Gero eta ageriagoa da Tubos Reunidoseko langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko talka. Akordiorako aukera urruntzen ari da, eta presioa handitzen. Amurrioko (Araba) plantako langileek greba mugagabera deitu izanak erakusten du lan gatazka hori beste fase batean sartuko dela aurki.
Gaur Amurrioko lantegian egindako batzar informatibo batean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek —enpresa batzordeko 21 ordezkarietatik hamalauk— greba mugagabera deitzeko proposamena egin dute. ESK sindikatuaren arabera, langileek bat egin dute, eta, CCOOk eta UGTk babestu ez arren, gehiengoak hartutako erabakia «errespetatu eta onartu» dute. Greba igandean hasiko dute, 22:00etako txandarekin batera; baina egun horretarako lau orduko lanuzte bat deituta dagoenez aurrez, praktikan arratsaldeko seietatik aurrera izango du eragina.
Enpresak eta langileen ordezkariek asteak daramatzate enplegua erregulatzeko espediente bat negoziatzen. 301 kaleratze aurreikusten ditu: 274 Amurrioko plantan eta 27 Trapagaranen (Bizkaia); 214 langile finko eta 87 behin-behineko. Grebara deitu duten sindikatuen arabera, orain arte egindako bileretan berretsi dute zuzendaritzak ez duela asmorik kaleratzeetan atzera egiteko.
Azken bileran, zuzendaritzak hobetu egin zuen hasierako bere proposamena: lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata eskaini zuen —hasierako proposamenean 30 ziren—, gehienez 24 soldataraino. Erretiro aurreratua hartzeko adina ere jaitsi zuen: hasierako 60-62 urtetik 57 urtera. Erretiro aurreratua hartzen dutenek, gainera, soldata gordinaren %70 jasoko lukete 65 urte bete arte, lehen proposamenean baino hamar puntu gehiago.
Dena den, enpresak eutsi egin zien kaleratzeei eta Amurrioko altzairutegia ixteko asmoari, eta sindikatuek argi utzi dute ez daudela prest halakorik onartzeko. Espedientea negoziatzeko azken bilera ostiralean egitekoa da.
Zuzendaritzaren «tranpa»
Enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko epea astelehenean amaitzen zen, baina bi aldeek luzatzea adostu zuten. Bozketak, baina, zatiketa sortu zuen sindikatuen artean: sei ordezkarik kontra bozkatu zuten, eta zazpik alde. Aldekoen artean zeuden UGTko eta CCOOko ordezkariak, baita Trapagarango plantako ELAko bi ordezkariek ere —Amurriokoek, berriz, kontra bozkatu dute—.
Horrek gatazka sortu du ELAren barruan. Gainera, EL Correo egunkariak jakitera eman duenez, Trapagaranen sindikatu horretako afiliatuek enpresaren azken proposamenaren alde egin dute: 113k eman dute botoa eta 107k babestu dute.Â
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk «[enpresako] zuzendaritzaren tranpan ez erortzeko» deia egin die bere kideei, eta sindikatuak agindutakoa betetzeko eskatu die. Bihar batzar batera deitu du Trapagaranen, mezu argi batekin: «ELAko ordezkari izaten jarraitzeko, printzipio horiekin bat egin behar da».
Sindikatu horren arabera, enpresak helburu jakin batekin diseinatu du enplegua erregulatzeko espedientea: «Langile batzuek besteak kaleratu ditzaten, lantaldeak elkarren aurka jarriz». «ELAk argi dauka ezin dela hain agerikoa den tranpa batean erori. Gure egitekoa ez da enpresak nahi dituen kaleratzeak kudeatzea», nabarmendu du. Uste du zuzendaritzaren proposamena onartzeak «egungo eta etorkizuneko enplegu suntsipena legitimatzea» ekarriko lukeela, «enpresak emandako arrazoiak ontzat jotzea» ekarriko lukeelako.
Sindikatu horren arabera, enpresak helburu jakin batekin diseinatu du enplegua erregulatzeko espedientea: «Langile batzuek besteak kaleratu ditzaten nahi du, [Amurrioko eta Trapagarango] lantaldeak elkarren aurka jarriz». «ELAk argi dauka ezin dela hain agerikoa den tranpa batean erori. Gure egitekoa ez da enpresak nahi dituen kaleratzeak kudeatzea», nabarmendu du. Uste du zuzendaritzaren proposamena onartzeak «egungo eta etorkizuneko enplegu suntsipena legitimatzea» ekarriko lukeela, «enpresak emandako arrazoiak ontzat jotzea» ekarriko lukeelako.