Joan den astean, Bizkaiko Foru Aldundiak bulego bat ireki zuen Leioan, Artatza parkearen ondoko eraikin batean, Bilboko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten autobiaren inguruan informazioa emateko. Inguruko hainbat bizilagun eta Artaza-Romo institutuko familia ugari bertaratu dira egunotan azalpen eske, baina, Subflubialarik Ez plataformak salatu duenez, «ez dute inolako erantzunik jaso». Hortaz, protesta egin dute plataformako kideek, «informazio falta hori salatu eta obrak bertan behera utz ditzatela exijitzeko». Artatza parkeko obretako zenbait hesi hartuta, bulegorako sarbidea blokeatu du plataformak, eta azpiegituraren aurkako kartelak paratu.
Plataformak ohar batean esplikatu duenez, itsasadar azpiko autobidea eraikiz gero, «egunean 11.000 auto gehiago» ibiliko dira errepidean, eta areagotu eginen dira «kutsadura eta klima larrialdia». Horrez gain, uste dute proiektuak Artatza parkea «suntsituko» duela: «Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea da, muturreko tenperaturen aurkako babesleku klimatiko naturala. Gainera, Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata suntsituko ditu azpiegiturak».
Plataformak oso kezkagarritzat jo du, bestalde, ibai azpiko autobidea eraikitzeko lanek Artaza-Romo institutuan eta inguruko ikastetxeetan izanen luketen eragina: «Etengabeko leherketak, zarata gorgarria, dardarizoak eta hauts esekia erabat bateraezinak dira ikasleen eta irakasleen osasunarekin eta ongizatearekin. Gainera, aldundiak erabaki du kalitate akustikoko helburuak bertan behera uztea obrak egin bitartean».
Hori dela eta, plataformak eskaera egin dio aldundiari: autobidean gastatu nahi dituen 500 milioi euroak inbertitu ditzala garraio publikoa indartzeko neurrietan.