Imanol Magro Eizmendi.

Absentismoa: harria bota eta eskua ezkutatu

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Lan absentismoaren auzia Euskal Herriko berripaperetara itzuli da aste honetan. Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresari elkarteek urteroko barne inkesten emaitzen berri eman dute, eta bietan gora egin du langileak lanera ez doazen egun kopuruaren inguruko ardurak. Gipuzkoako enpresarien arduren zerrendan laugarrena da; Bizkaikoenean, berriz, hirugarrena, eta bi elkarteek nabarmendu dute arazo larria dela.

Enpresari elkarteek absentismoa aipatzen duten aldiro asko neurtzen dituzte hitzak. «Gai konplexua» dela esaten dute, ez dutela inor seinalatu nahi... Izan ere, zaila da gaia horrela aipatzea langileen edota bajak ematen dituzten medikuen profesionaltasuna auzitan jartzen dela aditzera eman gabe, eta inork ez du putzu horretan sartu nahi. Ez behintzat publikoki.

Horretarako, baina, lan zikina egiten dieten ikerketak daude. Patronalak haietan oinarritzen dira. Bi motatako enpresak daude txosten horien atzean: batetik, mutualitateak: Mutualia, Mutua Universal...; eta, bestetik, aldi baterako lan enpresak: Randstad, Adecco... Haien komunikazio bulegoek ondo mugitzen dituzte txostenak, eta oihartzun nabarmena izaten dute hedabide askotan.

Kalkulatu gabe zenbat langile doan lanera osasun arazoak izanagatik ere, ezin da egin absentismoari buruzko ikerketa seriorik.

Txosten bitxiak dira, hainbatetan datu berak ikertu arren, emaitzak ez direlako beti berdinak izaten. EAE eta Nafarroa Espainiako erkidego autonomoekin alderatzen dituzte, eta normalean tasa handiagoak dituzte. Oro har, industria askoko lurraldeek absentismo tasa handiagoa dute. Randstaden azken ikerketaren arabera, EAEko tasa %8,7koa izan zen iazko hiru hilekoan. Ehun langileko baja egunen bat hartu zuten langileen batezbestekoa neurtzen du tasa horrek.

Baina zerk hartzen du datu horrek bere barnean? Bada osasun arazoengatiko bajez gain, eskubide bidez lorturikoak ere zenbatzen ditu. Besteak beste, guraso baimenak eta ordu sindikalak; horiek absentismotzat jotzen ditu. %8,7ko datu horretan galbahea pasatuta, %6,8 osasun arrazoiengatik harturiko bajak dira eta %1,9 beste arrazoi batzuengatik. Eta hori asko edo gutxi da? Bada Espainiarekin alderatuta, asko (%6,3); baina, esaterako, Frantziako (%18,1), Suediako (%16,2) edo Austriako (%15) batezbestekoetatik urrun dago. Europako beste muturrean daude Errumania (%2,5), Bulgaria (%4,4) eta Malta (%3,3).

Europakoa baino txikiagoa

EAEko tasa Europako ekonomia garatuenetakoa baino nabarmen txikiagoa izan arren, patronalek elkarrizketa sozialaren mahaian gaia aztertzeko batzorde bat eskatu zuten iaz, baita lortu ere. Gol bat haien alde. Ikerlariak motel dabiltza, dena den, ondoriorik ez baita jakin oraindik. Sindikatuek ez zuten begi onez hartu, eta gaia aipatzean, besteak beste, gogorarazi dute langileak gero eta zaharragoak direla, eta normala dela osasun arazo gehiago izatea.

Absentismoa aipatzeak badu beste helburu bat: bajaren diru saria hobetzeko soldata osagarrien inguruko eztabaida sortzea. Virginia Mujika Confebaskeko atal juridikoko zuzendariak iazko otsailean BERRIAri emaniko elkarrizketa batean aipatu zituen, eta Euskal Herriak duen «berezitasun» bat direla nabarmendu. Bajan dagoen langileak ez du soldata osoa kobratzen Gizarte Segurantzatik, eta hura osatzera behartzen du enpresa. Lan hitzarmen askotan daude onartuak, lehen baja egunetik. Hitzarmen onen ezaugarri dira, eta sindikatuek ohartarazi dute haiei buruzko xehetasunak pisu handia hartzen ari direla negoziazioetan.

Absentismoaren mamu edo arazoa haizatzeak motibazio asko izan ditzake, baina azterketa hauek guztiek hutsune handi bat dute, auziaren benetako errealitatea ulertzeko ezinbestekoa dena. Ez dute kalkulatzen zenbat langile doazen lanera osasun arazoak izanagatik ere. Zenbat doaz minez? Zenbat gaixo? —pandemia betean erakundeek onartu zuten asko zirela— Antsietate arazoengatik baja hartzen duten langileek maiz entzuten dute zergatik ez zuten lehenago jo medikuarengana. Behin-behinean lanean ari denak edo modu prekarioan ari denak kostata hartzen du baja. Jaurlaritzaren ikerketak gai bat gehiago du hor. Ertz hori aztertu ezean, ezingo da egin gaiari buruzko ikerketa sakon edo fidagarririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.