Klima egokitzapena, funtsezkoa lehiakortasuna bultzatzeko

Klima larrialdian azpiegiturak, hiriak eta ekonomiak egokitu behar direla nabarmendu dute foro batean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako proiektuak aurkeztu eta goratu dituzte.

Zarautzen egiten ari diren lana, asteazkenean. DANIEL FERNANDEZ PEREZ / IHOBE
Zarautzen egiten ari diren lana, asteazkenean. DANIEL FERNANDEZ PEREZ / IHOBE
inaut matauko rada
BILBO
2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko beste txoko batzuekin alderatuta, batek pentsa lezake Euskal Herriak ez dituela horrenbeste pairatzen klima aldaketaren inpaktuak. Eta hein batean egia da, badira-eta askoz zaurgarriagoak diren herrialdeak eta lurraldeak. Baina arazorik ez dagoela esatea errealitateari bizkarra emanda bizitzea izango litzateke. Duela hilabete pasatxo, esaterako, ekaitzak bat-batean hartu zuen Bilbo, eta uholdeak izan ziren batez ere Zazpikaleetan. 1983. urteko uholdeekin alderatuta, orain gertatutakoa ez zen horrenbestekoa izan, baina Adolfo Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Egokitzapen zuzendariak, azaldu du arazoa handiagoa izango dela etorkizunean, itsasoaren maila igotzeaz eta klima larrialdia areagotzeaz batera: «Bilboko itsasadarrean leku batzuk zentimetro gutxigatik libratzen dira uholdeetatik. Hori hamar edo hamabost urte barru ez da horrela izango».

Adierazpenok Bilboko Bizkaia aretoan egin zituen Uriartek asteartean, Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren Adapt Aktion foroan. Proiektuak iraun duen zazpi urteen balantzea egin zuten, eta klima aldaketarako egokitzapenaren etorkizuna marrazten ere hasi ziren. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin diren egokitzapen proiektu konkretuak azaldu zituzten foroan, baina egokitzapenaren afera bera ere aztertu zuten zenbait gonbidatuk.

Bruno Mola italiarra izan zen gonbidatu horietako bat; Europako Batzordearen Klima Ekintza Zuzendaritza Nagusiko hirien eta klima ekintza lokalen arduraduna da Mola, eta, lehenik eta behin, klima larrialdiaren bilakaeraren argazkia erakutsi zuen. Laburbilduz, arazoa areagotzen ari dela esplikatu zuen, Europan bereziki, mundua batez beste berotzen ari den bikoitza ari baita berotzen kontinente zaharra. Horregatik ari dira areagotzen bero boladak, eta itsasoak oso bero egoteak ere Mediterraneoko kostaldean ekaitz handiak areagotu dituela azaldu du; eta ez hori bakarrik, itsas espezieen banaketa geografikoa ere aldatzen ari baita.

«Hamar milioi eurorekin izugarrizko emaitzak lortu dira. EAEk erakutsi du Europako finantzaketa katalizatzaile izan daitekeela»

PALOMA ABA GARROTE Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboaren zuzendaria

Antzekoa azaldu zuen Paloma Aba Garrotek; Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboaren zuzendaria da, eta esplikatu du klima larrialdiaren inpaktuak jada ez direla urruneko arrisku bat, «herritarren eguneroko kontua» baizik.

Kalteak, areagotzen

Klima larrialdia areagotzen ari denez inpaktuak handitzen ari direla azaldu zuen Molak, eta era berean kalteak. «Urteroko galerak %80 handitu dira Europan azken hamabost urteetan», esan zuen, eta gogorarazi egokitzapenean eta erresilientzian egiten den inbertsio orok etorkizunean dirua aurrezteko balio duela: «Orain inbertitzen den euro bakoitzak etorkizunean zazpi eta hamaika euro artean aurreztea dakar».

Izan ere, esplikatu zuenez, klima aldaketarekin zerikusia duten inpaktuek ekonomiaren lehiakortasuna apaltzen dute. Esaterako, aurtengo udako bero boladek kalte handia egin diote produktibitateari, Molaren hitzetan. Aba Garrotek, gainera, esan zuen arrisku horiek elkarri lotuta daudela: «Arrisku klimatikoak ez dira banan-banan iristen, konektatuta daude; horregatik, gure erantzunak koordinatua izan behar du».

«Orain inbertitzen den euro bakoitzak etorkizunean zazpi eta hamaika euro artean aurreztea dakar»

BRUNO MOLA Europako Batzordearen Klima Ekintza Zuzendaritza Nagusiko hirien eta klima ekintza lokalen arduraduna

Inbertsioak erresilientzia hobetzen duela demostratzeko, azken hamarkadako bi energia krisi handiekin Europan zer gertatu den gogorarazi zuen Molak. 2022ko Ukrainaren inbasioaren eta AEBek eta Israelek 2026an Irani egindako erasoaren ostean, erregai fosilen eskaintza murriztu eta prezioak garestitu egin ziren, baina 2026an kalteak txikiagoak izan direla nabarmendu zuen Molak, energia berriztagarrien ekoizpena handiagoa delako.

Egokitzapenari dagokionez, Europako Batzordeko funtzionarioak uste du bi onura ekonomiko sortzen dituela inbertsio horrek: lehenik eta behin, esan bezala, produktibitatea apaltzea eragozten edo arintzen du, eta, bestalde, industria propio bat sortzen duela ere azaldu zuen. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok ere behin baino gehiagotan nabarmendu du hori: egokitzapenak ikerketa eta berrikuntza bultzatzen dituela. Lehiakortasunaz gain, egokitzapenak segurtasunarekin, ongizatearekin eta demokraziarekin lotura handia duela ere esan zuen Molak.

Azkenik, funtzionario italiarrak nabarmendu zuen klima aldaketa arintzeko orduan eskala globala oso garrantzitsua dela baina egokitzapenean eskala lokala funtsezkoa dela. Izan ere, leku bateko karbono isuriek mundu guztian dute eragina, baina klima aldaketaren ondoriozko hondamendiek lekuan-lekuan eragiten dute txikizioa. Hori bera nabarmendu zuen Aba Garrotek, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa «aitzindari» direla esan. Gainera, Urban Klima 2050 proiektua goratu zuen: «Hamar milioi eurorekin izugarrizko emaitzak lortu dira. Erakutsi du Europako finantzaketa katalizatzaile izan daitekeela».

Sei proiektu erakusle

Urban Klima 2050 finantzaketa proiektuko zenbait esku hartze erakutsi zituzten Bilbon, egokitzapen politiken emaitzak zeintzuk diren ikusteko. Adolfo Uriartek aurkeztu zituen proiektu batzuk. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat udalerritan egiten ari dira lan horiek, eta gehienek itsasoaren mailaren igoeraren eta ibaietako uholdeen arazoekin dute zerikusia; izan ere, hiru lurralde horietako klima arrisku handienetakoak dira uholdeak, bero boladekin batera.

Zarautzen (Gipuzkoa), esaterako, itsasoaren mailak jada arazo handiak sortzen ditu, hondartzatik oso gertu eraikin dezente baitaude, eta marea gora denean eta itsaso mugitua dagoenean, askotan eraikinetaraino iristen dira olatuak. Hori dela eta, malekoiaren mendebaldeko muturrean dagoen begiratokia bota dute, malekoiaren altuera igoko dute, eta olatu horma bat eraikiko dute. Hala ere, Zarauzko proiektua handiagoa da, eta beste esku hartze batzuk egiten ari dira.

«Meandroko traba hori kentzeak ez du eragingo uholderik ez egotea, baina bai azkarrago hustea»

ADOLFO URIARTE Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Egokitzapen zuzendaria

Araban, berriz, Gasteizko ipar-mendebaldean egiten ari dira proiekturik handiena. Aztegieta kontzejuan uholde asko egon ohi dira, baina XX. mendean egin zen proiektu batek egoera okertu egiten du. Izan ere, Uriartek azaldu zuen moduan, hipermerkatu bat egin zuten uholde arriskua duen eremu batean, eta, eraikuntza hori egin ahal izateko, ibaiaren meandroa aldatu egin zuten. Hala, gaur egun «tapoi efektua» sortzen du ibilguaren aldaketa horrek, eta, horretarako, «traba» hori kendu eta meandroa lehengoratzen ari dira. Horrez gain, ur bazterreko landaretza jarriko dute, eta azaldu dute biodibertsitatearentzat aterpe bat izango dela, eta gizakientzat, berriz, klima aterpe. Hala ere, ibaiak urez gaindi egiten jarraituko duela azaldu zuen Uriartek: «Meandroko traba hori kentzeak ez du eragingo uholderik ez egotea, baina bai azkarrago hustea».

Horiez gain, beste hainbat proiektu egiten ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste txoko batzuetan. Legazpin (Gipuzkoa), adibidez, zerbitzu publiko ugari dauden Latxartegi parkea eraldatuko dute, eta klima babesleku bat izango da. Irun eta Hondarribia artean (Gipuzkoa), berriz, aurreko mendeetan itsasadarrean nekazaritzarako hainbat lur lortu ziren, baina uholde arriskuak direla eta, itsasadarreko padura handituko dute, eta paduretako habitatak itzularaztea lortuko dute. Bilbo Handian, adibidez, Nerbioi ibaiko udalerri guztiak batzen dituen proiektu bat egiten ari dira, uholde eta bero arriskuei aurre egiteko, eta ibaiaren monitorizazioa hobetzen ari dira uholdeak prebenitzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA