Vicinayk hirurogei kaleratze iragarri ditu Sestaon, eta aldi baterako erregulazioa lantegiko beste langileentzat

British Petroleumekin zuen kontratu bat galdu du, horregatik hartu du neurri hori. Derrigorrezko kontsulta epea azaroaren 9an zabalduko duela jakinarazi die sindikatuei.

Vicinay Marinek Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
Vicinay Marinek Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 22a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Krisi hotsak aditzen ziren Vicinay Marinen, eta enpresako zuzendaritzak baieztatu egin ditu gaur. Itsasoan erabiltzeko kateak ekoizten dituen enpresak hirurogei langile kaleratu asmo ditu Sestaoko lantegian (Bizkaia). Irailean British Petroleum (BP) konpainiarekin zuen kontratu bat galdu zuen, eta hura gabe ezin dio langile talde osoari eutsi.

Txinako lehiakide batek kendu zion kontratua, eta galera horren ondorio dira kaleratzeak. Orduan esan zuen «beharrezko» neurriak hartuko zituela enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Alegia, kaleratzeak espero zirela, eta gaur eman du datu zehatzaren berri. Hirurogei izango dira, lantaldearen ia erdia —130 dira guztira—. Bizkaian beste produkzio planta bat du, Galdamesen.

Vicinayk azaroaren 9an hasiko du kontsulta aldia langile batzordearekin. Legeak ezarritako epea da, eta normalean nahiko antzua izan ohi da azken astera arte. Negoziazio horietan, kaleratzeez gain, plantako beste 70 langileei ezarri asmo dien aldi baterako erregulazioaren baldintzak negoziatuko dituzte sindikatuekin.

Enpresak esan du negoziatzeko prest dagoela eta kaleratze kopurua murrizten saiatuko dela, baina merkatuaren egoerak behartu duela langile taldea txikitzera «hala estrukturalki nola behin-behinean». Sestaoko lantegiaz gain, Vicinayk 70 langileko beste bat du Galdamesen (Bizkaia).

Ez da lehen aldia enpresa krisi betean dagoena, iazko uztailean bertan hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoa abiatu baitzuten. Orduan, baina, Damaso Quintana enpresariak, Haizea Winden jabeak, erreskatatu egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Ekarpen funtsaren laguntzarekin. Quintanak SEPIrekin zuen mailegua birnegoziatzea lortu zuen, baina BPk eman dion bizkarrekoa oso handia izan da.

Vicinayk laurehun langile baino gehiago ditu, eta, Bizkaiak ez ezik, Suedian, Brasilen eta Txinan ere baditu produkzio plantak. Enpresa historiko bat da: 1786. urtean Cecilio Vicinayk bere abizena zeraman lehen burdinola sortu zuen Otxandion (Bizkaia).

Gaur egun, metalezko kateak eta amarratzeak egiten ditu garraio itsasontzi handietarako eta ur gaineko haize errotetarako, besteak beste. Enpresak, ordea, hainbat zailtasun ekonomiko izan ditu azken urteetan: pandemia, energiaren eta altzairuaren prezioaren gorakada, eta itsasoko haize erroten merkatuaren beheraldia.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA