Familia bat etxegabetu dute gaur, Arrigorriagan (Bizkaia). Abusu auzoan izan da, Santa Isabel kaleko 35. zenbakian. Etxegabetze agindua 8:30erako ezarria bazuten ere, hiru ordu geroago kaleratu du Poliziak Karmen, familiako ama. Ehun bat herritar bildu dira goizeko ordu txikietatik atariaren ingurura, eta etxegabetzea eragozten saiatu dira, baina ez dute lortu.
Lasaia zen egoera hasieran, baina tentsioak gora egin du 10:30 inguruan. Protestariak gero eta gehiago ziren, baita poliziak ere. 25-30 polizia elkartu dira inguruan, atarirako sarbidea blokeatzen. Eskailerak jaitsi eta borraz jo dituzte protestariak; afixak ere kendu dizkiete, eta protestariak grabatzen aritu dira. Bi manifestarik albo batera egin behar izan dute, zaurituta, eta emakume heldu bat ere jo dute. Poliziak itxi egin du eremua, eta esan norbait pasatuz gero indarrez aterako zutela.
Segizio judiziala etxera sartu da orduan, eta handik 45 minutura etxetik atera dute Karmen, beste emakume batekin batera. Atzeko atetik atera dute, manifestarien artetik ez igarotzeko. Besoan peluxe bana zutela atera dira bi emakumeak, negar malkotan.

Karmenek eskerrak eman dizkie sindikatuari eta bertaratu diren guztiei. Esan du 21 urte daramatzatela etxe horretan bizitzen, eta senar ohiak bota duela etxetik, etxea ez zegoelako bere izenean modu egokian jarrita. Esan du, hortaz, orain dela hamasei hilabete gaizki egindako tramiteengatik eta hortik tiraka senar ohiak egindako prozesuarengatik bota dutela.
Karmen alaba adingabearekin bizi zen. Baina alaba ez zegoen etxean etxegabetu dutenean; izan ere, atzo, aitak berekin eraman zuen alaba. Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, emakumeak urteak egin ditu umearen zaintzaz arduratzen, eta gizona ez da agertu azken hamasei hilabeteetan.Â
Mobilizazio jendetsua
Sindikatuaren arabera, ama-alabak «bereziki egoera zaurgarrian» daude, eta dibortzio baten ondorengo prozesu judizial «luze» eta «konplexu» baten ostean ailegatu da etxegabetze agindua. Senarrarengandik banandu ostean, Karmenen esku geratu zen etxebizitza erabiltzeko eskubidea. Baina hartan bizitzeko eskubidea galdu du, doako laguntza juridikoko zerbitzuan izan diren «gabezien ondorioz».
Hortaz, «kaleratzea gelditzeko tresna bakarrak antolakuntza kolektiboa eta klase autodefentsa» direla esan zuen astelehenean egindako agerraldian, eta adin guztietako herritarrak bertaratu dira etxe aurrera gaur. Sindikatuak ziurtatu du familiak ez duela non bizi, eta «erakunde erantzuleak» seinalatu ditu, alternatiba bat bermatzeko nahikoa neurri ez hartzeagatik. Gerturatu direnek udalari konponbide bat exijitu diote, eta hari egotzi diote Poliziak izan duen jarrera. Karmenen aldeko elkartasun oihuak ere egin dituzte.
Arrigorriagako Udalak, berriz, kaltetutako pertsonarekiko duen konpromisoa nabarmendu du, ohar bidez. Adierazi du lehentasun izango dutela etxegabetuari arreta ematea, laguntzea eta eskura dauden udal baliabideak mobilizatzea, eta gaineratu du hala egin dutela prozesuaren hasieratik, egoeraren berri izan zutenetik.
Sindikatuaren hitzetan, berriz, udala egoera zuritzen ari da, «hitz politak» erabiliz, baina ez du erantzukizunik hartu. Esan dute atzo ez zutela egun osoan udalaren erantzunik jaso. Jakinarazi dute udalak eskaini duen aukera bakarra ama-alabak bi hilabetez hotel batean hartzea izan dela, eta hori ez dela «taxuzko alternatiba bat». Erantsi dute, gainera, etxeko jabeak higiezinekin negozioa egiten duela Bilbon eta Gironan (Herrialde Katalanak), eta litekeena dela Karmenen etxea espekulatzeko erabiltzea.