Añanako Gatz Harana Gesaltza Añanan dago, Araban. Toki liluragarri horretan ekoizten duten gatzari urre zuria deitzen zaio, kalitate handikoa delako ez ezik, ezaugarri bereziak dituelako.
Pablo de Oraa Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari gerentearen hitzetan, Añanako Gatza aparta dela azaltzeko, kontuan izan behar da non sortzen den: «Gure ur gaziko iturburuek duela 200 milioi urte inguru sortutako biltegiak zeharkatzen dituzte, inguru hau antzinako itsaso batek estaltzen zuenekoak. Beraz, itsas gatzak ez bezala, gurea lurraren barrualdetik dator, milaka urteko iturburu naturaletatik, zeinek kalitate handiko gatzuna ematen duten».
Horrela, beste inongo gatzek ez dituzten ezaugarriak ditu Añanako Gatzak. «Purutasun handiko gatza da, gehigarririk gabea, eta konposizio mineral oso berezia du; 84 oligoelementu nabarmentzen dira. Gainera, iturburuetatik datorrenez, eta ez itsasotik zuzenean, ez dago ingurumen-arazoen eraginpean, hala nola, mikroplastikoen presentziaren eraginpean».
Baina Añanako Gatza paregabea da jatorri naturalaren, artisau-elaborazioaren eta 7.500 urte baino gehiagoko historiaren uztarketarengatik. Izan ere, 7.500 urte baino gehiago dira Añanako Gatz Haranean gatza ekoizten dutela, indusketa arkeologikoek zientifikoki frogatu dutenez. «Ez gara kalitatezko produktu gastronomiko batez soilik ari, milaka urtetik hona Euskadiren historiaren parte den gatzaz baizik».
Añanako Gatza ekoizteko eta merkaturatzeko modua azpimarragarria da: «Gure gatzaren atzean ez dago etekinak banatzea helburu duen merkataritza-enpresa bat, baizik eta diru-sarrerak inbertitzen dituen fundazio bat gatza ekoizten den lekua berreskuratzeko eta mantentzeko. Horregatik esaten dugu beti Añanako Gatza erostea gure ondarea kontserbatzen laguntzeko modu bat ere badela».
Añanako Gatza elaboratzeko modua ere aipagarria da. «Ur gazia iturburuetatik berez sortzen denean hasten da dena. Handik, zurezko kanal-sare baten bidez banatzen dugu larrainetaraino, eta plataforma horietan gatzuna uzten da, eguzkiak eta haizeak ura lurrundu eta gatz-kristalak sor ditzaten».
Artisau-prozesu bat da. «Ez dugu ez erregairik ez energia industrialik erabiltzen ura lurruntzeko. Gure energia-iturri bakarrak eguzkia eta haizea dira, eta hori guztiari erosi ezin den zerbait gehitzen zaio: gure gatz egileen ezagutza. Jakintza hori belaunaldiz belaunaldi transmititu da milaka urtean. Gatz egileek ondo dakite gatzuna noiz mugitu behar den, kristalizazioa nola erraztu eta gatza noiz jaso, naturaren erritmoak errespetatuz».
Añanako Gatza markako hainbat produktu daude merkatuan. «Bakoitzak bere ekarpena egiten dio sukaldaritzari, nahiz eta guztiek jatorri eta kalitate bera izan». Besteak beste, Iturburuko Gatza eta Gatz Lorea.
Iturburuko Gatza ia denetarako erabil daiteke: barazkiak, haragiak, arrainak, gisatuak eta eguneroko gastronomiako edozein plater prestatzeko. Gatz Lorea, berriz, produktu finagoa da. «Larrainen gainazalean sortzen da, eta gure gatz egileek kontu handiz jasotzen dute, eskuz. Kristalek testura berezia dutenez, elaborazioen amaieran erabiltzea gomendatzen dugu, zuzenean elikagaien gainean. Haragi pieza on bat, plantxan egindako arraina, barazki batzuk edo postre jakin batzuk osatzeko aparta da».
Halaber, zapore-konbinazio desberdinak dituzten errotatxoak ere merkaturatzen dituzte, errezetetan ñabardura berriak oso erraz txertatzeko. Eta produktu berri bat ere merkaturatu dute: Añanako Gatz Likidoa. «Gure gatzun naturala da, gatzaren oligoelementuak mantentzen dituena eta aukera gastronomiko asko eskaintzen dituena. Bereziki erabilgarria da ongailuak, saltsak eta emultsioak prestatzeko».
Sukaldariek oso gustuko dute Añanako Gatza erabiltzea. «Gehien baloratzen dituzten ezaugarrietako bat da gure gatzak, bere konposizio mineralagatik eta kloruro sodikoaren edukiagatik, gaitasun handia duela elikagaien zapore naturalak indartzeko, estali gabe».
Añanako Gatza markako produktu horiek guztiak EROSKIren saltokietan eskura daitezke. «2010ean hasi ginen EROSKIrekin harremanetan. Harrezkero izan dugun lankidetza-harremanari esker, Añanako Gatza Euskadiko milaka etxetara hurbildu ahal izan dugu». Beraz, gustura ari dira lanean EROSKIrekin. «EROSKIk gure gatzaren aldeko apustua egin du, eta munduan bakarra den ondarea bizirik iraunarazten ere laguntzen ari da. Izan ere, lankidetza honek esanahi berezia du. Saltzen den Añanako gatz-ontzi bakoitzak Gatz Harana berreskuratzeko eta kontserbatzeko baliabideak sortzen laguntzen du».
Gatzaren kultura
Añanako Gatz Harana Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da. «Munduko paisaia kultural apartenetako bat berreskuratu, kontserbatu eta ezagutarazteko lan egiten dugu. Gure lanak ondarearen kontserbazioa gatzaren artisau-ekoizpenarekin, ikerketarekin, turismoarekin eta lurraldearen garapen ekonomikoarekin uztartzen du. Egiten dugun guztiak helburu bera du: Gatz Haranak bizirik irautea eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko modua izango dela bermatzea».
Azken batean, fundazioak gatzaren kultura bultzatzen du. «Gure helburu nagusietako bat gatzaren kultura berreskuratzea eta zabaltzea da, gizateriaren historian garrantzi izugarria izan baitu».