ONA Bizkaia enpresa eratu dute, Muskizko findegian zenbait gas ekoizteko

Petronor, Linde eta 360 Gases konpainiek enpresa aliantza bat eratu dute, eta 30 milioi euroren inbertsioa egin. Oxigenoa, nitrogenoa eta argona ekoitziko dituzte, findegirako eta beste enpresetako industria prozesuetarako.

Petronorreko, Lindeko eta 360 Gaseseko buruzagiak gaur ONA Bizkaiaren eraketaren berri ematen. PETRONOR
Petronorreko, Lindeko eta 360 Gaseseko buruzagiak gaur ONA Bizkaiaren eraketaren berri ematen. PETRONOR
Irune Lasa.
2026ko azaroaren 3a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iturri berriztagarrietako energia erabiliz, konpainia berri batek euskal industriarentzako funtsezkoak diren hiru gas —oxigenoa, nitrogenoa eta argona— ekoitziko ditu Bizkaian bertan. Hiru gasen lehen hizkiak hartu dituzte enpresa berriari izena jartzeko: ONA Bizkaia.

Enpresa aliantza bat osatu dute Petronorrek, Lindek, eta 360 Gases enpresak, eta proiekturako 30 milioi inbertituko dituzte. Hiru konpainiek partaidetza bera izango dute gaur osatu duten enpresa aliantzan.

Gasak ekoizteko lantegi berria Petronorren Muskizko findegian kokatuko da. 2027ko lehen seihilekoan hasiko dira hura eraikitzen, eta 2029rako nahi dute fabrika erabat erabilgarri izan. Aurreikusi dute bi urte horietan 60 bat pertsona ariko direla eraikuntza lanetan.

Eta espero dute behin proiektua martxan denean lantegiaren inguruan zuzeneko hamabi enplegu sortuko direla «eta gutxienez beste horrenbeste zeharkako lanpostu».

Airea bereiziz

Hiru gasak ekoizteko airea bereizten duen prozedura erabiliko dute ONA Bizkaiaren lantegi horretan, Linde konpainia britainiarrak gasen sektorean duen lidergoa eta teknologia horretan duen jakintza handia baliatuz.

360 Gases euskal konpainiak ere izango du parte lan horretan. Zierbenako enpresak industriarako, sendagaietarako eta elikadurarako gasak fabrikatzen eta eraldatzen ditu, eta baita banatu ere. Bizkaikoaz gain, badu beste ekoizpen instalazio bat Coruñan (Galizia). Konpainiaren buruzagien arabera, proiektu berri hau «garrantzi handiko urrats estrategikoa da», aukera emango baitie lehen mailako industria azpiegitura baten garapenean parte hartzeko.

ONA Bizkaiaren asmoa, haren eratzaileen esanetan, euskal industriarentzat funtsezkoak diren gasen horniduraren autonomia eta segurtasuna indartzea da. Eta deskarbonizazio prozesuan ere egin dezake ekarpena. «Gasak ekoizteko, iturri berriztagarrietako energia erabiliko da, eta, beraz, ekoitzitako gasei lotutako karbono aztarna ezabatu eta hornidura jasangarriagoa eta lehiakorragoa eskaini ahal izango zaio euskal industria sare osoari».

Petronor izango da, hala ere, ONA Bizkaian ekoitziko diren gasen erabiltzaile nagusia, oxigenoa, nitrogenoa eta argona baliagarriak dituela, besteak beste, findegiko prozesuak optimizatzeko, ingurumen arauak betetzeko, eta segurtasuna hobetzeko.

PETRONOR
Petronorren findegia Muskizen, Bizkaian. BERRIA

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilari ordezkariak nabarmendu du ONA Bizkaian batu egin direla enpresa bakoitzaren gaitasun osagarriak. «Lindek proiektu handietan duen nazioarteko esperientzia, 360 Gasesek merkatuari buruz duen ezagutza eta Petronorren industria gaitasunak oinarri hartuta, ONA Bizkaia gai izango da funtsezko egitasmo berriak garatzeko».

Espainiako Linde Gas enpresako zuzendari Baltasar Palancak, berriz, etorkizunera begirako industria proiektuak garatzeko Bizkaiak dituen baldintzak goraipatu ditu, «industria sare sendoa eta berrikuntzaren aldeko ingurunea baititu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA