ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek uste dute azaroaren 11ko greba orokorrak «Euskal Herritik Euskal Herrirako» deialdia izan behar duela. Horiek horrela, deialdi bateratua egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin. «Etxebizitza eskubidea berma dadin exijitzeko eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan behar du, baita langileon pobretzearen aurkakoa eta soldatak igotzearen aldekoa ere», azpimarratu dute. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak babesa agertu zion atzo azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrari.
Ez dira zortzi hilabete igaro oraindik sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete zituztenetik: «Egoera jasanezina da: langile klasea pobretzen ari da, eta enpresarien eta espekulatzaileen irabaziak, berriz, handitzen», salatu dute deitzaileek. Horregatik, uste dute «kalera atera eta erroko eraldaketak bultzatzeko» garaia dela.
«Egoera jasanezina da: langile klasea pobretzen ari da, eta enpresarien eta espekulatzaileen, irabaziak, berriz, handitzen»
AZAROAREN 11KO GREBA OROKORRAREN DEITZAILEAK
«Etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta euskal langileriaren kezka nagusia ere bai», salatu dute ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk eta etxebizitza sindikatuek. Haien iritziz, etxebizitzak «eskubide bermatua» izan beharko luke, «osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean». Hori lortzeko «oztopo nagusia» da etxebizitzarekin egiten den «espekulazioa», salatu dutenez. Eta hori jarri nahi dute jomugan.
Eraldaketa
Guztientzat kalitatezko etxebizitza bermatzea «posible» dela adierazi dute, baina horretarako «erroko hiru transformazio» bultzatu behar dira, haien arabera: «Batetik, espekulatzaileen desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua. Eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea». Horrekin batera, euskal langileriak «berehala» beharko lituzkeen hainbat neurri aipatu dituzte: «Etxegabetze guztiak etetea eta etxebizitzen prezioak jaistea».
Horiek horrela, Hego Euskal Herriko patronala eta instituzioak interpelatuko dituzte deialdiarekin bat egin duten sindikatuek. Batetik, Confebask eta CEN patronalari egotzi diete «langileen prekarizazioa betikotzen jarraitzea eta hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari uko egitea». Etxebizitzari dagokionez, salatu dute patronalek «langileen bizitzen kontura aberasten» jarraitzen dutela.
Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta udalei, berriz, leporatu diete «negozioa indartzen duten politikak» egiten segitzea, «nahiz eta instituzio horiek badituzten alor horretan eskumen zabalak». Bada, deitzaileek uste dute «errentadunen aldeko politikak» egiteari uzteko garaia dela, eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzekoa ere bai.