Alemania atzeralditik atera da, eta eurogunea uste baino gehiago hazi

Trumpen muga zergei aurre hartu nahi izateak industriaren jarduera eta esportazioak handitu dituzte. Suspertzea laburra izango dela uste dute, nazioarteko merkataritzak jaso dezakeen astinaldiaren ondorioz. AEBetako ekonomia uzkurtzen hasi da.

Edukiontziak eta kamioiak Mannheim hiriko portuan, Alemanian. RONALD WITTEK / EFE
Edukiontziak eta kamioiak Mannheim hiriko portuan, Alemanian. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 30a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpen burutazioek laino beltz bat jarri dute munduko ekonomiaren gainean, eta bereziki AEBekin tratu handia duten herrialdeen gainean. Haien artean dago EB Europako Batasuna, baina oraingoz hodei horien lehen euriek ez dute uholderik ekarri. Are gehiago, urteko lehen hiruhilekoa uste baino hobea izan da makroekonomiari erreparatuz gero: %0,2ko hazkundea espero zen eurogunean, eta lehen datua %0,4koa izan da —%0,3 EB osoan—. Datu horretan zerikusia izan du aspaldiko partez Alemaniako ekonomia atzeralditik atera izanak; 2024ko azken hiruhilekoan baino %0,2 handiagoa izan da haren BPG barne produktu gordina 2025eko lehenengo hiruhilekoan.

Gaur jakinarazitako datuak espero baino hobeak izateak ez du erakundeen eta iragarle ekonomikoen ezkortasuna uxatu, eta beldur dira ekaitzaren aurreko argialdia izango den. Azken asteetan egindako inkestetan, behera egin du nabarmen enpresen konfiantzak, eta horrek erakutsi ohi du nolakoa izango den jarduera ekonomikoa aurrerago.

Data batek belztu ditu bekokiak: apirilaren 2ak. Trumpek, gustuko duen hiperbolez, askapenaren eguna deitu zion egun horri, baina mundu erdiko analisten ustez, nazioarteko merkataritza hankaz gora jarri zuen egun gisa gogoratuko da historian, orduan iragarritako muga zergek halabeharrez aldatuko baitituzte ekoizpen kateak. Egia da finantza merkatuen erantzun txarra ikusita Trumpek neurri batean atzera egin zuela, baina, gaur-gaurkoz, AEBen muga zergak lehen baino askoz handiagoak dira, eta are handiagoak izango dira uztailean, orduan agortuko baita AEBetako presidenteak negoziazioei irekitako 90 eguneko epea.

muga zergak
Trumpek iragarri eta gero aldi baterako etendako muga zergen taula. SHAWN THEW / EFE

Muga zerga horiei beraiei aurre hartu nahi izateak eragin du Alemaniaren suspertzea. «AEBek [kanpoko] erosketak aurreratu dituzte, eta horrek mesede egin die lehen hiruhilekoan Alemaniaren esportazioei eta industriaren ekoizpenari», azaldu du Timo Wollmershaeuser Ifo institutuko ikerketa taldeko buruak. Aldi berean, ohartarazi du aurrerago zer gertatuko den ez jakiteak atzeratu egingo dituela industriaren inbertsioak, eta horrek geldialdi bat eragingo duela.

Alemaniako BPGa uzkurtu egin zen 2023an eta 2024an, eta 2025 urte hasiera txukuna gorabehera, aurten ez da urrun ibiliko. Udazkenean, Berlingo gobernuak espero zuen %0,8ko hazkundea izango zela aurten; gero, %0,3ra jaitsi zuen iragarpen hori; orain, berriz, zerora. «Arrazoi nagusia Trumpen muga zergak dira», azaldu du Robert Habeck jarduneko Ekonomia ministroak.

Frantzian, %0,1

Esportazioek askoz pisu txikiagoa dute Frantziaren ekonomian, eta are, jaitsi egin ziren urteko lehen hiruhilekoan (-%0,7). Hala ere, Frantziako BPGa ere zenbaki negatiboetatik atera da urteko lehen hiruhilekoan, -%0,1etik %0,1era igaro baita. Eric Lombard Finantza ministroak azaldu duenez, 2024ko azken hiruhileko negatiboa Parisko Olinpiar Jokoek eragindako suspertzearen biharamunaren ondorio izan zen, baina aurrerantzean portaera erregularragoa izan beharko luke ekonomiak.

Lombardek berretsi du aurtengorako %0,7ko hazkundea espero duela gobernuak, baina onartu du «borroka» egin beharko dutela horra heltzeko, «munduan dauden zailtasunak ikusita». Hori lortu ahal izateko, enpresei inbertsioak egiten lagunduko dietela azaldu du.

Datu hobeak dituzte euroguneko beste ekonomia handiek: hirugarrena Italia da, eta hango ekonomia %0,4 hazi da azken hiruhilekoan; laugarrena, berriz, Espainia da, eta hangoa %0,6 hazi da. Azken datu horien inguruan dabil Hego Euskal Herria ere, duela bi aste Eustatek eta atzo Nastatek eta Eustatek adierazi dutenez.

AEBetan, kontrako eragina

Trumpen aduana tarifei aurre hartu nahi izateak euroguneko ekonomia puztu duen moduan itzali du AEBetakoa. Analisi Ekonomikoen Bulegoak gaur kaleratutako lehen estimazioek diote hango BPGa %0,1 uzkurtu zela urteko lehen hiruhilekoan, eta horren arrazoi nagusia dela AEBetako enpresak beren biltegiak betetzen aritu direla urtearen hasieran, muga zerga txikiagoak ordaindu ahal izateko. Inportazioak handitzeak BPGa txikitu du, eta erabat estali ditu hazkundea izan duten ekonomiaren beste atal batzuk —esportazioak, inbertsioa eta kontsumo pribatua handitu dira—. Beste modu batera esanda, inportazioak ohikoak izan balira, hazkundea izango zukeela BPGak.

Muga zergak dagoeneko handitu direnez  —uztailera arte bederen %10ekoak dira Txina ez beste herrialde guztientzat, %125ekoak Txinarentzat, %25ekoak altzairuarenak eta aluminioarenak...—, litekeena da urteko bigarren hiruhilekoan inportazioek BPGan izan duten eragin kaltegarria txikitzea edo ezabatzea.

Baina ekonomia gera dezaketen beste faktore batzuk sortu dira dagoeneko. Muga zergei buruzko gorabeherak enpresen inbertsioak oztopatzen ari dira, turismoa sufritzen ari da —nazioarteko bisitari gutxiago jaso dituzte AEBek, batez ere Kanadatik—, herritarren konfiantza amiltzen ari da eta muga zergek produktu batzuen eskasia eta besteen garestitzea ekar dezakete.

160.000

Merkataritza defizita, milioi dolarrean. Muga zergak handituta, Donald Trumpek txikitu egin nahi du produktuen inportazioa eta barne ekoizpena handitu. Oraingoz, kontrakoa lortzen ari da. Urteko lehen hiruhilekoan AEBetako merkataritza defizita (esportazioen eta inportazioen arteko aldea) 162.000 milioi eurorena izan da, iaz urte hasieran baino %31 gehiago, eta inoizko kopururik handiena. Batez ere kontsumo produktuen inportazioa handitu da (+%27,5), baina baita autoena ere.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.