Negozioaren eta etikaren arteko eztabaida amaiezinaren beste kapitulu batzuk bizitzen ari gara orain, Gazako sarraskiak direla eta. Etikoa da dirua egitea beste norbaiten minaren bizkar? Zilegi al da negozioak egitea giza eskubideak bortxatzen dituztenekin? Harreman komertzialek-edo beste era batekoak izan behar dute erregimen autoritarioekin?
Galdera horiei erantzutea erraza dela uste duenak kontuan har dezala zuzena denaren eta ez denaren arteko eztabaida ez dela soilik enpresei edo estatuei dagokien zerbait. Herritar arruntari ere eragiten dio. Bangladeshko tailer ilunetan ia esklabo aritzen direnek jositako alkandorak erostea arazo bat da, ala ez? Etxepeko supermerkatuan ekoizleari miseria bat ordaindu ondoren 3x2 eskaintza batean hartutako produktuak ez du esplotazioa erakusten? Onargarria al da arma industria batean lan egitea? Edo zerga sistemari zirrikituak bilatzen dizkion aholkularitza bulego batean?

Israelen aurkako boikota dago orain mahai gainean, Palestinan daraman genozidioa eta garbiketa etnikoa dela eta. Baina zilegi da pentsatzea Saudi Arabiari, Irani edo beste hainbati ere egin dakiekeela boikota, emakumeak sistematikoki baztertzeagatik. Edo Txinari, uigurren aurkako errepresio bortitzarengatik. Edo AEBei beraiei, munduko bazter guztietan piztu edo elikatu dituzten gerrengatik. Edo, urrutirago joan gabe, Espainiari edo Frantziari...
Baina etikari dagokionez gauzak zuriak edo beltzak ez izateak ez du esan nahi gauza batzuk ez direnik gris oso-oso ilunak. Eta ez da asko esatea Jerusalemgo tranbiak, etikaren ikuspuntutik, kolore hori gainditzen duela. Militarki okupatutako lurralde batean okupatzailearen interesak sendotzen dituen lan bat egitea ez da zuzena. Ez zen 2019an —NBE Bazio Batuen Erakundeak 50 urtetik gora darama esaten Israelen okupazioa nazioarteko legearen aurkakoa dela—, eta are gutxiago orain, Israelek palestinarrekiko daraman politika oldarkorra izugarri gogortu denean.
CAFek adierazi du kontratua legezkoa dela, eta arrazoi du, ez baitago haren aurkako epairik. Beasaingo konpainiak argudiatu du «nazioarteko adituei» galdetu ziela kontratua nazioarteko legearen aurkakoa ote zen, eta giza eskubideak bortxatzen ote zituen; ezezko erantzuna jaso zuen bietan. Baina galdetu zuenerako ohartuko zen proiektua sikiera zalantzazkoa zela, eta ohartuko zen beste batzuei galdetuz gero erantzuna agian kontrakoa izango zela. Eta ohartuko zen haren ohiko lehiakideak proiektutik erretiratu egin zirela. Siemensek, Bombardierrek eta Alstomek arazorik ez zutela nahi erabaki zuten. CAFeko zuzendaritzak —bere langileen iritziaren aurka, portzierto— beste erabaki bat hartu zuen, eta erabaki horren ondorioak jasaten ari da orain.
Poltsa beteta
CAFek derrigorrezkoa zuen kontratu hori iraun ahal izateko? Ukaezina da diru askoko kontratu bat dela —1.800 milioi euro, baina horren zati bat Israelgo bazkide batentzat da—, baina CAF gai izan da ia-ia urtero bere enkarguen poltsa betetzeko. Atera kontuak: 2014an, 5.251 milioi euroren eskaerak zituen, eta hamar urte geroago, 14.685 milioi ditu. Hau da, lana ez zaio falta.
Baina, noski, kontratu bat ez egiteak edo erdibidean uzteak ez du inondik ere kostu bera. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du kontratua hautsiz gero konpainia desager daitekeela edo «kanpora joan». Baina inon bada Euskal Herrian errotutako enpresa bat, hura CAF da; langileak dira haren akziodun nagusiak, eta kapitalean daude Kutxabank, Kutxa fundazioa eta Eusko Jaurlaritza.
Egia da, noski, kontratua besterik gabe hausteak oso kostu handiak izango lituzkeela Beasaingo enpresarentzat, eramanezinak ziur aski. Tranbiak egiteko lehengaiak erosi ditu, azpikontratak enplegatu ditu... eta, proiektua utziko balu, milioi euro askoko kalte ordainak ordaindu beharko lizkioke tranbiaren sustatzaileari.
Eta kontuan hartu behar da trengintza ez dela marjina handiko negozio bat. Ehunka milioiko kontratuak dira, bai, baina etekina ez da izugarria. Kontratuak lortzeko lehia oso estua denez, eskaintzen diren prezioak asko findu behar dira, eta eraikitze prozesua luzea izateak ezusteko txarrak (materialen garestitzea...) ekar ditzake. Atera kontuak: 2024an, CAFek 4.212 milioi euroren salmentak egin zituen, eta horiek 103 milioi euroren irabaziak eman zizkioten. Hau da, %2,4ko irabazi marjina da, oso apala.

Hortaz, presioak presio, eta, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu duela ikusita, litekeena da CAFek proiektuarekin aurrera jarraitzea, eta bere izenak jasotako kolpearekin bizi behar izatea hurrengo urteetan.
Baina orain protestan ari direnek ezingo dute esan presioak ez duela ezertarako balio izan. Patronalek gogoko dute enpresek ez dituztela arazoak nahi esatea, eta polemika honek guztiak beste batzuei erakutsi ahal die kontu handiz ibili behar dutela etika eta negozioa nahasten diren ur uher horietan.
.