Eroski

Berrikuntzaren aldeko apustua EROSKIren saltokietan

EROSKIren saltokietan merkaturatutako produktu berriak salmenten %3,6 dira; berrikuntzek fakturazioaren %10 osatzen dute, eta bezeroen fideltasuna areagotu dute.

Eroski
EROSKIren saltokietan, frutaren eta barazkien kategoria izan da dinamikoenetako bat berrikuntza arloan 2025ean. EROSKI
2026ko maiatzaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

EROSKIk berrikuntza komertzialean finkatu du bere hazkundearen ardatz nagusietako bat: eragin zuzena du negozioan eta bezeroen fidelizazioan. EROSKIren saltokietan merkaturatutako produktu berriak dagoeneko salmenten %3,6 dira, eta 2025ean 143 milioi euro baino gehiagoko diru sarrerak ekarri dituzte. Finkatuta dauden berrikuntzak, berriz —2023tik egindako merkaturatzeei dagozkienak—, gaur egungo fakturazioaren %10 dira. Horrez gain, produktu horiek erosten diren etxeetan, azpimarratzekoa da markarekin lotura handiagoa dutela; batez beste %28,2 gehiago gastatzen dute, %28,3 unitate gehiago erosten dituzte eta %26,6 bisita gehiago egiten dituzte dendara. 

Azken urteetan, berrikuntza eredu selektiboago eta eraginkorrago baterantz eboluzionatu du konpainiak, eta haien kalitatean eta garrantzian jarri du begia. Nahiz eta produktu berriak sorta guztiaren %1,2 diren, balio aldetik are eta ekarpen handiagoa egin dute: erakusten dute kontsumitzaileen behar berriei erantzuten dieten proposamenen alde egin dela apustu, eta hazkunde iraunkorra sorraraztearen alde. 

Ikuspegi horrek eragin zuzena du bezeroekiko harremanean. Ikusten da berrikuntzen kontsumitzaileek berriz jo ohi dutela produktu horiek eskuratzera —hamarretik zortzik urtean 10 aldiz erosi ohi dituzte produktu horiek, eta maizago ere bai—, eta bezero sarea hedatzen laguntzen dute. 2025ean, berrikuntzak saltokian erosi zituztenen %12 inguru bezero berriak ziren. Horrez gain, ohiko erreferentziak eskuratu gabe produktu horiek saskira gehitu zituzten hamar bezerotik lauk. Horrek erakusten du berrikuntzek zer-nolako gaitasuna duten hazkundea sorrarazteko. 

«Berrikuntza giltzarria da pertsonen behar aldakorretara egokitzeko; balioa sortzen du sortatik bertatik. Gure helburua da gero eta selektiboagoak izatea, ahal handiena duten proposamenak identifikatzea eta finkatzen laguntzea. Horrela, hazkunde iraunkorraren mesedetan arituko gara, eta erosketa esperientzia hobea izango da», adierazi du Beatriz Santosek, EROSKI Taldeko zuzendari komertzialak. 

Balioari eta kontsumo joera berriei begira 

EROSKIren berrikuntza estrategiak hiru ardatz nagusi ditu —osasuna, komenigarritasuna eta esperientzia—, kontsumitzaileen eta bizimodu berrien eboluzioari erantzuten dietenak. Ardatz horietatik irteten dira erosketa esperientzia hobetzen duten balio-proposamenak, eta horrela eskaintzen dira kontsumo une askotarikoetara egokituriko soluzioak. 

Ildo horretan, hauek izan dira kategoriarik dinamikoenak berrikuntza arloan 2025ean: fruta eta barazkiak —%39 handitu dira artikulu kopuruak—, eta drogeria —%29,2ko igoera—. Horiekin batera, sukalderako produktuek eta freskoen arloko beste eremu batzuek ere, hala nola harategikoek eta urdaitegikoek, hazkunde nabarmena izan dute.

Era berean, EROSKIk marka propioaren eta fabrikatzaile markaren arteko eredu orekatua bultzatzen du, harentzat biak baitira osagarriak sortari begira. Fabrikatzaile markak dinamismo berritzailearen liderrak dira, sustapenek sorrarazitako hamar eurotik zortzi ingururekin, eta baita berritasunen sarreran ere. Marka propioak, berriz, proposamen selektiboagoak garatzen ditu, gamari balioa eta koherentzia ematen diotenak eta kontsumitzaileen behar jakinei erantzuten dietenak. 

Etorkizunari begira, konpainiak jarraituko du industriarekin duen lankidetza areagotzen eta bezeroen analitika aurreratua egiten, merkaturatzeen arrakasta-tasa hobetzeko, gero eta zorrotzagoa baita testuingurua eta berrikuntza guztiek ez baitute lortzen apalategietan sendotzea. Helburua da berrikuntza eraginkorragoa izatea, eta luzera begira balioa sorrarazi, fideltasuna ekarri eta haztea, orobat bezeroa pozik uztea, gero eta zorrotzagoa baita eta gero eta kontsumo pertsonalagoa egiten baitu. 

Banaketa talde liderra

EROSKI banaketa talde liderretako bat da Espainiako estatuko iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balear Uharteetara—, %12,7ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Galizian eta Balearretan. 2024aren amaieran, 1.502 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Aipagarria da EROSKIk 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago dituela, eta 27.600 lagunek baino gehiagok osatzen dutela langile taldea; horietatik 9.000, gainera, bazkide eta jabe dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA