Udako oporrak amaituta, Bizkaiko metalgintza arloko lan ituna berritzeko bilera egin dute gaur, Bilbon. Bilerak arreta gune nagusi bat izan du: izan ere, ELAk iragarria zuen euskara hutsez arituko zela bilera horretan, eta kexu agertu zen LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez zuelako itzulpen zerbitzurik bermatu. Horregatik, ikusmin handia zegoen, bileran zer gertatuko ote zen. ELAk jakinarazi duenez, azken asteetako susmoak baieztatu dira eta LHKk ez du itzulpen zerbitzurik jarri, haren Bilboko egoitzan egindako bileran.
Hala ere, batzarrean egon da itzulpen zerbitzurik: ELAk «baliabide teknikoak» eta sindikatuko kide den itzultzaile bat eraman ditu bilerara, «parte hartzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko». Hortaz, bileran zeuden erdaldun elebakarrek aukera izan dute ELAko ordezkariek esandakoak ulertzeko. LABeko ordezkariak ere euskaraz aritu dira, eta eurek egin dute azaldutakoaren itzulpena. Bileran parte hartu duten gainerakoek gaztelania hutsez jardun dute.
ELAk jarritako baliabideek bermatu egin dute erdaldun elebakarrek euskarazko azalpenak ulertu ahal izatea, baina denek ez dute aukera hori baliatu nahi izan. Sindikatuak salatu duenez, FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak uko egin dio itzulpen zerbitzua erabiltzeari, eta, beraz, elkarte horretako zenbait ordezkari euskarazko azalpenak ulertu barik lotu dira.
«Oso larria»
ELAk salatu du LHKk negoziatzaileen esku utzi duela hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura, eta uste du «oso larria» dela erakunde publiko batek horrela jokatzea. Edonola ere, kontseiluak iragarri du itzulpen zerbitzua ezarriko duela, horretarako eperik jarri ez duen arren. Erabakia txalotu du ELAk, baina nabarmendu du adierazpen horrekin LHK onartzen ari dela negoziatzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko daukan ardura.
ELAk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko batzuek badutela aldibereko itzulpen zerbitzua. Haren iritziz, posible zen horietakoren bat behin-behinean erabiltzea eta, horrela, negoziatzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea, aferari behin betiko konponbidea bilatu bitartean.
NEGOZIAZIOA, BLOKEATUTA
Euskararen inguruko auzia gorabehera, Bizkaiko metalgintzako lan ituna negoziatzeko mahaiak ez du berritasun handirik ekarri, eta prozesuak «blokeatuta» jarraitzen du, UGT sindikatuak salatu duenez. FVEM patronalaren jarrera dago blokeo horren atzean: elkarteak nahi du sindikatu guztiek plataforma bakar bat osa dezatela, haien artean adosturiko eskakizunekin, eta hori egin ezean, uko egiten dio negoziatzeari.
UGTk azaldu du «hilabeteak» eman dituela «ahalegin guztiak egiten» plataforma bateratu hori lortzeko, baina «ezinezkoa» izan dela. Eta sindikatuen arteko desadostasunen iturburuan, berriro ere, euskararen auzia dago; zehazki, euskara planak ezartzeko egokitasuna. UGTk esan duenez, euskara planak ezartzearen eta «lantokietan euskararen erabilera sustatzearen» alde dago, baina uste du horrek ezin duela «lanerako eskubidea urratu, kontratazioak mugatuz edo barne sustapenerako ezinbesteko baldintza bihurtuz».
Edonola ere, UGTk erantsi du hori ezin dela «aitzakia» bilakatu negoziazioa blokeatzeko, eta dei egin dio patronalari «oztoporik» jar ez dezan. Gainerako sindikatuei ere egin die deia: «Bizkaian milaka pertsonak espero dute hitzarmen hori, eta gai garrantzitsuak daude jokoan, hala nola, bizitzaren kostuaren igoerak konpentsatzeko soldata eguneratzeak».