Euskal herritar musulmanen bizipenez mintzatu ziren mahai inguru batean asteartean, Bilbon. Hainbat alorretako 80 lagunek hartu zuten parte jardunaldietan, eta haietako bat izan zen Ismael Ahmed Salem, saharar jatorriko euskal herritarra. Bada, Euskal Herrian Mendebaldeko Saharak duen ordezkaritzak gaur adierazi du jardunaldiaren ostean zenbaitek jipoitu egin zutela. Horrez gain, hitzezko bortxa ere jasan zuela salatu du Salemek, eta «gora erregea!» oihukatzera behartu zutela; Marokoko Mohamed VI.a erregeari erreferentzia eginez.
Saharar ordezkaritzak zabaldu duen oharraren arabera, Salemek salaketa jarri du Ertzaintzan. Antza, batzuek metalezko botilekin jo zuten, baita ukabilaz ere, eta jotzeari uzteko baldintza gisa jarri zioten «gora erregea!» oihukatzea. Ordezkaritzak uste du «indarkeriazko, larderiazko eta umilaziozko ekintza bat» izan zela, «haren osotasun fisikoa ez ezik, duintasuna, nortasuna eta adierazpen askatasuna» ere urratu zituztelako.
Ordezkaritzak azaldu du Salem «egonkor» dagoela, nahiz eta tarte larriak igaro: «Aurrerantzean ere ahotsa altxatuko du bere herriaren alde eta askatasunaren eta autodeterminazioaren aldeko borroka zilegiaren alde».
Motibazio politikoa
Oharrean azaldu dutenez, herenegun jazotakoa ez da indarkeria ekintza soila: gertatutakoak badu «larderia politikoaren kutsu kezkagarria». Izan ere, uste dute Salemen nortasunagatik eta Mendebaldeko Saharako kausarekin duen konpromisoagatik egin zutela eraso hori.
Hori dela eta, Mendebaldeko Sahararen ordezkaritzak eskatu du gertatutakoa sakon ikertzeko, batez ere ebazteko atzean motibazio politikorik badagoen ala ez. Salemi babesa adierazi dio elkarteak, eta esan Euskal Herriko saharar komunitateak segurtasun bermeak behar dituela. Azkenik, gertatutakoa gaitzesteko eskatu die Euskal Herriko erakundeei eta eragile sozialei.