«Etxebizitza eta soldata duinak behar dira pobretzeari eta errentismoari aurre egiteko». LAB sindikatuak asmo horrekin egin du greba orokorrerako deia, Euskal Herriko gainontzeko langile erakundeekin eta etxebizitza sindikatuekin batera. Egun berean, azaroaren 11n, egingo dute greba Euskal Herriko eta Espainiako sindikatuek. «Hala ere, lanean ari gara Euskal Herritik Euskal Herrirako greba izan dadin», nabarmendu du LABek. Horiek horrela, sindikatuak hainbat helburu bete nahi ditu greba eginda: Euskal Herriko marko propioa indartzea, eta, soldata eta etxebizitzaren eremuan, egiturazko neurriak hartzera behartzea bertako patronal eta instituzioak.
Azken asteetan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak indartu dira, eta horrek greba orokorrerako baldintzak sortu ditu Espainian. Nolanahi ere, «partida nagusia Euskal Herrian» jokatzen dela uste du LABek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskumen zabalak baitituzte etxebizitzaren eremuan: «Ardura nagusia haiena da», azpimarratu du. Sindikatuak «ahalik eta erantzun zabalena, indartsuena eta bateratuena emateko» lanean aritu da, horregatik bat egin du greba orokorrarekin. Hain zuzen, gaur dei hori berretsi du LABek, Bilboko Gas plazan egindako agerraldian.
«Gure greba ere bada»
«Etxebizitza da bizi proiektu bat eraikitzeko oinarria. Espekulazioa lehenesten bada, eskubidea ukatzen da. Etekina ateratzea legitimoa den eredu bat elikatzen bada, ezin izango zaio aurre egin jasaten ari garen errealitateari», ohartarazi dute Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinetako bizilagunek. Haiek ere hitza hartu dute LABek Bilbon egindako agerraldian. Mosaic Propco inbertsio funtsak ez du asmorik alokairu kontratuak berritzeko, eta, ondorioz, ehun etxetako baino gehiagotako maizterrak kanporatuak izateko arriskuan daude.
«Beharrezkoa da erabateko aldaketa: politikoa, legegilea, kulturala eta soziala», adierazi dute. Horiek horrela, LABekin bat egitea erabaki dute, haien etxebizitzak «defendatzeko». «Bi aukera ditugu: bakarrik eta isilik egon, ala antolatu eta borroka egin. Guk bigarrenaren alde egin dugu». Hartara, herritar guztiei dei egin diete azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egiteko.
«Bada garaia autogobernua langileen aldeko politikak egiteko baliatzeko eta autogobernu maila zabaltzeko, baita lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal hitzarmena eratzeko ere, eta etxebizitza politikan ere bidea egin behar da alokairuak osoki bertan arautzeko. Bada garaia Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko», esan du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak.
Alor horretan dituen proposamenak helarazteko, sindikatuak bilerak eskatu dizkie Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako sailburuari eta Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko kontseilariari, haiena baita etxebizitza kontuen ardura.
Egun berean, baina ez batera
Indarrak batzearen aldeko hautua egin du LABek. Baina, CCOOk eta UGTk greba egun berean egingo badute ere, sindikatu abertzaleak ez du aukerarik ikusi «gutxieneko bestelako adostasunak lortzeko». «Bi sindikatu horiek ez zuten martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu, eta, gainera, euskal esparruaren kontrako jarrera izan zuten, eta gutxieneko soldata propio baterako eskumenak eskuratzearen kontra egin zuten», esplikatu du Aranburuk. Bide batez, azaroaren 11koa 2020tik hona Euskal Herrian egiten den bosgarren greba edo lanuzte orokorra izango dela nabarmendu du.
Oraingo honetan LAB saioa egiten ari da lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal eredua aintzat hartzeko prest daudenen artean «gutxieneko adostasunak lortzeko». Aste honetan bertan, greba erregistro bateratua egin dute ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuekin batera, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista ere batu zaizkie. Aranbururen arabera, greba eguna planifikatzen ari dira oraindik.
Hala ere, argi daukate zeintzuk izango diren eskaera nagusiak: Confebask eta CEN patronalei galdegingo diete soldaten erosahalmena bermatzea, bizitzaren garestitzeari aurre egitea eta gutxieneko soldata propio baterako negoziazioa abiatzea. Bide batez, «etxebizitzarekin negoziorik ez egiteko eskatuko diegu higiezinen arloko patronalei eta funts putreei, eta gogorarazi ez direla ongi etorriak gurean», jakinarazi du Aranburuk.
«Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari dena, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere interpelatuko ditu greba orokorrak: «Batetik, lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko eskumenak eskuratu ditzaten eta, bien bitartean, presioa egin dezaten patronala mahaian eser dadin. Eta bestetik, etxebizitza politika ausartagoak egin ditzaten». LABek uste du «egiturazko neurriak» behar direla «etxebizitza larrialdiari erantzuteko»: besteak beste, esku hartzea alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitzen prezioak jaisteko, etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa, funts putreak kanporatzea, eta parke publiko indartsua eratzea. Aranbururen hitzetan, «hainbat instituziori dagokie neurri horiek hartzea, estatu mailatik tokian tokikoetaraino».
Gainera, LABek uste du azaroaren 11ko greba orokorra baliagarria izango dela gaur egungo «oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko». Izan ere, aukera asko daude PPk eta Voxek gobernua eratzeko azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean. «Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari dena, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da. Langileen bizi baldintza duinak eta aberastasuna banatzearen aldeko politikak defendatzea da eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiteko bidea», azpimarratu du sindikatuko buruak.
Eskaera argia EAJri, Madrilen
Madrilen «jokatzen» ari den «partidari» dagokionez, LABek gogorarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen gobernuak eskubide batzuk eskuratzea ekarriko luketen bi dekretu aurkeztu zituela Espainiako Kongresuan, «kaleko presio sozialak eraginda». Sindikatuaren ustez, «neurri horiek ez dira nahikoa, adabakiak dira»; baina argi du larrialdi egoeran «maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak» beharrezkoak direla.
«EAJk alokairu mugagabea ezartzeko dekretuaren kontra egin zuenean, kapitalaren alde lerratu zen», gaitzetsi du Aranburuk. Hala ere, oraindik badaude aukerak etxebizitza dekretuak aurrera ateratzeko. Azaroaren 10ean bozkatuko dira berriro ere Batzorde Iraunkorrean, eta EAJri eskaera argia egin dio LABek: bi dekretuen alde bozkatu dezala.

Bide batez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esandakoei erantzun die Aranburuk. Hark «politikotzat» jo du azaroaren 11rako deitutako greba orokorra: «Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurkako greba bihurtu da, baina ez dirudi udal batzuen aurka doanik, eta agian bai beste batzuen aurka», gehitu du. Aranburuk, baina, zera erantzun dio: «Greba guztiak politikoak dira, politika publikoak aldatzeko borrokatzen dugulako, langileen pobretzearen kontra eta, oraingo honetan, errentismoaren kontra. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskumen handiak dituzte bestelako etxebizitza politikak egiteko, patronalak interpelatzeko eta soldatak hobetzeko».