Presioa handitzen ari zaio CAFi Palestinako lurralde okupatuetarako egiten ari den tranbia dela medio. Eta presio horri bere burua zurituz erantzun dio azkenean Beasaingo tren enpresak. Agiri baten bidez, nabarmendu du neurri zorrotzak hartu dituela Jerusalemgo tranbiaren proiektuak giza eskubideak bortxatzen ez dituela egiaztatzeko, eta ziurtatu du palestinarrei lapurtutako lurretan lan egitea ez dela nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa.
CAFeko langileek beraiek eta Palestinaren alde diharduten elkarteek sarritan eskatu diote CAFi alde batera uzteko Ekialdeko Jerusalemgo tranbia egiteko lana. Gaur, ELA batu zaio eskaera horri. Zehazki, eskatu dio Israelgo estatuarekin dituen harremanak «ahal bezain azkarren» amaitzeko, sindikatuaren ustez Gazako genozidioa dela-eta «jasanezina» baita harekin harreman normalizatua izatea.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak esan zuen CAFek «hausnarketa etikoa» egin beharko lukeela Palestinako proiektuari buruz. Hausnarketa hori egin duela erakutsi nahi izan du CAFek, eta, duela sei urte polemika piztu zenetik lehen aldiz, agiri bat kaleratu du bere burua justifikatzeko.
«CAFek ondo ezagutzen ditu Jerusalemgo proiektuarekin lotutako inplikazio juridiko eta etiko konplexuak eta, bereziki, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari eta enpresen erantzukizunari dagozkionak. Horrez gain, badaki oso garrantzitsua dela giza eskubideen babesa, eta herritarrei, bereizketarik gabe, komunitate guztientzako funtsezko azpiegitura eskaintzearen arteko oreka arreta handiz zaintzea», dio taldearen agirian, eta ondoren zerrendatzen ditu proiektu horren egokitasuna bermatzeko egindako zenbait urrats.Â
Horrela, «lehen neurri gisa», eta kontratua sinatu aurretik, CAFek «prestigio handiko aditu independenteei» galdetu zien ea zilegi zen Jerusalem okupatua zeharkatuko zuen tranbia baten eraikuntzan parte hartzea. Erantzuna, betiere CAFen arabera, baiezkoa izan zen.
Tesi hori indartzeko Versaillesko Apelazio Auzitegiaren epai bat gogorarazi du enpresak. Jerusalemgo Linea Gorriari dagokio, eta hura une batzuetan palestinarrei ebatsitako lurretan sartzen da, baina, Versaillesen arabera, proiektuan parte hartu duten enpresek ez dute nazioarteko zuzenbidea urratu. Berez, CAFen lan nagusia izango da linea berri baten eraikuntzan parte hartzea (Linea Berdea), baina Linea Gorriaren zabalkundean ere parte hartuko du, eta bi linea horiek hamabost urtez operatuko ditu, eta 25 urtez mantentze lanak egingo dizkio, Israelgo Shapir enpresarekin erdi bana.
CAFek azaldu du Espainiako administrazioaren zerbitzu juridikoek ere ez zutela «inolako lege eragozpenik aurkitu», eta horren ondoren erabaki zuela kontratua sinatzea TransJerusalem sozietatearekin, 2019ko irailean. Hiru urte geroago, 2022an, Espainiako Gobernuaren batzorde baten txostenak ez zuen CAFen aldetik eskubideen urraketarik aurkitu.
«Inpaktu positiboak»
Are gehiago, Beasaingo konpainiak dio Jerusalemgo proiektuak «inpaktu positiboak» sortzen dituela hiri horretan, eta hori egiaztatzen dutela 2023an eta 2025ean egindako bi azterketek. «In situ egindako bisiten eta komunitate bateko eta besteko erabiltzaile eta ordezkariei egindako elkarrizketen ondoren egindako txosten horiek Jerusalemgo tranbiaren gizarte onura nabarmentzen dute; izan ere, tranbia funtsezko zerbitzu publikoko azpiegitura da eta giza eskubideak betetzearen katalizatzailea da, besteak beste, mugitzeko askatasuna, enplegurako sarbidea, arreta medikoa, hezkuntza eta herritar guztientzako gurtzarako lekuak, bereizketarik gabe, eta komunitate zaurgarrienei mesede berezia eginez».Â
CAFen datuek diote «komunitate arabiarreko kideak» direla tranbia gehien erabiltzen dutenak, eta «gehienek zerbitzuarekiko asebetetze maila handienak adierazi dituzte». Tranbia operatzen duen sozietatean eta mantentze lanetan ari diren lau langileetatik bat «arabiarra» da, baina CAFek ez du azaldu Israelgo herritartasuna duten palestinarrak diren ala lurralde okupatuetako herritarrak ote diren. «Gainera, berariazko neurriak hartzen ditu arrazoi etnikoengatik, nazionalitateagatik, erlijioagatik edo beste edozein arrazoirengatik inor ez diskriminatzeko; horretarako, garraio sistema edonorentzat irisgarria izatea eta kartelak eta seinaleak eleaniztunak (arabiera eta hebreera barne) izatea ziurtatzen du».
Egin zaizkion salaketak ikusita, trengileak ziurtatu du eutsi egiten diola «integritate, erantzukizun, eta gardentasun estandarrik handienekin jarduteko konpromisoari», eta «lehentasunezko jarraipena» egingo diola aurrerantzean ere «etikarekin eta giza eskubideekin zerikusia duen edozein gairi».
Edonola ere, konpainiak onartu du bere izena ager daitekeela aurki Nazio Batuek giza eskubideen urraketak dauden eremuetan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresen zerrendan. Hor agertzeak, ordea, «ez du kualifikazio juridikorik ezartzen», dio CAFek, NBEren txostena hitzez hitz aipatuz.
ELAren salaketa
CAFen gaineko presioari batu zaion azkena ELA izan da. Goizean, agiri baten bitartez hark ere, gogorarazi du berak eta CAFeko langileen batzordeak bere garaian jada eskatu zutela ez egiteko tranbiarik Jerusalem ekialdeko koloniak eta hiriaren mendebalde israeldarra batu behar dituen linearako. «Palestinako herriarenganako elkartasunagatik eskatu zen proiektuari uko egitea, Israelek lurraldea legez kanpo okupatzea baitzekarren. CAFeko zuzendaritzak ez zion jaramonik egin eskaerari, eta, gainera, Israelgo estatuarekin zuen harremana areagotu zuen, Tel Aviven proiektu berri bat esleituta», gogorarazi du sindikatuak.Â
Ikusi gehiago
Palestinako agintariek zorionak ere eman zizkieten CAFeko langileei beren jarreragatik, baina horrek ez dio jarrera apur bat ere aldarazi zuzendaritzari, eta lanak aurrera doaz.
Gazako sarraskiak, ordea, berriro piztu ditu proiektu hori uzteko eskaerak, eta horixe eskatu dio ELAk ere. «CAFen lan egiten dutenek eta giza eskubideak errespetatzen dituen industria proiektu eredugarri baten alde egiten dutenek oro har ez dute merezi CAFek genozidio bat praktikatzen duen estatu batekin harremana izatea. Israelgo Estatuarentzat lan egitearen aldeko apustua egiteak ekarri zuen akats larria onartu behar du zuzendaritzak, eta herrialde horrekin duen lotura amaitzeko plan bat proposatu beharko luke, ahal bezain azkarren», azaldu du, agiri baten bidez.Â
Sindikatuak bilera bat eskatu dio enpresako zuzendaritzari, Israelekin dituen proiektuei buruz dituen planteamenduen berri zehatz-mehatz jakiteko. «Zuzendaritzak ukatu egin digu bilera. Oso larria iruditzen zaigu. Ezkutatzeak ez du aldatuko egoeraren larritasuna, eta agerikoa da egoera egunetik egunera gero eta gehiago okertzen ari dela».
Belgikako kontratua, gertu
Palestinarrei kendutako lurretan tranbia egiteak gutxienez 500 milioi euro ekar diezazkioke Beasaingo konpainiari, baina hori baino gehiago lor dezake Belgikan eskura duen kontratu batekin: 1.700 milioi gutxienez, 180 tren egitearen truke, eta hori halako bi lortzeko aukera, trenen eskaria handituz gero.Â
Otsailaz geroztik adjudikaziodun lehenetsia da CAF; hala ere, haren lehiakideen helegiteek operazioa ixtea eragotzi dute orain arte, baina korapiloa askatzen ari da. Asteazkenean, Belgikako Estatu Kontseiluak atzera bota zuen SNCB-NMBS tren konpainia publikoak bere trenak berritzeko CAF hautatu izanaren aurkako bigarren helegitea, Alstomek aurkeztutakoa. Aurreko astean Siemensen helegitea ukatu zuen. Horrenbestez, gertuago dago lan hori CAFek egiteko aukera.Â
Kontratua sinatu aurretik, ordea, bi baldintza jarri dizkio SNCB-NMBSk Gipuzkoako enpresari. Batetik, CAFek zehaztu beharko du Belgikako zer enpresaren ekarpena izango duen kontratua bete ahal izateko. CAFek ez du fabrikarik Belgikan, baina, presio politiko eta sindikalei aurre egiteko, enpleguaren kontu horretan «zerbait egiteko» prest agertu izan da CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinaga, Belgikako hedabideei emandako elkarrizketan.
Bigarren baldintza hau da: CAFek «baieztatu» beharko du bere jarduerak nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituela. Ondoriozta daiteke SNCB-NMBSko administrazio kontseiluak azken puntu horren bidez erantzun nahi diola CAF Zisjordanian egiten ari den lanak Belgikan ere eragin duen eztabaidari.