Euskarazko zinemari eskainitako zinema jaialdirik zaharrena da Lekeitioko Euskal Zine Bilera (Bizkaia), eta datorren urtean beteko du mende erdia. Eta, hain justu, ibilbide oparo horren azken muturtxoari heldu dio Gentzane Agirre jaialdiko sail ofizialaren arduradunak, festibalak gaur egun duen osasun onaren berri emateko. Dioenez, azken hiru urteetan gora baino ez baitu egin jaialdian lehiatzera aurkezten diren lanen kopuruak, eta, aurten, gainera, ia bikoiztu egin da aurreko urteetan jasotako hautagai kopurua. «Oso zaila izan da sail ofiziala osatu duten hogei lanak aukeratzea», aitortu du; «beste urte batzuetan barruan egongo ziren hainbat film kanpoan uztera behartu gaitu horrek». Bada, indar horrekin emango dio hasiera festibalak 49. aldiari. Urriaren 14tik 18ra euskarazko zinemaren bihotz bilakatuko da Lekeitio (Bizkaia). Sail ofizialeko emanaldiez gainera, hainbat solasaldi, proiekzio berezi, tailer eta topaketa ere antolatu dituzte, eta Jose Ramon Soroiz aktoreari emango diote Euskal Zinearen Begirada Saria.
Jaialdiaren webgunean topa daiteke programa osoa: www.zinebilera.eus.
Dena esanda dagoela dioen esaera ezaguna iraultzea erabaki dute Zine Bilerakoek, eta horregatik hautatu dute aurten Dena dugu kontatzeko esaldia lelotzat. Mende erdia bete ostean ere, aurrera egiten jarraitzeko asmoz direla adierazi nahi izan dute horrekin. «Nondik gatozen ahaztu gabe, baina eraldaketa prozesuan ari gara», aitortu du Agirrek, eta, zehaztu duenez, jaialdiaren barne egitura da eraldatzen ari diren elementu horietako bat. Lantalde «saretuago» baterantz doazela azaldu du, adibidez, eta jaialdia herrian sakonago errotzeko asmoa ere badutela esan du. Horretan dabiltza jadanik.
«Beste urte batzuetan sail ofizialean egongo ziren hainbat film kanpoan uztera behartu gaitu aurten jasotako hautagaitza kopuruak»
GENTZANE AGIRRE Zine Bilera jaialdiko kidea
Bihar hasiko da aurtengo jaialdia, Ikasle Goizarekin. Gazteentzako zenbait saio izango dira goizean, eta Kultur Etxean egingo dute lehen proiekzioa, 18:00etan. Ondarroako emakume helduen ahotsak eta esperientziak oinarri dituen film bat emango dute zehazki, Zahartzaro feministarantz. Boga-boga, eta ostegunean, ostiralean eta larunbatean egingo dituzte sail ofizialeko proiekzioak.
Guztira, ordu erditik beherako euskarazko hogei film izango dira lehian, eta, aurrez, beste jaialdi nabarmen batzuetan aurkeztutako lanak dira haietako batzuk. Esate baterako, Bilboko Fant jaialdian proiektatu zuten Igor Garcia Piñasen Zezena eta umea, Donostiako Zinemaldiko Kimuak sailean eman zuten aurrenekoz Ekaitz Bertiz zuzendariaren Joare tte, eta Josu Martinez zinemagileak, berriz, Loraldia jaialdian estreinatu zuen Potasio filma, Jon Alonsoren testu batean oinarritua. Zenbait sari izango dituzte guztiek jokoan. Filmik onenarenak, esaterako, 3.000 euroko ordaina izango du, eta zuzendaritzarik onenarenak eta gidoirik onenarenak, 1.600 eurokoa. Gidoirik onenaren saria jasotzen duenak ere kopuru horixe jasoko du. Irati Gorostidi Agirretxe zinemagileak, Aimar Arriola arte komisarioak eta Edurne Azkarate antzerkigile eta aktoreak osatuko dute epaimahaia hiru sari horietan.
Baina badira jaialdia herritarrengana zabaltzeko asmoz sortutako beste sari batzuk ere. EITB ikusleen sariak 750 euroko ordaina izango du, esaterako, eta filmak ikusten izan direnek hautatuko dute. Horrez gainera, adinekoek osatutako epaimahaiak esperientziaren epaimahaiaren saria emango du (1.000 eurokoa), eta gazteek osatutako epaimahaiak hautatuko du Benito Ansola saria (500€).
Larunbat iluntzean jakinaraziko dute nor diren saritu guztiak, eta, gero, urriaren 18an eta 19an, lan guztiak jarriko dituzte ikusgai jaialdiaren webgunean.
Garaikur berria ere izango du jaialdiak hurrengo hiru urteetarako. Oier Iruretagoiena artista plastiko eta soinu ekoizle errenteriarrak diseinatu du hemendik aurrera sarituek jasoko duten ikurra, eta, antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru elementu uztartzen ditu irudiak: antzara, euskara eta zinema. Izan ere, antolatzaileen hitzetan, ahotik zinema proiektatzen duen antzara bat irudikatzen du ikurrak.
Lehiaz kanpoko zenbait proiekzio ere antolatu dituzte, dena den. Ostegunean, esaterako, bi film emango dituzte. Serie hiltzailea izango da haietako bat, Azkue Ikastolako DBH3 gelako ikasleek sortutakoa, eta Ispilua zeharkatuz izeneko filma izango da bestea, Ainhoa Alberdi Gisasola zinemagileak zuzendutakoa. Baina, horiez gainera, Hazparnen (Lapurdi) egiten den Zinegin jaialditik pasatutako bi film emango dituzte, lehiaz kanpo, Lekeition. Nicolas Huren Muskuilu pasatuko dute ostiralean, eta Loic Espucheren Puah! larunbatean. Eta, azkenik, igandean Irati Gorostidiren Aro Berria ez ezik, Xabi Villalba Badiola zinemagilearen Antzarra Zerumugan dokumental luzea ere emango dute. Horiek guztiak, lehiaketatik kanpo.
Soroiz eta artxiboa
Euskarazko zinema zaleei eskainitako topagune bat eskaintzea da jaialdiaren antolatzaileen beste helburuetako bat, eta, Agirrek azaldu duenez, asteburua izan ohi da horretarako sasoirik egokiena. Lehiaketan parte hartzen duten zinemagileentzako bilkura informalak ere antolatzen dituzte horretarako. «Euren arteko harreman horiek ere sustatu nahi ditugu horrela».
Euskal Zinearen Begirada saria ere banatzen du urtero Zine Bilerak. Euskal zineman eta ikus-entzunezkoetan egindako lana aitortu nahi izaten dute garaikur horrekin, eta aurten Jose Ramon Soroiz aktorearen ibilbidea nabarmendu nahi izan dute. Aktoreak 1970eko hamarkadatik hasi eta gaur arteraino egin duen «ekarpen zabal, iraunkor eta belaunaldi artekoaren aitortza» egin nahi izan diote zehazki, eta omenaldia ere antolatu diote, horretarako, larunbaterako. Iranzun Mentxaka eta Iratxe Urkiagak aurkeztuko dute ekitaldia, eta Maite Larbururen zuzeneko musika ere izango da.
Bestalde, Atzo 8 izeneko proiektua ere aurkeztuko dute aurtengo jaialdian. Herriko zinema analogikoaren ondarea bildu, zaindu eta ezagutarazteko kontsulta libreko artxibo digital bat izango da, funtsean, eta igandean aurkeztuko dute.
LEHIATUKO DIREN LANAK