Hiru eguneko grebari ekingo diote Petronorreko azpikontratutako langileek. ELA, UGT, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek egin dute grebarako deia, argudiatuta lan baldintzak txarrak direla eta enpresa kudeatzaileek ez dutela horiek hobetzeko borondaterik. Abenduaren 1, 2 eta 3an egingo dute greba.
Azpikontratatutako langileek pisu handia dute Musikizeko (Bizkaia) findegian. Hain zuzen, findegiko langileen %61 inguru dira azpikontratatuak: 1.000 langile inguruk egiten dute lan findegian Petronorrek kontratatuta, eta 1.500 inguruk azpikontratatuta.
Sindikatuen arabera, findegian azpikontratatuta aritzen diren langileek urteak daramatzate oso lan baldintza gogorrak jasaten, eta orain, salatu dute are gehiago okertu dela haien egoera: 25 egun baino gehiago daramatzate aldageletan ur berorik gabe. «Findegi batean lan egiten duten pertsonek, industria jarduera zorrotz baten berezko arriskuen eraginpean daudenek, ez dute ur beroa bezain oinarrizkoa den zerbait ere», salatu dute sindikatuek.
Hala Petronor nola enpresa kontratistak jo dituzte egoeraren erantzule, argudiatuz erantzukizuna batak bestearen bizkar uzten dutela eta ez dutela ezer egiten konpontzeko. «Beren erantzukizunak onartu behar dituzte. Findegiaren aberastasuna ezin da azpikontratetako langileen prekaritatearen gainean eraiki».