Absentismoaren inguruko Jaurlaritzaren ikerketan medikuen iritzia ere jasoko dute

IVIE Valentziako institutuak egingo du, Orkestrarekin lankidetzan. Maiatzean hasiko dira ikertzen, eta 141.000 euroko aurrekontua du.

Lan osasunaren aldeko manifestazioa, Bilbon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Lan osasunaren aldeko manifestazioa, Bilbon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko apirilaren 23a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Instituto Valenciano de Actividades Economicasek (IVIE) gidatuko du Eusko Jaurlaritzak absentismoaren inguruan egin asmo duen ikerketa. UPV Valentziako Unibertsitate Publikoaren barneko ikerketa talde bat da, eta oraingoan Deustuko Unibertsitatearen Orkestra institutuaren eta Ikertalde inkesta eta kontsulta taldearen laguntza izango du. Maiatzean hasiko da lanean, eta bederatzi hilabeteko epean entregatu beharko ditu ondorioak.

Absentismoaren eztabaidak hilabeteak daramatza puri-purian. Enpresariek diote egun lan merkatuan dagoen arazo nagusia dela; sindikatuek, aldiz, osasun arazoengatik lanera joaten ez diren langileak kriminalizatzeko kanpaina bat dela. Bertsio talkaren harira, Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat hitzeman zuen, eta hori da IVIEk egingo duena.

Ikerketak aldi baterako lan ezintasunaren intzidentzia aztertuko du. Hura esleitzeko agirietan ez da absentismo hitza ageri; beraz, osasun jatorriko bajak aztertuko ditu bakarrik. Aurrekontu mardula du: 141.000 eurokoa; alderatzen hasita, gutxieneko soldataren zenbatekoa kalkulatzeko eman zuenak 14.900 euroko aurrekontua zuen. Ikerketa maiatzean hasiko da, eta bederatzi hilabeteko epea dute amaitzeko. Jaurlaritzak, dena den, espero du urte amaiera baino lehenago aurkeztu ahal izatea.

Estatistikak eta elkarrizketak

Ikerketak kuantitatiboa eta kualitatiboa izan beharko du. Estatistika ofizialak arakatzeaz gain, elkarrizketak egin beharko dituzte. Orain arte absentismoari buruz eginiko ikerketa gehienak kuantitatiboak ziren, eta aldi baterako lan enpresek egiten zituzten. Halakoetan, esaterako, ez da islatzen bajan —gaixorik, min hartuta...— egon beharko lukeen zenbat jende joaten den lanera

Hor datza ikerketaren berritasun handienetako bat, enpresei eta langileei galdetzeaz gain ikerlariek medikuei ere galdetuko baitiete oraingoan. Sare publikoko medikuak dira langile batek sendagiria jasotzen duen ala ez erabakitzen dutenak. Haiek dira azken galbahea, eta Jaurlaritzak haien iritzia ere bildu nahi du.

Behin ikerketa amaituta, hainbat eragileri aurkeztuko die. Asmoa Elkarrizketa Sozialaren Mahaian aztertzea da, eta ondorioen arabera eztabaida bideratzea. Jaurlaritzan badakite zeresana emango dutela, baina sinetsita daude eztabaida publikoa argitzeko balioko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA