Euskal herritar askok garunean iltzatuta izango dute uholderen bat. Bizkaian, esaterako, 1983. urtekoak memoria kolektiboaren parte dira; Zazpikaleetako taberna askotan, gertatutakoaren seinale, markak jarriak dituzte paretetan, ikusarazteko noraino iristen zen ura egun horretan. Donostiako Txomiñenea auzoan, adibidez, 2011n Urumea ibaiak gainezka egin zuen, ibilgua gizakiak moldatu baitzuen aspaldi inguru hartan, eta urak auzoa hartu zuen. Nafarroako ibai batzuetan ere askotan ikusi ditugu albistegietako berriemaileak uholdeen berri ematen; 2021ean, adibidez; bi pertsona hil ziren ordu hartan.
Ikusi gehiago
Eurira ohituta dagoen herria da Euskal Herria, baina uholdeek garbi uzten dute naturak nahikoa indarra baduela nahi duenean gizakiak hartu dion lekua berreskuratzeko. Eta urak handituta datozenean, leku askotan argi ikusi da azpiegiturak eta hirigintza ez daudela prest uholdeei eta horien ondorioz sortutako arazoei aurre egiteko. Gainera, klima larrialdia dela eta, gero eta maizago gertatzen ari dira halakoak, eta, itsasoaren maila ere igotzen bada, arazoa are handiago bihur liteke. Estepona ibaia itsasoratzen den lekua horren adibidea da.
Bakion (Bizkaia) itsasoratzen da Estepona ibaia, eta Euskal Herriko itsasadar askotan gertatzen den moduan, ibaiaren emariaren eta mareen araberakoa izan ohi da ibaiaren maila. Bada, itsasadarra oso kanalizatuta zegoen, antropizatua, eta ibaiak askotan gainezka egiten zuen. Ingurumen alorrean, gainera, eremua oso degradatua zegoen. Hori dela eta, Life IP Urban Klima 2050 programaren barnean, itsasadarreko ibilguaren ia kilometro batean aldaketa handiak egiten ari dira, naturan oinarritutako konponbideekin lerrokatuta.
Meandroen lehengoratzea
Bi parte nagusitan esku hartu dute, eta nagusia ibaiaren behealdean egin dute, Bakioko parkean. Orain arte, ibaiaren gainean zegoen parkea, eta ibaiak gizakiak kanalizatutako ibilgua zuen. Bada, hori guztia bota dute, eta uholde parke bat sortu dute. Hau da, ibaiak gainezka egiten duenean, parke hori urez beteko da, baina ez du arazo berezirik sortuko, horretarako baitago prestatua. Hala azaldu zuen Adolfo Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Egokitzapen zuzendariak: «Uraldi bat iritsiko da, baina ez du axola, uholde parke bat delako». Horrez gain, ibaiertzetako landare espezieak ari dira jartzen, ingurumen aldetik eremua lehengoratzeko.
«Esku hartze batzuk hormigoizko egiturekin egin behar izan ditugu, bestela ezinezkoa baitzen. Gainontzekoan, bioingeniaritza lehenetsi dugu»
ANA HERRERIA Bakioko lanaren zuzendaria
Lanak egiten ari diren lekutik metro gutxira proiektuari buruzko azalpenak eman zituen Ana Herrerok, Bakioko lanaren zuzendariak. Labur azalduta, errekari leku handiagoa eman nahi izan diote, eta eremua birnaturalizatu. Hala ere, azaldu du zerbait ikusteko oraindik denbora beharko dela, paduretako prozesuek erritmo propioak dituztelako. Bi eremu nagusien artean zubi bat eta hotel bat daude, eta hor «oso leku gutxi» irabazi du errekak, ezinezkoa baitzen horra zabaltzea. Hala ere, hobekuntzak egin dituzte inguru horretan ere, hotelaren babes horma eraldatuz.
«Hormigoizko harresiak eta horren moduko elementu antropikoak kendu ditugu, baina esku hartze batzuk hormigoizko egiturekin egin behar izan ditugu, bestela ezinezkoa baitzen. Gainontzekoan, bioingeniaritza lehenetsi dugu», azaldu du. Arazo batzuk ere izan dituzte: argindar lineak mugitzeak zaildu egin die lana, espezie inbaditzaileak kendu orduko beste batzuk agertzen zitzaizkien, eta leku batean legez kanpoko hondakindegi zahar bat aurkitu zuten. Hala ere, arazoak arazo, gutxinaka aurrera atera dute proiektua, eta urte batzuk barru bakiotarrek beste parke bat izango dute, guztiz eraldatua, baita uholdeetan kudeaketa hobea egiteko modua emango duen eremu bat ere.