Lan egiten duen pertsona bat ez da pobreziatik salbu, are gehiago alokairuan bizi bada. Hori erakusten du Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako txostenak. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lan egiten duten eta alokairuan bizi diren pertsonen %13 pobrezia egoeran dago mailegua ordaindu aurretik, eta kopuru hori %31,1era iristen da mailegua ordaindu ondoren:Â 54.425 langile. Hau da, EAEn lan egiten duten eta alokairuan bizi diren hiru lagunetik bat pobrezia egoeran dago alokairua ordaindu eta gero.
Nafarroako datuei dagokionez, erakundeak azaltzen du lagina ez dela nahikoa, eta, hortaz, ez dela oso fidagarria. Baina jasotzen du langileak eta maizterrak diren %11,7 daudela pobrezia egoeran alokairua ordaindu aurretik, eta ordaindu ondoren: %43,3:Â 21.650 langile.
Hortaz, Hego Euskal Herrian alokairuan bizi diren 76.075 langile pobrezia egoeran leudeke.
Pobreziaren atalasea, biztanleriaren batez besteko errentaren %60 dela azaldu du Oxfamek, eta estatistikak alokairua, mailegua eta bestelakoak ere kontuan hartzen dituela, horiek zer-nolako eragina duten kalkulatzeko.
Oro har, Hego Euskal Herrian lan egiten duten behargin guztien %7,2 pobrezia egoeran daude —96.265 behargin—, txostenetik ondorioztatu daitekeenez: langile guztien %7,7 EAEn eta %5,6 Nafarroan.
Etxe bat maileguan duten beharginen kasuan, pobretuen portzentajea alokairuan daudena baino txikiagoa da:Â Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %4 pobreak dira hipoteka ordaindu aurretik, eta ordaindu ondoren %5,12, eta Nafarroan %2,5.
Faktore nagusia
Alejandro Garcia-Gil Oxfameko etxebizitza, enplegu eta gizarte politiketako arduradunak azaldu duenez, etxebizitza dela pobretzea eta herritarren arteko desberdintasuna areagotzen duen faktore nagusietako bat. «Etxegabetzeak dira etxebizitzaren krisiaren aurpegirik muturrenekoa, baina ez bakarra. Bada hain agerikoa ez den beste errealitate bat: lan egiten duten eta hibetero etxea ordaintzea nekez lortzen duten pertsonak, hortaz, ordaindu ondoren bizitza duin bati eusteko nahikoa diru sarrerarik ez dutenak».
Alokairuan bizi diren pertsonen egoera nabarmendu du Garcia-Gilek, eta bereziki migratzaileena eta «negoziazio gaitasun txikia duten oinarrizko sektoreetan» aritzen diren langileena.
Adierazi du Espainiako Gobernuak onartu berri duen etxebizitza dekretuak aukera eman dezakeela norabidea aldatzeko: «Ez dute egiturazko arazo bat konpontzen, baina lehen urratsa dira milioika pertsonaren sufrimendua arintzeko eta paradigma aldatzeko bidean aurrera egiteko».