Gizarteko erronka nagusietako bat bilakatu da zaintzen gaia, batik bat adinekoena, eta Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) beharrezko ikusten du zaintzen ereduari buruzko herri hausnarketa bat egitea. Prozesu hori gidatzeko, Zaintza Mahaia abian jarri da herrian.
Apirilean egin zuten zaintza mahaiaren aurkezpen ekitaldia Azpeitiko Basazabal jauregian. Zaintza Mahaian parte hartzen ari diren erakundeetako eta elkarteetako ordezkariak, eragileak eta herritarrak izan ziren ekitaldi horretan.
Honako hauek parte hartzen ari dira Zaintza Mahaian: Azpeitiko Udaleko Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuen saila; Osakidetza; Adinkide boluntarioen fundazioa; Nagusilan boluntarioz osatutako irabazi-asmorik gabeko elkartea; Baigera erretiratuen elkartea; San Martin egoitza; Azpeitiko etxez etxeko laguntza, tutoretzapeko etxeak eta eguneko zentroa kudeatzen dituen enpresako ordezkari bat; etxez etxeko langile bat; botikari bat eta gurasoak zaintzen ari den herritar bat. Hala ere, Zaintza Mahaia ez da itxia, eta ordezkari gehiago ere batu daitezke aurrerantzean.
Aurkezpen ekitaldian, zaintzaren gaiaren garrantziaz hitz egin zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak: «Sinple esanda, denok nahi dugu zahartu, baina denek ez dute ondo zahartzeko zorterik. Fisikoki mendekotasunik izan gabe, kognitiboki ondo, emozionalki ondo, bakardade sentsaziorik gabe… Eta zortea duten horiek ziurrenik beste norbaiten zaintzaz arduratu beharko dute uneren batean. Hau da, zaintzen gaiak denoi eragiten digu».
Historikoki familiak arduratu izan dira adinekoen zaintzaz, familiako emakumeak oro har, baina Alkortak azaldu zuenez, gizartean eta familia ereduetan izandako aldaketen eraginez, familiek beraiek bakarrik ezin diete erantzun senideen zaintza beharrei. Era berean, administrazio publikoek ere ardura hartu behar duten arren, administrazio publikoek beraiek bakarrik aurre egiteko ere erronka handiegia dela esan zuen. «Kontuan izan behar dugu hemendik gutxira lau azpeitiarretik batek 65 urtetik gora izango dituela. Argi dugu gaiari herri bezala erantzun behar diogula».
Bizi kalitatea
Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eman zituen zaintza ereduaren eraldaketari begira egingo diren urratsen xehetasunak. Zaintza Mahaia sortzea izan da lehen pausoa. Mahai horren garrantzia azpimarratu zuen Goenagak: «Adineko baten bizi kalitatea bere inguruan osatutako zaintza edo babes sarearen esku dago. Hor sartzen dira familia eta hurbilekoak, osasun zerbitzuak, gizarte zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak».
Horrenbestez, beharrezkoa da sare horretan parte hartzen duten guztien artean herriko zaintza ekosistema bat sortzea. Lankidetza ereduan oinarritzen da ekosistema hori, eta hura gidatzen ari da zaintzen eraldaketa prozesua. Hain zuzen ere, ekosistema hori artikulatzeko sortu da Zaintza Mahaia Azpeitian.
Hausnarketa eta diagnostikoa
Aurkezpena egin ondoren, hausnarketa prozesu bati ekin zion Zaintza Mahaiak, galdera hauen bueltan: Azpeitian adinekoak nola zaintzen dira? Zer indargune eta hutsune daude? Aurrera begira adinekoek zer behar izango dituzte? Aldi berean, Gizarte Zerbitzuek ere gaur egungo arreta ereduari buruzko lanketa bat egin dute, Matia fundazioaren laguntzarekin.
Lehen fase horretan, herriko diagnostiko bat ere egin dute, CIIS ikerketa zentroak egindako azterketako datu kuantitatiboak aintzat hartuta —zerbitzuak, bilakaera demografikoa eta beste zenbait konturen ingurukoak—, eta, horrekin batera, azterketa kualitatibo bat ere bai, «herritarrek zaintzen inguruan duten pertzepzioa, nolako zaintzak jaso nahi dituzten eta abar jasotzeko», Goenagak esan duenez.
Asmoa izan da azterketa horietan ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten lortzea, herritarren pertzepzioak jaso ahal izateko. Horretarako, etxe guztietara bidali dira galdetegiak, eta Azpeitiko Udalaren www.azpeitia.eus webguneren bidez ere bete ahal izan da galdetegi hori.
Parte hartze zabala izan da, 233 pertsonak bete baitituzte galdetegiak. Parte hartu duten gehienak (%70) emakumeak izan dira, eta proposatutako galderak adin tarte ugaritako jendeak erantzun dituen arren, 45 urtetik gorakoak izan dira erdiak baino gehiago.
Bestetik, talde elkarrizketak egin dira, eta hamasei eragiletako 47 pertsonarekin elkartu dira: esfera publikoko (udal ordezkariak, Osasun sailekoak...), pribatuko (baliabide prebentiboetan aritzen direnak…), komunitarioko (jubilatuen elkarteak, farmaziak, merkataritza…) eta familia esferako kideei egin zaizkie elkarrizketak. Azkenik, banakako bost elkarrizketa egin dituzte.
Datu batzuk
Hona hemen herritarrek erantzundako galdetegietatik ateratako emaitzetako batzuk.
•%58: Zaintza beharrak dituen hurbileko pertsona bat dutela erantzun dutenen ehunekoa.
•%56: Azpeitiko herritarrek ez dutela zaintzaren inguruko jarrera eta ardura aktibo nahikorik erantzun dutenen ehunekoa.
•%69: Azpeitian zaintzak sustatzen dituzten auzo edo komunitate jarduerarik ez dutela ezagutzen erantzun dutenen ehunekoa.
•%52: Familiakoa edo ingurukoa ez den pertsona bat zaintzeko ardurarik inoiz ez dutela hartu erantzun dutenen ehunekoa.
Zaintza Mahaiak Zabalduz enpresa izan du bidelagun diagnostikoa osatzeko. Behin diagnostiko hori burututa, emaitzak herritarrei aurkeztu zaizkie irailaren 30ean, eta Zaintza Mahaiko kideak emaitza horien gainean mintzatu dira herritarrekin.
Halaber, urte bukaeran, jardunaldi inspiratzaileak antolatuko dira, beste herri batzuetan aurrera eraman diren esperientzia interesgarri batzuei erreparatzeko, Azpeitian gauzatu ote daitezkeen aztertzeko.
Azkenik, Zaintza Mahaian diseinatzen eta zehazten ari diren zaintza plana udaberrian aurkeztuko dute. «Guztion artean egingo dugu plan hori, eta bakoitzak hainbat konpromiso hartu beharko ditu», Goenagaren hitzetan. Plan hori izango da datozen urteetan zaintzen eredua eraldatzeko bide-orria Azpeitian.