Udako oporrak amaituta, Bizkaiko metalgintza arloko lan ituna berritzeko bilera egin dute gaur, Bilbon. Baina ez da bilera arrunta izan. Izan ere, ELAk iragarria zuen euskara hutsez arituko zela, eta kexu agertu zen LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez zuelako itzulpen zerbitzurik bermatu. Azkenean, hondar asteetako susmoak baieztatu dira, eta LHKk ez du itzulpen zerbitzurik jarri Bilboko bere egoitzan egindako bileran.
Hala ere, batzarrean egon da itzulpen zerbitzurik: ELAk «baliabide teknikoak» eta sindikatuko kide den itzultzaile bat eraman ditu bilerara, «parte hartzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko». Hortaz, bileran zeuden erdaldun elebakarrek aukera izan dute ELAko ordezkariek zer zioten ulertzeko. LABeko ordezkariak ere euskaraz aritu dira, eta haiek egin dute azaldutakoaren itzulpena. Bileran parte hartu duten gainerakoek gaztelania hutsez jardun dute.
ELAk jarritako baliabideen bidez bermatu dute erdaldun elebakarrek euskarazko azalpenak ulertu ahal izatea, baina denek ez dute aukera hori baliatu nahi izan. Sindikatuak salatu duenez, FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak uko egin dio itzulpen zerbitzua erabiltzeari, eta, beraz, elkarte horretako zenbait ordezkari euskarazko azalpenak ulertu barik lotu dira.
«Oso larria»
ELAk salatu du LHKk negoziatzaileen esku utzi duela hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura, eta uste du «oso larria» dela erakunde publiko batek horrela jokatzea. Edonola ere, kontseiluak iragarri du itzulpen zerbitzua ezarriko duela, horretarako eperik zehaztu ez duen arren. ELAk erabakia txalotu du, baina nabarmendu adierazpen hori eginda LHKk onartu egin duela negoziatzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura.
ELAk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko batzuek badutela aldibereko itzulpen zerbitzua. Haren iritziz, posible zen horietakoren bat behin-behinean erabiltzea eta, horrela, negoziatzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea aferari behin betiko konponbidea bilatu bitartean.
LABek ere «euskararen defentsa irmoa» egin du bileran, «LABentzat ez baita berria euskaraz lan egiteko, bizitzeko eta negoziatzeko eskubidea aldarrikatu eta horren alde borrokatzea».
LABek iragarri du aurrerantzean ere euskara lehenetsiko duela negoziazio guztietan: «Ezinbestekoa da lan munduan euskara normalizatzea eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzea. Eta ezinbestekoa da negoziazio mahaietan euskaraz aritu ahal izatea ere, horretarako behar diren bitartekoak lehenbailehen jarrita, epe eta neurri zehatzekin». LABek emandako datuen arabera, beste 47 hitzarmen negoziatzen ari dira orain, eta mahai guztietan «euskaraz aritzeko eskubidea bermatzearen» alde agertu da.
NEGOZIAZIOA, BLOKEATUTA
Euskararen inguruko auzia gorabehera, Bizkaiko metalgintzako lan ituna negoziatzeko mahaiak ez du berritasun handirik ekarri, eta prozesua blokeatuta dago oraindik ere. FVEM patronalaren jarrera dago blokeo horren atzean: elkarteak nahi du sindikatu guztiek plataforma bakar bat osa dezatela eta eskakizunak elkarrekin ados ditzatela, eta, hori egin ezean, uko egingo dio negoziatzeari.
LABek salatu du patronalak «inposatu» egin nahi duela sindikatuek beren burua nola antolatu behar duten: «Aniztasun sindikala ez da anomalia bat, ezta negoziatzen hasi aurretik konpondu beharreko arazo bat ere». Azaldu duenez, zuzenean galdetu dio FVEMi zer egiteko prest dagoen langileen erosteko ahalmena bermatzeko, eta ez du erantzunik jaso. Horregatik, pentsatzen du sindikatuek prestatzen hasi behar dutela «sektorea antolatzeko eta aktibatzeko».
Antzera mintzatu da CCOO, eta, FVEMen «blokeoa» salatzeaz gain, erantsi du patronalak ez duela negoziatuko «normaltasun giro batean». Horregatik, datozen egunetan batzarrak egingo ditu lantokietan, zehazteko hemendik aurrera zer urrats egin.
UGTk azaldu du «hilabeteak» eman dituela «ahalegin guztiak egiten» plataforma bateratu hori osatzeko, baina «ezinezkoa» izan dela. Eta uste du euskararen auzia dela sindikatuen arteko desadostasunen iturburua; zehazki, euskara planak ezartzeko egokitasuna. UGTk esan duenez, euskara planak ezartzearen eta «lantokietan euskararen erabilera sustatzearen» alde dago, baina uste du horrek ezin duela «lanerako eskubidea urratu, kontratazioak mugatuz edo barne sustapenerako ezinbesteko baldintza bihurtuz».
Edonola ere, UGTk erantsi du hori ezin dela «aitzakia» bilakatu negoziazioa blokeatzeko, eta dei egin dio patronalari «oztoporik» jar ez dezan. Gainerako sindikatuei ere egin die deia: «Bizkaian milaka pertsonak espero dute hitzarmen hori, eta gai garrantzitsuak daude jokoan, hala nola bizitzaren kostuaren igoerak konpentsatzeko soldata eguneratzeak».
FVEMk, berriz, eutsi egin dio bere jarrerari: «Negoziatzearen aldekoak gara, baina ezinezkoa da negoziatzea lau proposamen desberdin aurkezten badira». Aitortu du blokeoa «luzatzen» ari dela, eta berriro ere dei egin die sindikatuei plataforma bakarra eta bateratua aurkez dezaten: «Bileran ikusitakoaren arabera, ez du ematen auzi hori laster konponduko denik».