Artea

Ruth Asawaren ibilbide osoa eskegi du Bilboko Guggenheim museoak

Jatorri japoniarreko artista estatubatuarraren 250 artelan biltzen ditu erakusketak, eta haren hirurogei urteko ibilbide artistikoa berrikusten du. Artistari Europan eskaini zaion atzera begirakorik zabalena da.

Bisitari bat, Ruth Asawa artistaren atzera begirakoa ikusten, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bisitari bat, Ruth Asawa artistaren atzera begirakoa ikusten, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko martxoaren 18a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espetxealdiak ireki zizkion artearen ateak Ruth Asawa artistari (Norwalk, Kalifornia, AEB, 1926-San Frantzisko, Kalifornia, AEB, 2013). AEBetara migratutako nekazari japoniarrak zituen gurasoak, eta, horregatik, 16 urte baino ez zituenean giltzapetu zuten, haren ama eta sei anai-arrebekin batera, Kaliforniako Santa Anita izeneko esparruan lehenik, eta Arkansaseko Rohwe kontzentrazio esparruan ondoren. Guztira, hemezortzi hilabete egin zituzten giltzapean, eta beste esparru batzuetara bidali zuten aitarengandik bereizita. Bigarren Mundu Gerra abian zen, eta Japoniarekin etsaiturik, guztira, 120.000 japoniar baino gehiago giltzapetzeko agindua eman zuen AEBetako Gobernuak. Ruth Asawa zen haietako bat, eta, hain zuzen ere, bizimodu hits horretan ere bizinahiari eusteko balio izan zioten giltzapetutako beste kideei ikasitakoek. Arte irakasle izateko titulua ere ukatuko zioten gero, berriz ere jatorri japoniarra izategatik, eta hala amaitu zuen Balck Mountain College eskola librean izena ematen. Han emango zituen hirurogei urtez luzatuko zen ibilbide artistiko sendoko lehen urratsak, eta, hain zuzen, ordutik hasitakoak bildu ditu orain Bilboko Guggenheim museoak. Europan artistari eskaini zaion atzera begirakorik zabalena ireki berri dute bertan.

San Frantziskoko Arte Modernoko Museoak eta New Yorkeko MOMA museoak sortu dute erakusketa, eta bost urte behar izan dituzte horretarako. Aurrez, bi erakunde horietan egon da orain Bilbora heldu den bilduma. Asawaren 250 artelan baino gehiago biltzen ditu guztira, eta irailaren 13ra arte egongo da zabalik.

Arterako grina kontzentrazio esparruetan sortu arren, Mexikora egindako bidaia batean ikasi zituen gerora bere eskulturarik ezagunenak sortzeko baliatuko zituen saskigintza tradizionalaren teknikak. Alanbreak elkarrekin bihurrituz sortutako eskultura eskegiak dira Asawaren lanik ikonikoenak, eta horiek nagusitzen dira Bilbon ere, nahiz eta marrazkiak, grabatuak, papiroflexia lanak eta margolanak ere bildu dituzten. Horrez gainera, artistak Kaliforniako hamaika txokotarako sortutako hainbat iturri publikoren argazkiak ere ikus daitezke erakusketan.

«XX. mendeko eskulturagintzak eman duen talenturik bakanenetako bat izan zen Ruth Asawa»

JANET BISHOP Komisarioa

Aretoan aurrera egin ahala, bisitariak begi kolpe bakarrean igarriko du artistaren garapen estetikoa. Izan ere, forma geometriko sinpleak ditu Asawaren lehen lan eskegiak, baina hamarkadek aurrera egin ahala, gero eta konplexuagoak eta geruzatsuagoak bilakatuz joango dira eskulturak. Une batetik aurrera, gainera, forma geometriko itxiak zirenak forma ireki bilakatuko dira. Beste eskultura multzo batean, ordea, natura bilakatuko da haren eskultura geometriko askoren inspirazio iturri zuzena. Adaxken, sastraken eta arbolatxoen itxura hartuko dute orduan Asawaren alanbre bihurrituek. «Natura nire irakaslea da», aitortu zuen artistak berak, «eta haren hazkunde ereduak aztertzeko, gure XX. mendearen emaitza diren produktuak erabili ditut».

Arte zirkuitutik kanpo

Janet Bishop eta Cara Manes komisarioek antolatu dute erakusketa, eta Geaninne Gutierrez-Guimaraesek egokitu du orain Bilboko Guggenheimerako. Asawaren sorkuntzak duen garrantzia nabarmendu dute hirurek. Bishop: «XX. mendeko eskulturagintzak eman duen talenturik bakanenetako bat izan zen». Manesek nabarmendu duenez, eskulturagintzan masari buruzko kezka gailentzen zen sasoian sortu zituen Asawak bere eskultura eskegiak. «Erabat bestelako proposamena zen berea».

Ruth Asawaren naturan inspiratutako lanetako bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Ruth Asawaren naturan inspiratutako lanetako bat. MIGUEL TOÑA / EFE

Bishopen hitzetan, Asawak hasiera-hasieratik erakarri zuen publikoaren eta kritikaren arreta, eta oraindik ere ikasle zela egin zituen lehen erakusketak. Baina 1950eko hamarkadan izan zen hori; 1960ko hamarkadaz geroztik, haren hitzetan, artistak galdu egin baitzuen arte ibilbide bat osatzeko interesa, eta, beraz, artea sortzen buru-belarri jarraitu bazuen ere, «isilagoa» izan zen haren sorkuntza. 2000ko hamarkadan hasi zen berriz ere erakusketak antolatzen, eta, nolabait ere, berriro azaleratu zen orduan haren lana.

Ibilbide kronologikoan antolatu dituzte artistaren lanak, eta bi areto hartu dituzte horretarako. Museoaren patioan dagoen areto handian jarri dituzte 1947tik 2000ko hamarkadara bitartera arteko lanak, eta, horrez gainera, normalean Film & Video zikloko lanak jartzeko baliatu ohi duten areto txikiagoa ere egokitu dute erakusketaren bigarren zatia hartzeko. Eskulturak eta margolanak ez ezik, artistak estudio eta bizitoki zuen etxeko hainbat objektu eta irudi ere jarri dituzte ikusgai bertan.

Artistari eskainitako katalogo bat ere kaleratu du Guggenheim museoak, euskarazko eta gaztelerazko testuekin. Bilboko egonaldia amaitu ostean, beste geltoki bat izango du erakusketak urritik aurrera, azkena: Suitzan, Fondation Beyeler museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA