Hiru greba egun egingo dituzte Petronorreko langile azpikontratatuek

Abenduaren 1etik 3ra egingo dute lanuztea, lan baldintza hobeak eskatzeko. Findegiko langileen %61 dira azpikontratatuak, 1.500 inguru.

Petronorren Muskizko findegia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Petronorren Muskizko findegia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 18a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru eguneko grebari ekingo diote Petronorreko langile azpikontratatuek. ELA, UGT, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek egin dute grebarako deia, argudiatuta lan baldintzak txarrak direla eta enpresa kudeatzaileek ez dutela horiek hobetzeko borondaterik. Abenduaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute lanuztea.

Azpikontratatutako langileek pisu handia dute Muskizko (Bizkaia) findegian. Hain zuzen, enpresako langileen %61 dira azpikontratatuak: mila langile inguruk egiten dute lan findegian Petronorrek kontratatuta, eta 1.500 inguruk azpikontratatuta.

Sindikatuen arabera, findegian azpikontratatuta aritzen diren langileek urteak daramatzate oso baldintza gogorretan lanean, eta orain salatu dute are gehiago okertu dela haien egoera. Esaterako, 25 egun baino gehiago daramatzate aldageletan ur berorik gabe. «Findegi batean lan egiten dutenek, industria jarduera zorrotz baten berezko arriskuen eraginpean daudenek, ez dute ur beroa bezain oinarrizkoa den zerbait ere», salatu dute sindikatuek.

Hala Petronor nola enpresa kontratistak jo dituzte egoeraren erantzuletzat, argudiatuz ardura elkarren bizkar uzten dutela eta ez dutela ezer egiten egoera konpontzeko. «Beren ardurak onartu behar dituzte. Findegiaren aberastasuna ezin da azpikontratetako langileen prekaritatearen gainean eraiki».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA