Iturri berriztagarrietako energia erabiliz, konpainia berri batek euskal industriarentzako funtsezkoak diren hiru gas —oxigenoa, nitrogenoa eta argona— ekoitziko ditu Bizkaian bertan. Hiru gasen lehen hizkiak hartu dituzte enpresa berriari izena jartzeko: ONA Bizkaia.
30 milioiren inbertsioa hartuko duen proiekturako enpresa bateratua osatu dute Petronorrek, Lindek, eta 360 Gasek. Hiru konpainiek izango dute partaidetza bera gaur osatu den aliantzan.
Gasak ekoizteko lantegi berria Petronorren Muskizko findegian kokatuko da. 2027ko lehen seihilekoan hasiko dira hura eraikitzen, eta 2029rako nahi dute fabrika erabat erabilgarri izan. Bi urte horietan, eraikuntza lanetan 60 bat pertsona ariko direla aurreikusi dute.
Eta behin proiektua martxan denean espero dute zuzeneko hamabi enplegu sortuko direla lantegiaren inguruan, «eta gutxienez beste horrenbeste zeharkako lanpostu».
Airea bereiziz
Hiru gasak ekoizteko airea bereizten duen prozedura erabiliko dute ONA Bizkaiaren lantegi horretan, Linde konpainia britainiarrak gasen sektorean duen lidergoa eta teknologia horretan duen jakintza handia baliatuz.
360 Gases euskal konpainiak ere izango du parte lan horretan. Zierbenako enpresak industriarako, sendagaietarako eta elikadurarako gasak fabrikatzen eta eraldatzen ditu, eta baita banatu ere. Bizkaikoaz gain, badu beste ekoizpen instalazio bat Coruñan (Galizia). Konpainiaren buruzagien arabera, proiektu berri hau «garrantzia handiko urrats estrategikoa da», aukera emango baitie lehen mailako industria azpiegitura baten garapenean parte hartzeko.
ONA Bizkaiaren asmoa, haren eratzaileen esanetan, euskal industriarentzat funtsezkoak diren gasen horniduraren autonomia eta segurtasuna indartzea da. Eta egin dezake ekarpena deskarbonizaziorako ere. «Gasak ekoizteko, iturri berriztagarrietako energia erabiliko da, eta, beraz, ekoitzitako gasei lotutako karbono aztarna ezabatu eta hornidura jasangarriagoa eta lehiakorragoa eskaini ahal izango zaio euskal industria sare osoari».
Petronor izango da, hala ere, ONA Bizkaian ekoitziko diren gasen erabiltzaile handiena, oxigenoa, nitrogenoa eta argona baliagarriak dituela, besteak beste, findegiko prozesuak optimizatzeko, ingurumen arauak betetzeko, eta segurtasuna hobetzeko.

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilari ordezkariak ONA Bizkaian enpresa bakoitzaren gaitasun osagarria batu direla azpimarratu du. «Lindek proiektu handietan duen nazioarteko esperientzia, 360 Gasesek merkatuari buruz duen ezagutza eta Petronorren industria gaitasunak oinarri hartuta, ONA Bizkaiak funtsezko ekimen berriak garatzeko gaitasuna izango du».
Linde Gas Españako zuzendari Baltasar Palancak, berriz, etorkizunera begirako industria proiektuak garatzeko Bizkaiak dituen baldintzak goraipatu ditu, «industria sare sendoa eta berrikuntzaren aldeko ingurunea baititu».