Vicinayk iragarri die langileei «neurriak» hartuko dituela, kontratu handi bat galdu ostean

Langile batzordeak uste du enplegua aldi baterako erregulatuko dutela. Txinako enpresa batek eraman du Vicinayk hartu nahi zuen kontratua, eta, ondorioz, urri bukaeran amaituko zaie lana Sestaoko lantegian.

 Vicinayk Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
Vicinayk Sestaon duen lantegia. VICINAY MARINE
gotzon hermosilla
2026ko irailaren 22a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapuztu egin dira Vicinay Marine enpresaren itxaropenak. Zuzendaritza sinetsita zegoen eskura zeukala kontratu handi bat British Petroliumekin, bere eskaintza onena zelakoan, eta horrek datozen hilabeteetarako lana bermatuko zuela Sestaoko lantegian (Bizkaia), baina, azkenean, Txinako enpresa batek lortu du kontratu hori. Ondorioz, zuzendaritzak iragarri die langileei «neurriak» hartu beharko dituela «enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko».

Vicinayk ez du argitu zeintzuk izango diren neurri horiek, nahiz eta adierazi hainbat aukera aztertzen ari direla «horien eragina ahalik eta txikiena izan dadin». Baina langile batzordeak baditu susmoak: ziurtzat jotzen dute enplegua aldi baterako erregulatuko dutela, eta ez dute baztertzen «kaleratze selektiboak» egiteko, langile batzuk lekuz aldatzeko edo erregulazio espediente bat ezartzeko aukera.

Enpresak langileei jakinarazi dienez, azken bilera izan zuten British Petroliumeko ordezkariekin, eta han azaldu zieten erabakia «behin betikoa» zela eta, hortaz, ez zegoela negoziatzen jarraitzeko tarterik. BPk adierazitakoaren arabera, Vicinayren eskaintza onena zen ikuspegi teknikotik, baina Txinako lehiakideak egindakoa merkeagoa zen, eta horrek eraman ditu BPko arduradunak erabakia hartzera.

Orain, oso ataka zailean geldituko da enpresa. Esku artean duten lana urri bukaeran amaituko da, eta, hortik aurrera, zereginik gabe lotuko dira. Lan eskaerak hiru hilean behin plazaratzen dira; hortaz, enpresak aukera izango luke abenduan berriro lehiatzeko kontratu bat lortze aldera, baina, eskuratuko balu ere, kontratu horren lanak ez lirateke martxora arte hasiko.

Zailtasun handiak

Metal arloko enpresa historikoa da Vicinay —1786koa da izen hori eraman zuen lehen burdinola, Otxandion (Bizkaia)—, eta Sestaoko lantegian 140 behargin inguru aritzen dira. Neurri handiko kateak egiten ditu: garai batean, itsasontzietako amarratzeak ziren haren egiteko nagusia, baina, azken urteotan, itsasoko haize errotak lotzeko kateetan topatu du negozio berria.

Pandemiaz geroztik, zailtasun handiak izan ditu enpresak, eta desagertzeko zorian ere egon zen, baina, azkenean, Damaso Quintana enpresaburuak gidatutako operazio bati esker lanera itzuli zen joan den maiatzean. Uztailean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen parte hartuko zuela Vicinay erreskatatzeko operazioan, eta 7,5 milioi euro jarriko zituela horretarako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA