Gernikako Udalak ohartarazi du gaztetxeko kideek ordaindu egin beharko dutela liburutegi berriko lanak atzeratuz gero

Pasealekuko eskola zaharren eraikinetik irteteko eskatu die Gorroño alkateak Egurre gazte asanbladako kideei. Erantzun diote han egongo direla «alternatiba eraginkor bat» eskaini arte.

Gorroño, gaur emandako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gorroño, gaur emandako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Gernika-Lumo
2026ko irailaren 1a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Katramilatuta dago oraindik ere Gernika-Lumoko (Bizkaia) gaztetxearen auzia. Are, koska bat gogortu da udalaren eta Egurre gazte asanbladaren arteko talka: liburutegi berria egin nahi dute gazteek okupatutako eraikinean, eta Jose Maria Gorroño alkateak ohartarazi du arriskua dagoela azpiegitura hori egiteko lanak atzeratzeak zenbait ondorio izatea. «Egoera horretatik erator daitezkeen galera ekonomikoak indarrean dagoen legediaren arabera aztertuko dira, eta, enpresa adjudikaziodunak erreklamazioren bat egiten badu, gastu horiek ordaintzeko arduradunak okupak izango dira», zehaztu du udal agintariak. Egurre asanbladakoek, ordea, argi utzi dute ez direla handik aterako «alternatiba eraginkor bat» eduki arte.

Gorroñok prentsaurrekoa eman du gaur, Guztiontzako Herria plataformako hainbat zinegotzirekin batera, eta hala udalaren jarduna nola «legezkotasuna eta interes orokorra bermatzeko beharra» defendatu. Okupatutako eraikina Gernika-Lumoko liburutegi publiko berria jartzeko erabili nahi dute. Proiektuan jasotzen denez, asmoa dute Pasealekuko eskola publiko zaharren hegoaldeko eraikina eraberritzeko eta birgaitzeko, hura kultur ekipamendu bihurtze aldera.

Bada, alkateak azaldu duenez, orain arte gazteekin izandako elkarrizketetan hainbat aukera jarri dira mahai gainean, akordio bat lortzen saiatzeko. «Baina gaztetxean jarraitzen dutenek baztertu egin dituzte aukera horiek». Gainera, Gorroñoren arabera, hasieran planteatutako eskaerak «exijentzia» bihurtu dira denbora aurrera joan ahala.

«Hitz egiteak ez du esan nahi uko egin behar zaienik erakunde publiko bati dagozkion ardurei», azpimarratu du, eta gehitu du «legea betez» defendatuko duela «Gernikak zerbitzu publikoak hobetzeko duen eskubidea». Eta egitasmoa baldintzatzea egotzi die Gorroñok gazteei: «Onartezina da okupazio batek Gernika-Lumo osoarentzako proiektu publiko baten garapena eragotzi edo atzeratu ahal izatea».

Alkateak espero du gazteak «sartu ziren moduan irtetea eraikinetik». Adierazi du ez duela «liskarretan» sartu nahi; liburutegiaren proiektua irailean hastea baino ez nahi, iritzita «Gernika osoarentzat oso ona» izango dela. Berriro esan du prest dagoela hitz egiten jarraitu eta irtenbide bat bilatzen saiatzeko, «baina ez udalaren ardurei uko egiteko, ezta okupazioak proiektu publiko bat garatzea galarazteko ere».

«Alternatiba eraginkor bat»

Danel Unamuno Egurre gazte asanbladako kideak gogorarazi du 2025eko apirilean sartu zirela eraikinera, «hogei urte zeramatzalako abandonatuta», jakinda ere asmoa zeukatela udal liburutegi berria bertan egiteko. «Urteak zeramatzanez hutsik, bizitza pixka bat ematea erabaki genuen», gehitu du. «Hain zuzen, EH Bilduk eta Gorroñoren taldeak dagoeneko gu barruan geundela onartu zituzten aurrekontuak, liburutegia egiten hasteko», salatu du Unamunok, alkatearen prentsaurrekoaren ostean.

Egurre ez da fio agintariaz. Gernika-Lumon EH Bilduk bildu zuen boto gehien 2023ko udal hauteskundeetan, baina, aurretik izandako tirabirak alboratuta, Jose Maria Gorroño berriz alkate izendatzeko apustua egin zuen EAJk, koalizio abertzalea baztertzeko asmoz. «Gorroñok ez zuen bete hartutako konpromisoa [hilabeteko epean kargua uztea]», gogorarazi du Unamunok.

(ID_16403948) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-09-01, Gernika-Lumo. Gernika-Lumoko Udalak prentsaurreko batera deitu ditu komunikabideak, ...
Ume bat gaztetxearen aurrean jolasten. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gaztetxearekin lotuta, Unamunok aipatu du hasieran udalak ez ziela «inolako trabarik» jarri: «Esan ziguten liburutegiko lanak hasi arte lasai egon gintezkeela eraikinean». Hala ere, gaitzetsi duenez, duela hilabete batzuk udaltzainek sarraila aldatu zieten, «legez kanpo» eta «inolako agindu judizialik gabe». Orduan, Egurre gazte asanbladakoek beste sarraila bat jarri zuten.

Duela gutxi, gaztetxea husteko abisua iritsi zitzaien, lanak egingo dituen enpresak eraikina ikustera joan behar baitzuen abuztuaren 24an. Hala ere, beharginak ez ziren agertu. «Udalak alternatiba bat proposatu zigun, baina xantaia hutsa izan zen», kritikatu du Unamunok. Horiek horrela, asanbladakoek eskatu zuten liburutegi berriaren obrak atzeratu zitzatela gaztetxea ipintzeko beste leku bat izan arte. Izan ere, Unamunok azpimarratu duenez, haiek «beti» erakutsi dute «gaztetxea beste leku batera mugitzeko borondatea». «Orduan, guk dena garbitu, gure gauzak batu eta beste eraikinera eramango ditugu; ez dugu aterik itxiko beste bat zabaldu aurretik», ziurtatu du.

Astra kultur fabrikan sartzea ere proposatu zien udalak, Gorroñok gaur esan duenez, hango hirugarren solairua «biltegi gisa» eta «pankartak egiteko soilik» erabiltzen dutela eta. Egurre gazte asanbladak, ordea, proposamen hori ere baztertu egin zuen, «Astran ez dagoelako leku nahikoa kolektibo guztientzat».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA