Vicinayk 60 kaleratze iragarri ditu Sestaon eta aldi baterako erregulazioa gainerakoentzat

British Petroleumekin zuen kontratu bat galdu du eta horrek eragin du neurria. Derrigorrezko kontsulta epea azaroaren 9an zabalduko duela jakinarazi die sindikatuei.

Vicinay Marinek Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
Vicinay Marinek Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 22a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Krisi hotsak zebiltzan Vicinay Marineren inguruan eta enpresako zuzendaritzak gaur baieztatu ditu. Itsasoan erabiltzeko kateak ekoizten dituen enpresak 60 langile kaleratu asmo ditu Sestaoko (Bizkaia) bere plantan. Irailean British Petroleum (BP) konpainiarekin zuen kontratu bat galdu zuen, eta hura gabe ezin du lantalde osoa mantendu.

Lehiakide txinatar batek kendu zion kontratua eta galera horren ondorio dira kaleratzeak. Orduan esan zuen enpresaren bideragarritasuna bermatzeko «beharrezkoak» ziren neurriak hartuko zituela. Alegia, kaleratzeak espero zirela, eta gaur jarri du zifra. 60 izango dira, lantaldearen ia erdia —130 dira guztira—. Bizkaian beste produkzio planta bat du, Galdamesen.

Vicinayk azaroaren 9an hasiko du kontsulta aldia langile batzordearekin. Legeak behartzen duen epe bat da, eta normalean nahiko antzua izan ohi da azken astera arte. Negoziazio horietan, kaleratzeez gain, plantako beste 70 langileei ezarri asmo dien aldi baterako erregulazioaren baldintzak negoziatuko dituzte sindikatuekin.

Enpresak esan du negoziatzeko prest dagoela eta kaleratze kopurua murrizten saiatuko dela, baina merkatuaren egoerak behartu duela lantaldea murriztera, «hala estrukturalki nola behin behinean». Sestaoko plantaz gain, Vicinayk 70 langileko beste lantegi bat du Galdamesen (Bizkaia).

Ez da enpresa krisi betean dagoen lehen aldi, urrunago joan gabe iazko uztailean hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen. Orduan, baina, Damaso Quintana enpresariak, Haizea Winden jabeak, erreskatatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Ekarpen funtsaren laguntzarekin. Quintanak SEPIrekin zuen mailegua birnegoziatzea lortu zuen, baina BPk eman dion bizkarrekoa oso handia izan da.

Vicinayk 400 langile baino gehiago ditu, eta, Bizkaiko bi lantegiez gain, Suedian, Brasilen eta Txinan ere baditu produkzio plantak. Enpresa historiko bat da: 1786. urtean Cecilio Vicinayk sortu zuen bere abizena zeraman lehen burdinola, Otxandion (Bizkaia).

Gaur egun, metalezko kateak eta amarratzeak egiten ditu garraio itsasontzi handientzat eta ur gaineko haize errotentzat, besteak beste. Enpresa, ordea, azken urteetan hainbat zailtasun ekonomiko izan ditu: pandemia, energia eta altzairu prezioen gorakada, eta itsasoko haize errota merkatuaren beherakada.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA