Familia bat etxegabetuko dute gaur Arrigorriagan, eta ehun bat lagun hurbildu dira eragozteko asmoz

Abusu auzoan bizi dira, Santa Isabel kaleko 35. zenbakian, eta 08:30erako zuten ezarria etxegabetze agindua. 10:00-10:30 alderako espero dute segizio judiziala iristea, eta «goiz luzea» izango dela aurreikusten dute.

Hainbat lagun Poliziarekin parez pare, etxegabetzea gelditzeko presio egiten, Arrigorriagan. BERRIA
Hainbat lagun Poliziarekin parez pare, etxegabetzea gelditzeko presio egiten, Arrigorriagan. BERRIA
Maddalen Omaetxebarria - Igor Baigorri Perez
Arrigorriaga
2026ko urriaren 30a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familia bat etxegabetuko dute gaur, Arrigorriagan (Bizkaia). Abusu auzoan bizi dira, Santa Isabel kaleko 35. zenbakian, eta 08:30erako zuten ezarria etxegabetze agindua. Atzeratu egingo da, baina, ehun bat herritar etxegabetzea eragozten saiatzen ari baitira. Goizeko ordu txikitatik daude atariaren ingurura, eta gero eta gehiago iristen ari dira denborak aurrera egin ahala.

Batu etxebizitza sindikatuak deitu du etxegabetzea gelditzera, eta momentuz, ehun pertsona inguru bertaratu dira, adin guztietakoak. Bertaratu direnentzat gosaria ere eskaini du sindikatuak, eta etenaldia ere egin dute, «indarrak hartzeko». Poliziek etxe atarira sartzeko bi sarbideak itxi dituzte, eta udaltzaingoak kalea itxi du. 

Familia «egoera zaurgarrian» dagoela ohartarazi du du Batuk, eta azpimarratu «kaleratzea gelditzeko tresna bakarrak antolakuntza kolektiboa eta klase autodefentsa» direla. Ziurtatu du familiak ez duela bizitoki alternatibarik, eta «erakunde erantzuleak» seinalatu ditu alternatiba bat bermatzeko nahikoa neurri ez hartzeagatik. «Udaletxea konponbidea» oihukatu dute, besteak beste, atariaren aurrean.

Arrigorriagako Udalak, bere aldetik, kaltetutako pertsonarekiko duen konpromisoa nabarmendu du. Adierazi du lehentasun izango dutela etxegabetutako pertsonari arreta ematea, laguntzea eta eskura dauden udal baliabideak mobilizatzea, eta gaineratu hala egin dutela prozesuaren hasieratik, egoeraren berri izan zutenetik.

Karmen bere alabarekin bizi zen etxean. Eta sindikatuaren arabera, ama-alabak «bereziki egoera zaurgarrian» daude, eta dibortzio baten ondorengo prozesu judizial «luze» eta «konplexu» baten ostean ailegatu zen etxegabetze agindua. Senarrarengandik banandu ostean, Karmenen esku geratu zen etxebizitza erabiltzeko eskubidea. Baina hartan bizitzeko eskubidea galdu dute, doako laguntza juridikoko zerbitzuan izan diren «gabezien ondorioz».

Orain, alaba ez dago etxean, ama bakarrik dago etxebizitza sindikatuko hainbat kiderekin batera. 10:00-10:30 alderako espero dute segizio judiziala iristea, eta «goiz luzea» izango dela aurreikusten dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA