Adegik geldotze nabaria ikusten du industrian

Geldialdia batez ere metalurgian eta energian antzeman du patronalak. Industriaren geldialdiak ahuldu egin du eraikuntzako eta zerbitzuetako hazkundeak Gipuzkoako ekonomiari egindako ekarpena.

Jose Miguel Aierza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jose Miguel Aierza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko urriaren 3a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako ekonomiaren funtsezko sektoreetan ezkortasunak hor jarraitzen duela erakutsi du Adegi patronalak enpresen artean egindako inkestak. Tonu hori erabiliz egin dute gaur agerraldia patronaleko buruek: Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak, Isabel Busto presidenteak eta Patxi Sasigain lehiakortasun eta berrikuntza arduradunak.

Sektoreen artean, industria da kezkarako iturri nagusia. «Industriaren geldialdia Gipuzkoako ekonomiaren aurrerabidea oztopatzen ari da», esan du Aierzak. Lurraldeko industria produkzioaren indizeak %0,3 egin du behera. Fakturazioa %1,8 apaldu da sektorean, eta geldotzea batez ere tarteko ondasunetan —metalurgian eta produktu metalikoetan— eta energian nabaritu da. Eskarien mailak %0,9 egin du behera industrian.

Ildo horretan, Alemaniako ekonomiara begiratu du Adegiko zuzendariak. «2023ko urtarriletik hona, beherakada argia izan da, batez ere jarduera industrialean, eta horrek eragin garrantzitsua du gure enpresen esportazioetan». Gipuzkoako enpresen esportazioen %70 egiten dira Espainiara ez gainerako Europako herrialdeetara.

«Gogoeta sakona egin beharko genuke, herri bezala, zer estrategia behar den gure industrian hurrengo urteetarako»

JOSE MIGUEL AIERZA Adegiko zuzendari nagusia

Egoera horri muga zergen gaia eta Txinaren tupusteko sarrera ere gehitu dizkio Aierzak. «Pilaketa horretan, gure enpresak lehiakortasuna galtzen ari dira gutxinaka».

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak aste honetan aurkeztutako inbertsioei buruz, Adegiko zuzendariak azpimarratu du industriaren arazoa «egiturazkoa» dela. «Hori horrela den heinean, sakoneko neurriak hartu beharko lirateke, eta halakoak ez dira egun batetik bestera hartzen. Gogoeta sakona egin beharko genuke, herri bezala, zer estrategia behar den gure industrian hurrengo urteetarako».

Enplegua eta hazkundea

Gipuzkoako enplegua ere geldialdi batean sartzen ari dela uste du Adegik. Isabel Bustok emandako datuen arabera, zerbitzuen sektorea —zeinak enpleguaren %60 hartzen duen— indarra galtzen ari da. Orokorrean, langile taldeari bere horretan eustea aurreikusten dute enpresen %86k, baina %14ra handitu da murrizketak espero dituzten konpainien kopurua.

Hazkundeari buruz, Adegiren aurreikuspena da barne produktu gordina %2 handituta itxiko dela urtea, «2023ko %3,1etik eta 2024ko %2,4tik urrun, beheranzko joera erakutsiz. Ezin gara fidatu», esan du Isabel Bustok.

Kezkak

Gipuzkoako enpresen kezka nagusiak lan kostu handia eta absentismoa dira orain ere, eta kezka hori hedatu egin da maiatzean inkesta egin geroztik. Lan kostuez galdetuta, Jose Miguel Aierzak azken bi urteetan Gizarte Segurantzarako kotizazioetan izandako igoera nabarmenak aipatu ditu, «KPIaren gainekoak izan diren» soldata igoerez gain. «Zure jarduera geldialdian badago eta kostuak gora badoaz, horrek ondorio zuzenak ditu lehiakortasunean».

Inkestaren arabera, langile kualifikatuak lortzeko zailtasunak dituzten enpresen kopuruak ere gora egin du Gipuzkoa azken hilabeteetan, eta dagoeneko herenak baino gehiago dira (%36). Arazoa bereziki hedatua dago eraikuntzan (%64,5) eta zerbitzuetan (%39).

CAF-en inguruko eztabaida

Galdera ezinbestekoa zen CAFen eta Jerusalemgo haren proiektuaren ingurukoa. Adegik polemikan duen jarrerari buruz galdetuta, Aierzak lehor eta motz erantzun du: «CAFi dagokionez, bat egiten dugu enpresak CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera bidalitako oharrarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.