Etxebizitzaren alorrean «neurri zehatzak eta eraginkorrak» eskatu ditu Etxebizitza Ekintzak plataformak

Elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxearen aurrean, egoera «onartezina» dela salatu eta konponbideak eskatzeko.

Etxebizitza Ekintzak plataformaren elkarretaratzea, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxebizitza Ekintzak plataformaren elkarretaratzea, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Bilbo
2026ko azaroaren 4a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzaren auziari aurre egiteko «neurri zehatzak eta eraginkorrak» eskatu dizkiete administrazioei Bilboko hainbat kolektibok gaur goizean, udaletxe aurrean. Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren politikak salatu dituzte, eta gogora ekarri «eskumen esklusiboak» dauzkatela konponbideak bilatzeko. Egoera «gero eta larriagoa» da, haien ustetan, baina lekuko entitateak ez dabiltza «afera horretan» lanean, eragileek salatu dutenez.

Aldarrikapenak mamitzeko, Bilboko datuak mahaigaineratu dituzte Etxebizitza Ekintzak plataformako kideek. Batetik, etxebizitzaren prezioa etengabe igotzen ari dela salatu dute; esaterako, merkatu libreko etxe berriei erreparatuta metro koadroak 5.015 euro balio ditu, batez beste. Hau da, 70 metro karratuko etxe berri batek 351.000 euroko kostua izango luke. Horregatik, egoera gaitzetsi eta «merkatuan esku hartzeko» eskatu diete erakundeei, prezioak mugatu eta espekulazioa eten dezaten.

Bestalde, Bilboko 31.300 familiak izena eman dute Etxebiden, hamarretik zortzik alokairu babestua eskatzeko. Eskaintza, ordea, «irrigarria» da, plataformakoen ustez. Salatu dutenez, Zorrotzaurre auzoko babes ofizialeko etxeek, esaterako, 320.000 eurorainoko «prezio onartezina» dute, eta eskatzaileen urteko batez besteko diru sarrerak 16.000 eurokoak dira.

Bilbo hustua

Datu eguneratuen esperoan, 2022tik 2024ra Bilbon kale gorrian bizi direnen kopurua «hirukoiztu» egin dela ere ohartarazi dute. Negua ate joka den honetan, ezinbestekotzat jo dute alokairu sozialeko eskaintza «nahikoa» dela bermatzea, bai eta etxegabeentzako aterpetxeen eskaintza handitzea ere.

Etxerik gabekoen kopuruak eta etxe hutsenak ere alderatu dituzte: Bizkaian 34.000 etxe huts daude, horietatik 9.000 Bilbon. «Bilboko etxebizitza hutsen herena aski da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxegabeei aterpe emateko», salatu dute. Udalari leporatu diote, gainera, etxe huts horien jabeei %75 igo gura izatea ondasun higiezinen gaineko zerga, kontuan izanda berez «%150eraino igo dezaketela edota zuzenean desjabetu ditzaketela».

Gaurko aldarrikapenak Bilbon ardaztu dituzten arren, ostiral honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoara zabalduko dute fokua. Azaroaren 6an, 11:00etan, elkarretaratzera egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko bulegoen aurrean, datorren asteko greba deialdia sustatzeko asmoz. Etxebizitza Ekintzak plataformakoek greba orokorra «inflexio puntua» izango dela aurreikusten dute, eta egun horrek baldintzatuko dituela ostean eman beharreko pausoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA