Eurogunea %1,5 hazi da, Alemania atzeralditik ateratzeari esker

Frantzia ere uste baino gehiago hazi da (%0,9), eta Espainia %2,8ra heldu da, familien kontsumoaren eta EBren funtsak elikatutako inbertsioaren eskutik.

Autoak garraiorako prest, Essenen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHER NEUN / EFE
Autoak garraiorako prest, Essenen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHER NEUN / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 30a
13:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euroguneko ekonomiak uste baino hobeto eutsi dio Donald Trumpen bigarren agintaldiaren lehen urteari. Euroa darabilten herrialdeen BPG barne produktu gordina %1,5 handitu da, 2024an baino sei hamarren gehiago, eta Europako Batzordeak azaroan kalkulatu baino bi hamarren gehiago.

Urteko azken hiruhilekoa ere txukun samar bukatu du, %0,2ko hazkundea espero baitzuen eta %0,3koa izan baita, Eurostatek gaur kaleratu duen lehen estimazioaren arabera.

Hazkundea bizkortu izanaren arrazoi nagusia da atzeralditik atera dela Alemania, bi urte zenbaki gorriekin igaro ondoren. Euroguneko ekonomiarik handiena %0,2 hazi zen 2024arekin alderatuta, nahiz eta Trumpek hasitako eta erdizka utzitako merkataritza gerrak ez dion lagundu haren indarguneari, esportazioei.

Frantzia, %0,9

Frantziakoa da euroguneko ekonomia handienetan bigarrena, eta hark ere espero baino datu hobeak eman ditu. Inseek gaur azaldu du BPGa %0,9 handitu dela han, gobernuak iragarri baino bi hamarren gehiago. Edonola ere, aurreko urteetan baino gutxiago hazi da —%1,1, 2024an, eta %1,6, 2023an—.

Alemanian ez bezala, esportazioek lagundu egin diote Frantziako ekonomiari, bereziki hazi baitira aeronautika, itsasontziak eta zerbitzu digitalak. Europako Batasunak eta batez ere Alemaniak armagintzan gastua handitu izanak ere lagundu dio, sektore horretan ekoizle eta hornitzaile asko baititu Frantziak.

aeronautika
Hegazkinen salmentak eta gastu militarrak ekarpena egin diote Frantziaren BPGari. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE

Frantziaren ahulguneen artean familien kontsumoa dago, eta hori da, hain zuzen ere, Alemanian portaera onena izan duena.

Datu hobeagoak eman ditu Espainiak, han BPGa %2,8 hazi baitzen iaz. Aurreko urtean baino zazpi hamarren gutxiago da, baina urtearen amaieran bizkortu egin da hazkundea, Ekonomia Ministerioaren arabera, «familien kontsumoaren dinamismoari eta inbertsioari esker, nazioarteko giroa ziurgabea izan arren». Zehazki, inbertsioa %6,3 hazi zen, kopururik handiena 2018az geroztik. Horretan zerikusia izan du Espainia izateak Europako Next Generation funtsetatik diru gehien jaso duen herrialdea, Italiarekin batera.

Espainian sektore guztiak hazi ziren, baina batez ere eraikuntza (+%6,5) eta zerbitzuak (+%3,2). Industriak ere bilakaera ona izan zuen (+%2,3), baina oso apala nekazaritzak eta arrantzak (+%0,5).

Hazkundearen datuekin paparra atera du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak: «Espainia da bigarren urtez gehien hazi den ekonomia aurreratua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.