EUNEIZ

Gehien eskatzen diren lanbide profilen gakoak

Teknologia Digitalean, Kirolean eta Osasunean espezializatuta dagoen EUNEIZ Unibertsitateak gaitasun hibridoak dituzten profesionalak prestatzen ditu, enplegagarritasun handiko sektore gorakor eta estrategikoetan gertatzen ari diren aldaketak gidatzeko.

EUNEIZ
Gasteizko EUNEIZ Unibertsitatea. EUNEIZ
2026ko ekainaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Estatuko gizartea aldaketa garrantzitsuak bizitzen ari da, eraldaketa digitalari, biztanleriaren zahartzeari eta ongizatea eta osasuna zaintzeko kontzientzia handiagoari lotuta. Egoera horrek erronka handiak dakartza ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren eremuetan, baina baita eremu akademikoan ere. Izan ere, unibertsitateek gai izan behar dute lan merkatuaren eskaera berrietara egokitutako talentua prestatzeko.

Egoera horren jakitun, Gasteizko EUNEIZ Unibertsitateak teknologia digitalean espezializatzearen aldeko apustua egin du. Teknologia digitala da haren irakaskuntza jarduera osoa egituratzen duen ardatz akademikoa, baita kirolaren eta osasunaren arloetan ere. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate erakunderik gazteenak dinamismoz aurre egiten dio enplegagarritasun handiko sektore gorakor eta estrategikoek eskatzen dituzten profesionalak prestatzeko erronkari. Learning by doing metodologiaren bidez, EUNEIZek ezagutza sendoa eta teknologia aurreratuen erabilera uztartzen ditu —adimen artifiziala barne—, eta, horrekin batera, sormena, pentsamendu kritikoa eta etika digitala sustatzen ditu. Laburbilduz, balioa ematen duten eta hainbat testuinguru eta erakunde profesionaletan nabarmentzeko moduko gaitasun hibridoak dituzten profilak.

EUNEIZ
Ikasle batzuk irakasle batekin, ikasgela batean. EUNEIZ

Titulazio aitzindariak

Matrikulazio aldian bete-betean sartuta, EUNEIZen eskutik aukera dago Espainiako Estatuko iparraldean aitzindariak diren titulazioak lortzeko. Horien artean daude Entretenimenduaren Industriarako Musika eta Soinu Ekoizpeneko Gradua, Bideojokoetarako Arteko Gradua, Bideojokoen Diseinu eta Garapeneko Gradua eta Zibersegurtasuneko Gradua. Horrek erakusten du EUNEIZek konpromiso argia duela profil profesional urriak, oso espezializatuak eta eskaera handikoak sortzeko. DigitalES elkartearen Empleos y Sectores Emergentes 2025 txostenaren arabera, Espainiako Estatuko IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) arloko enplegua %47,7 hazi da azken hamarkadan, enplegu osoa baino askoz gehiago; izan ere, enplegu osoaren hazkundea %18koa izan da. Gainera, Espainiako Estatuko enpresek aitortzen dute hazteko oztopo nagusia profesional kualifikatuen falta dela. Zehazki, %45,8k diote zailtasunak dituztela talentu teknologikoa aurkitzeko. Titulazio horiek guztiek filosofia bera dute: proiektu errealetan, erronka teknologikoetan eta puntako teknologien bidezko lan aplikatuan oinarritutako ikaskuntza, graduatuen enplegagarritasuna indartzeko.

EUNEIZ
Entretenimenduaren Industriarako Musika eta Soinu Ekoizpeneko Graduko bi ikasle. EUNEIZ
EUNEIZ
Bideojokoen Diseinu eta Garapeneko Graduko ikasle bat. EUNEIZ

DNA teknologiko horretatik abiatuta, Gasteizko EUNEIZ Unibertsitateak teknologia berriak zeharkako elementu gisa txertatu ditu bere titulazio guztietan, baita tradizionalki arlo digitaletik urrunago egon diren diziplinetan ere. Horrela, Fisioterapiako, Podologiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako (JFKZ) ikasleek, adibidez, abatar birtualak eta errealitate areagotua erabiltzen dituzte anatomia ikasteko. Horri esker, ehunak eta muskulu egiturak simulazio bidez ukitu ditzakete. Teknologia digitalaren aldeko apustu estrategiko horrek irakasteko eta ikasteko modua ere eraldatzen du.

Profil kualifikatuen berrikuntza

Aipatutako tituluez gain, Osasun Zientzien Fakultatearen barruan, EUNEIZek Kirol Kudeaketako gradu berritzailea eskaintzen du. Gradu horren helburua sektore horretarako profil espezializatuak sortzea da, aukera handiak eskaintzen baititu kirol gorakadagatik, produktu berrien agerpenagatik eta e-sport-en hedapenagatik. Gradu horietarako balio erantsi gisa, garrantzitsua da Baskonia-Alaves Taldearen inplikazioa. Arabako futbol eta saskibaloi profesionaleko talde nagusiak biltzen dituen taldea da, eta EUNEIZen partner gisa jarduten du; hala, arrakasta eredu bat eskaintzen du. Horren bidez, eremu akademikoa benetako inguruneekin eta lehen mailako baliabideekin lotzen da, ikasleen proiekzio profesionala sustatzeko.

EUNEIZ
Kirol Kudeaketako Graduko ikasle batzuk Baskonia saskibaloi taldearen Fernando Buesa Arena kantxan. EUNEIZ

Hain zuzen ere, kirol industriako enplegua etengabe hazi da. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) azken datuen arabera, 2025ean Espainiako Estatuan 270.200 pertsona enplegatu ziren kirolean, 2024an baino % 6 gehiago eta 2022an baino % 15,2 gehiago. Hazkunde joera iraunkorra da, eta, gainera, gero eta rol kualifikatuagoak eta espezializatuagoak eskatzen ditu osasunean, kudeaketan, errendimenduan eta jarduera fisikoan.

Azken batean, digitalizazioa, trantsizio demografikoa, ongizatearen eta kirolaren gorakada, eta osasunaren arloko berrikuntza funtsezko elementuak bihurtu dira Espainiako Estatuko enpleguaren eraldaketan. Eta EUNEIZek, bere proposamen akademikoa joera horiei erantzuteko bideratzeaz gain, filosofia argi batekin jarduten du: metodologia praktikoa, enpresa lankidetza, zeharkako teknologia eta enplegagarritasuna erabateko lehentasun gisa. EUNEIZen lehen promozioko ikasleak graduatzeko atarian, Gasteizko Unibertsitatea sektore estrategiko eta gorakor horien elkargunean kokatzen da, eta profesionalen belaunaldi bat prestatzen du teknologia digitalaren, kirolaren eta osasunaren arloko aldaketak eraginkortasunez gidatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA