Gernikako Udalak gaztetxean egin nahi dituen obrak geldiarazi ditu Egurre gazte asanbladak

Atzo arteko epea zuten gaztetxea husteko, udalak liburutegi bat egin nahi duelako bertan. Goizean ziren lanean hastekoak, baina asanbladako kideek ez diete utzi, eta udalari «negoziazio prozesu bat» abiatzeko eskatu diote.

Egurre gazte asanbladako kideak gaur goizean, gaztetxearen aitzinean. EGURRE GAZTE ASANBLADA
Egurre gazte asanbladako kideak gaur goizean, gaztetxearen aitzinean. EGURRE GAZTE ASANBLADA
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 24a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egungo gaztetxea udal liburutegi bihurtu nahi du Gernika-Lumoko Udalak, baina, oraingoz behintzat, ez du obrekin hasterik lortu. Izan ere, obra horiek egiteko enpresa gaur goizean zen eremura sartzekoa, baina Egurre gazte asanbladak agerraldira deitu zuen gaur goizerako, eta lanak hastea galarazi dute. Enpresako langileak ez dira eremura agertu, asanbladako kideen «presioak» eraginda.

08:00etan agertu dira kideak gaztetxera, eta, handik, Gernika-Lumoko Udalera abiatu dira, «negoziazio prozesu bat» abiatzeko asmoz. Salatu dute udalak ez diela «ofizialki» jakinarazi obrako langileak gaur ez zirela eraikinera joanen, eta ez dakitela gaztetxearekin zer gertatuko den: «Arrisku egoeran segitzen dugu, eta horrexegatik jo dugu udaletxera, udalagaz bilera bat eskatzera», erran dute kideek. Udalak atzo arteko epea jarri zien gaztetxea husteko.

Gero, udaletxearen barnean zirela, eserialdia egin dute, eta halaxe lortu dute, azkenean, udal ordezkariekin bilkura bat egitea. «Udala ez dago prest kanporatzea atzeratzeko», salatu dute handik atera berritan. «Ez du alternatibarik eman, eta, beraz, kaleratze arriskuan jarraitzen dugu».

Alderdien erantzunak

Nola EH Bilduk hala EAJk erantzun egin dute berehala: batak alde eta bertzeak kontra. Koalizio abertzaleak erran du «elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea» babestu behar dela, eta herritar orok izan beharko lukeela «alkatearen bulegoa irekia». Hortaz, bi aldeak negoziatzera eta «irtenbide adostu bat» bilatzera gonbidatu ditu.

EAJk, berriz, larunbatean gertatutakoa salatu du. Asanbladako kide bat Gernika koadroaren muralaren aitzinean zintzilikatu zen, gaztetxearen aldeko aldarria zuen pankarta batekin. Jeltzaleek erran dute ez dela onargarria «herriaren sinboloan tankera horretako eraso bat» egitea. Eraikinaren erabilerari dagokionez, adierazi du «guztien mesederako» erabili behar direla herriko eraikin publikoak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA