Muruetako ontziolak orain arteko eremuaren %8 baino ezingo du erabili

Ontziolak 42.000 metro koadro dauka okupatuta guztira. Kosta Zuzendaritzak 3.200 erabiltzeko baimena eman dio 30 urterako, baina 300.000 euroko kanona ordaindu beharko du urtean. Enpresak ez du frogatu gainontzeko eremua ere berea denik.

Muruetako ontziola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Muruetako ontziola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 29a
06:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muruetako ontziolak 42.000 metro koadroko eremua erabiltzen du Urdaibaiko biosfera erreserbaren bihotzean. Espainiako Kosta Zuzendaritzak 30 urtean horren %8 inguru erabiltzen jarraitzeko baimena eman dio: 3.200 metro koadro. Kosta Zuzendaritzaren arabera, enpresak ez du lortu frogatzea gainontzeko metro koadroak bereak direnik eta legeztatuak dituenik. Gainera, erabilera kanon bat ere ezarri dio: 297.300 euro ordaindu beharko ditu urtean, lur horiek jabari publikokoak direlako 2004an egindako mugarritzetik. 2005ean ontziolak helegitea ipini zion mugarritze hari, eta orain ailegatu da Kosta Zuzendaritzaren ebazpena, 21 urte pasatu diren honetan.

Bilboko Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko azken saioaren ondorioz, auzitan ipini da ontziola batek biosfera erreserba baten egon behar duen. «Guk ez dugu inoiz ontziolaren aurkako ekintzarik egin. Guk prozesu bat abiatu genuen, baina ez ontziola zarratzea gura genuelako, baizik eta ez genuelako gura Guggenheim han jartzerik», azaldu du Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak. Baina zentzu horretan egin dituzten ekintza guztiak etenda egon dira, Kosta Zuzendaritzak ebazpen hau egin arte.

Plataformak prozedura bi sustatu ditu azkenaldian zuzendaritzaren aurrean. Batetik, indarrean dagoen mugarritzea berrikusteko eskatu dute, ontziolak okupatuta dauzkan eta marea goraldietan urpean gera daitezkeen lur guztiei izaera publikoa aitortzeko. Bestetik, inolako titulu juridikorik gabe okupatutako itsas-lehorreko jabari publikoa lehengoratzea gura dute, haien ezaugarri fisikoak eta jatorrizko elementu naturalak berreskuratuta. Gotxik nabarmendu du orain Kosta Zuzendaritzak eskaera bi horiei erantzuteko aukera izango duela.

«2005etik 21 urte pasatu dira, eta, 30 urtez erabiltzeko baimena orain arte eman barik egon arren, urteotan ontziolak erabili egin du, eta gura duguna da 21 urte horiek 30 urteei kentzea»

EIDER GOTXI Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Hala ere, lehenago plataformak azken ebazpen horri ere errekurtsoa jartzeko asmo du: «2005etik 21 urte pasatu dira, eta 30 urtez erabiltzeko baimena orain arte eman barik egon arren, urteotan ontziolak erabili egin du, eta gura duguna da 21 urte horiek 30 urteei kentzea». Izan ere, ebazpenaren arabera, 30 urteak orain hasiko dira kontatzen, erabakia hartu den unean. Baina plataformakoei bidezkoena iruditzen zaie ontziolak soilik beste bederatzi urterako baimena izatea. Haien helburua da ahalik eta azkarren utz dezala Muruetan duen jarduna. Gainera, iruditzen zaie urteko 297.300 euroko kanona lur horiek erabili dituen 21 urteongatik ere ordaindu beharko lukeela enpresak, eta hori ere eskatuko diote Kosta Zuzendaritzari.

Gotxik kontatu duenez, enpresak Erandion egiten du jardunaren parte garrantzitsuena. Muruetan, sorlekuan, kroskoa egiten dute, eta gero Erandiora eroaten dituzte han hornitzeko. «Hemen lehenengo lanak baino ez dira egiten. 33 bat langile ibiltzen dira, denak autonomoak, eta behar dituztenean deitzen dituzte. Hori Erandion ere egin dezakete». Plataformako kideak EAJk enpresarekiko izan duen jarrera aldaketa nabarmendu du. Kontatu du museoaren proiektuarekin hasi zirenean Muruetako alkate Julen Karrion jarduna Erandiora eroatearen alde agertu zela, eta esan zuela Muruetako beharginen enplegua bermatuta egongo zela Erandion. «Orain esaten digu ontziola zaindu egin behar dela», gaineratu du.   

Pasabiderik ere ez

Plataformako kidearen arabera, Kosta Zuzendaritzaren ebazpenak inguruko beste proiektu batzuetan ere eragina izango du. Berbarako, erakunde publikoek eraiki gura duten palafito edo padura gaineko pasabidearengan. 40 jabetik gora dituzte egitura hori eraiki gura izan ziren lurrek. Baina horiek ere ontziolaren egoera berean daude, Gotxik kontatu duenez: 2004ko mugarritzean itsas-lehorreko jabari publiko izaera eman zieten. «Nahiz eta lur horien jabetza tituluak eduki, esan zieten Espainiako Gobernuaren kudeaketapean geratzen zirela. Hala ere, erabilera baimena eman zieten».

2024an, Eusko Jaurlaritzak palafitoa egiteko baimena eskatu zuen, eta Espainiako Gobernuak eman egin zion, baina, Gotxik kontatu duenez, plataforma jabeetako batzuekin elkartu zen eta jabeek Jaurlaritzari esan zioten ezetz, lur horiek erabiltzeko baimena eurena zela, eta Jaurlaritzak ezin zuela han palafitorik eraiki. Ondorioz, proiektua bertan behera geratu zen. Orain, Kosta Zuzendaritzaren ebazpenaren ondorioz, jabe horiek ere ontziolak lortu duen 30 urterako erabilera baimena izan beharko lukete. Kasu honetan ez lukete kanonik ordaindu beharko, nekazaritzarako erabiltzen dituztelako eta ez negozioa egiteko. Beraz, plataformako kidearen esanetan, inguru horretan ezingo da ezer eraiki aurrerantzean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA