elixabete Etxanobe, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Elixabete Etxanobe, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urriaren 28a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean amore eman du. Elixabete Etxanobek iragarri du ez dela aurkeztuko Bizkaiko ahaldungai nagusia hautatzeko EAJren barne bozketetako bigarren itzulira, eta, hortaz, bidea libre utzi dio Ibone Bengoetxeari. EAJren BBB Bizkai Buru Batzarrak proposatutako hautagaia zen Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburua, eta barne bozketetako lehen itzulian nabarmen hartu zion aurrea Etxanoberi.

«Ongi hausnarturiko erabakia da», esan du Etxanobek, «eta azken asteotan iparrorratz izan dudan irizpideari jarraitzen dio: alderdiari, haren barne prozedurei eta nire ardura instituzionalari izan beharreko begiruneari, hain zuzen ere». Etxanobek azaldu duenez, «EAJren batasuna eta indarra» jagon nahi izan ditu erabaki horren bidez, «are gehiago kontuan hartuta hauteskunde batzuen atarian gaudela eta horietan Euskadik asko duela jokoan».

Etxanobe ezustean harrapatu zuen BBBren erabakiak, hau da, hura bazter utzi eta ahaldungai nagusi izateko Bengoetxea proposatu izanak, are gehiago kontuan hartuta Iñigo Ansola BBBko presidenteak martxoaren 5ean hitz egin zuela Etxanoberekin, eta berriro ere hautagai izatea proposatu ziola elkarrizketa hartan. Ezustea ez ezik, tirabira ere ekarri zuen erabakiak, eta EAJren barne desadostasunak azaleratu: izan ere, Bizkaiko zuzendaritzak EBBko presidente Aitor Esteban kontuan izan gabe hartu zuen erabakia, eta Estebanek ez zuen horren berri izan iragarri zuten arte.

Edonola ere, Bizkaiko zenbait militantek Etxanobe proposatu zuten, eta bi hautagaiak, hau da, Etxanobe eta Bengoetxea lehiatu dira igandera arte iraun duen barne prozesuan. Lehen itzulian, askoz babes gehiago eskuratu ditu Bengoetxeak: 87 uri batzarretan nagusitu zen, eta Etxanobe, berriz, 24tan. Edonola ere, bigarren itzulira aurkezteko adina babes bazuen Etxanobek, eta hark hartu behar zuen erabakia: gaur amaitzen zen horretarako epea.

Ansolak eskerrak eman dizkio Etxanoberi hartutako erabakiagatik: «Hemen denok gara etxeko; etxeak EAJ du izena, eta etxe honetan inor ez dago sobran».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA