«Etxebizitza eta soldata duinak behar dira, pobretzeari eta errentismoari aurre egiteko». LAB sindikatuak asmo horrekin egin du greba orokorrerako deia, Euskal Herriko gainontzeko langile erakundeekin eta etxebizitza sindikatuekin batera. Egun berean, azaroaren 11n, antolatu dute greba Euskal Herriko eta Espainiako sindikatuek. «Baina, horrela izan arren, lanean ari gara Euskal Herritik Euskal Herrirako greba izan dadin», nabarmendu du LABek. Horiek horrela, sindikatuak hainbat helburu ezarri dizkio grebari: Euskal Herriko marko propioa indartzea; eta, soldata eta etxebizitzaren eremuan, bertako patronal eta instituzioak egiturazko neurriak har ditzaten behartzea.
Azken asteetan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak indartu, eta horrek greba orokorrerako baldintzak sortu ditu Espainian. Edozein kasutan ere, «partida nagusia Euskal Herrian» jokatzen dela uste du LABek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskumen zabalak baitituzte etxebizitzaren eremuan: «Ardura nagusia beraiena da», azpimarratu du. Sindikatuak «erantzun ahalik eta zabalena, indartsuena eta bateratuena emateko» lanean aritu da, eta asmo horrekin bat egin du greba orokorrarekin. Hain zuzen, gaur dei hori berretsi du LABek, Bilboko Gas plazan egindako agerraldian.
«Gure greba ere bada»
«Etxebizitza da bizi proiektu bat eraikitzeko oinarria. Espekulazioa lehenesten bada, eskubidea ukatzen da. Errenta ateratzea legitimoa den eredu bat elikatzen bada, ezin izango zaio aurre egin jasaten ari garen errealitateari», ohartarazi dute Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinetako bizilagunek. Haiek ere hitza hartu dute LABek Bilbon egindako agerraldian. Mosaic Propco inbertsio funtsak ez du asmorik alokairu kontratuak berritzeko, eta, horren ondorioz, ehun etxeetako baino gehiagotako maizterrak kanporatuak izateko arriskuan daude.
«Beharrezkoa da erabateko aldaketa: politikoa, legegilea, kulturala eta soziala», adierazi dute. Horiek horrela, LABekin bat egitea erabaki dute, haien etxebizitzak «defendatzeko». «Bi aukera ditugu: bakarrik eta isilik egon ala antolatu eta borroka egin. Guk bigarrenaren alde egin dugu». Hartara, herritar guztiei dei egin diete azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egitera.
«Bada garaia autogobernua langileen interesekoak diren politikak egiteko baliatzeko eta autogobernu maila zabaltzeko, Lan harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratuz; baita etxebizitza politikan ere, alokairuak osoki bertan arautzeko bidea eginez. Bada garaia Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko», esan du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak.
Alor horretan dituen proposamenak helarazteko, sindikatuak bilerak eskatu dizkie Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako sailburuari eta Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko kontseilariari; haiek baitaukate etxebizitza kontuen ardura, instituzio horietan.
Egun berean, baina ez batera
Indarrak biltzearen aldeko hautua egin du LABek. Baina, CCOOk eta UGTk greba egun berean egingo badute ere, sindikatu abertzaleak ez du aukerarik ikusi «gutxieneko bestelako adostasunetarako». «Bi sindikatu horiek ez zuten martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu, eta, gainera, euskal esparruaren kontrako jarrera izan zuten, gutxieneko soldata propio baterako eskumenak eskuratzearen kontra eginez», esplikatu du Aranburuk. Bide batez, azaroaren 11koa 2020tik hona Euskal Herrian egiten den bosgarren greba edo lanuzte orokorra izango dela nabarmendu du.
Oraingo honetan, «gutxieneko adostasunak eraikitzen» saiatzen ari da LAB, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aintzat hartzeko prest daudenen artean. Aste honetan bertan, greba erregistro bateratua egin dute ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuekin batera; eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista ere batu zaizkie. Aranbururen arabera, greba egunaren diseinua adosten jarraitzen dute.
Hala ere, eskaera nagusiak zeintzuk izango diren argi daukate: Confebask eta CEN patronalei galdegingo diete soldaten erosahalmena bermatzeko, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, eta gutxieneko soldata propio baterako negoziazioa irekitzeko. Bide batez, «higiezin patronalei eta funts putreei eskatuko diegu etxebizitzarekin negoziorik ez egiteko, eta gurean ongi etorriak ez direla gogorarazi», jakinarazi du Aranburuk.
«Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari da, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere interpelatuko ditu greba orokorrak: «Batetik, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko eskumenak eskuratu eta, bien bitartean, patronala mahaian eser dadin presionatu dezaten. Eta bestetik, etxebizitza politika ausartagoak egin ditzaten». LABek uste du «egiturazko neurriak» behar direla, «etxebizitza larrialdiari erantzuteko»: besteak beste, alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartzea, etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa, funts putreak kanporatzea, eta parke publiko indartsua eratzea. Aranbururen hitzetan, «instituzio desberdinei dagokie neurri horiek hartzea, estatu mailatik maila lokaleraino».
Gainera, LABek uste du azaroaren 11ko greba orokorrak balio izango duela garai hauetako «oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko». Izan ere, aukera asko daude PPk eta Voxek gobernua eratzeko, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean. «Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaren aurpegi gordina da etxebizitzarekin gertatzen ari da, eta hori langileen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren arteko talkaren erakusle da. Langileen bizi baldintza duinen eta politika birbanatzaileen alde borrokatzea da eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiteko bidea», azpimarratu du sindikatuko buruak.
Eskaera argia EAJri, Madrilen
Madrilen «jokatzen» ari den «partidari» dagokionez, LABek gogorarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen gobernuak eskubide batzuk eskuratzea ekarriko luketen bi dekretu aurkeztu zituela Espainiako Kongresuan, «kaleko presio sozialak eraginda». Sindikatuarentzat «neurriok ez dira nahikoa, adabakiak dira», baina argi du, larrialdi egoeran, «maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak» beharrezkoak direla.
«Alokairu mugagabea ezartzeko dekretuaren kontra eginez, kapitalarekin lerrokatu zen EAJ ere», gaitzetsi du Aranburuk. Hala ere, etxebizitza dekretuak aurrera ateratzeko aukerak zabalik jarraitzen du. Azaroaren 10ean bozkatuko dira berriro ere Batzorde Iraunkorrean, eta EAJri eskaera argia egin dio LABek: bi dekretuen alde bozkatu dezala.

Bide batez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esandakoei erantzun die Aranburuk. Hark «politikotzat» jo du azaroaren 11rako deitutako greba orokorra: «Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurkako greba bihurtu da, baina ez dirudi udal batzuen aurka doanik, eta agian bai beste batzuen aurka», gehitu du. Aranburuk, baina, zera erantzun dio: «Greba guztiak politikoak dira, politika publikoak aldatzeko borrokatzen dugulako, langileen pobretzearen kontra eta, kasu honetan, errentismoaren kontra. Eusko Jaurlaritzat eta Nafarroako Gobernuak eskumen handian dituzte, bestelako etxebizitza politika batzuk egin ahal izateko eta patronalei interpelatzeko, soldaten hobekuntza bat egon dadin».