Artea

Ia 490.000 bisitari izan ditu Guggenheim museoak ekainetik abuztura bitartean

Bilboko museoaren historiako bigarren uda onena izan da bisitari kopuruari dagokionean. Iazko hilabete berberetan baino 10.600 lagun gehiago izan dira aurten.

Bi pertsona abuztuko eguzki eklipsea ikusten, Bilboko Guggenheim museoaren parean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Bi pertsona abuztuko eguzki eklipsea ikusten, Bilboko Guggenheim museoaren parean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko irailaren 1a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Programazioa izan da gakoa. Hala ulertu dute datua Bilboko Guggenheim museoko arduradunek behintzat. Guztira 489.971 bisitari izan dituzte aurtengo ekainetik abuztura bitartean; hau da, inoizko bigarren udarik jendetsuena izan da. Eta, museoko arduradunen hitzetan, artelanak izan dira horretarako motiboa. Erakusketa iraunkorrak ez ezik, udarako antolatutako behin-behineko erakusketek ere erakarri baitute jendea: Ruth Asawa artistarenak, batetik (irailaren 13ra arte); Jasper Johns artistarenak, bestetik (urriaren 12ra arte); bai eta, azkenik, Igshaan Adams artistarenak ere (azaroaren 1era arte). Erakusketak ikustera joan direnen kopuruaz gainera, museoko terrazan udan egindako Art&Music zikloko kontzertuek erakarritako 1.200 ikus-entzuleko marka ere nabarmendu nahi izan dute Bilboko Guggenheim museoko arduradunek.

Abuztua ere funtsezkoa izan da. Aurtengo ekainean eta uztailean iazkoetan baino bisitari gutxiago izan dira Bilboko museoan. 116.064 bisitari izan dituzte, esaterako, ekainean, eta 163.426 uztailean, baina abuztuan heldu da gorakada. Izan ere, inoizko bigarren abuzturik jendetsuena izan dute aurtengoan. Guztira 209.481 bisitari jaso dituzte abuztuan, iaz baino 14.527 gehiago, eta datu horrek eman du modua inoizko udarik onenaren markara hurbiltzeko.

Egunik jendetsuena ere identifikatua du museoak. Eguzki eklipsearen astean izan zela aipatu dute Guggenheimeko arduradunek. Guztira 9.097 bisitari joan ziren abuztuaren 10ean.

Bestalde, urtarriletik honako bisitari kopuruari erreparatuta, museora bisitari gehien joandako urtea izatetik gertu egongo da 2026a. Urtea hasi zenetik abuztuaren 31ra bitarte, guztira 922.113 bisitari kontatu dituzte, eta tarte horretan orain arte izan den bigarren kopururik handiena da hori. Izan ere, inoizko bigarren abuzturik jendetsuena ez ezik, inoizko maiatzik arrakastatsuena ere izan da aurtengoa. Hurrengo hilabeteetako joeraren arabera jakingo da, beraz, aurtengoan inoizko bisitari kopururik handienaren marka ere gertu izango ote duten. Guztira 1.324.221 bisitari izan zituen museoak 2023an.

Atzerritarrak

Bisitariaren jatorriari buruzko datuak ere zabaldu dituzte museoko arduradunek, eta, zehaztu dutenez, Euskal Herritik kanpokoak izan dira gehien-gehienak. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaikoak kontatzen ditu museoak, eta kopuru osoaren %4a baino ez dute osatu lurralde horietako bisitariek. Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bisitariak kontuan hartuz, beraz, litekeena da kopuru hori zertxobait handiagoa izatea. Ez gehiegi, ordea. Eta, beraz, %95en bueltakoa da bisitari atzerritarren kopurua.

Museoaren datuen arabera, Frantziakoak dira bisitari atzerritar horietako asko (%15), baita Britainia Handikoak (%10), Alemaniakoak (%10), Italiakoak (%9), Holandakoa (%8) eta Estatu Batuetakoak ere (%7). Kataluniatik heldutakoak ere identifikatu dituzte, kopuru osoaren %3, eta, Espainiako bisitarien artean, berriz, Madrilgoak dira nagusi; museoko bisitarien %3 dira hangoak.

Hain zuzen ere, euskal herritar gehiago erakartzea da Bilboko Guggenheim museoko egungo zuzendaritzaren erronketako bat. Hala adierazi zion Miren Arzalluz museoko zuzendariak BERRIAri: «Guggenheim museoa herri proiektu bat da. Gure erakunde publikoen babesa dago hor, eta gure herriko beste enpresa eta erakunde batzuen babesa ere bai. Eta herri proiektu bat den neurrian, gustatuko litzaidake Euskal Herriko bisitariak erakartzeko gaitasuna izatea, eta herritarrekiko harreman hori sendotuz joatea».

Elkarrizketa hartan zehazten zuenez, zuzendariak ez du uste bisitari kopuruak museoko esperientziari kalte egingo dionik. «Oraingoz, kalitatezko bisita bat bermatu dezakegu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA