Pradalesek ukatu egin du CAF Gazako genozidioaren laguntzaile dela

«Palestinarren drama instrumentalizatzea» egotzi dio Sumarri, Beasaingo enpresari leporatzeagatik Israelen politikaren erantzule izatea. CAFek Jerusalemeko tranbiaren proiektua uzteko neurriak har ditzala eskatu du Jon Hernandezek.

Imanol Pradales Eusko jaurlaritzako lehendakaria, joan den astean. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales Eusko jaurlaritzako lehendakaria, joan den astean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 26a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela egun gutxi CAFi «hausnarketa etiko bat» eskatu eta gero, haren defentsa sutsua egin du gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gaiarekin «demagogiarik» ez egiteko eskatu zuen joan den asteko politika orokorreko bilkuran, eta gauza bera egin du gaur, Eusko Legebiltzarrean. «CAF ez da Gazako genozidioaren erantzulea», ziurtatu du, eta Jerusalem Ekialdeko lurralde okupatuetan tranbia bat egiteak Gazako sarraski hori laguntzen duela ukatu du.

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak eraman du Gazako genozidioaren gaia Gasteizko ganberara. Ziurtatu du CAFen proiektuak «Israelgo Gobernuaren apartheid politika laguntzen» duela, eta azaldu du nazioarteko zuzenbidearen arabera gerra krimena dela lurralde okupatuetan ezer eraikitzea. «Eta hori egiten ari da Israel proiektu horrekin; legez kanpoko kokaleku horiei eusteko funtsezko tresna bat da».

CAF defendatzea aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta kezkatuta azaldu da, «badirudielako gezurtatu egin nahi duela proiektu hori zer den: herri baten oinarrizko eskubideak bortxatzea laguntzen duen legez kanpoko okupazio baten tresna». Hori dela eta, Sumarreko legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio neurriak har ditzala CAFek tranbiaren eraikuntza utz dezan.

«Gazako genozidioaren erantzule nagusia Netanyahuren gobernua da; Israelgo Gobernua, Hernandez jauna»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek haserre erantzun dio Hernandezi. «Politikan denak ez du balio», esan dio, eta CAFen aurkako salaketa «oso larriak» egitea egotzi; «eta herri honetan ongi dakigu gauza hauek nola hasten diren, baina ez nola bukatzen diren». Lehendakariaren iritziz, CAFek ez du erantzukizunik Gazan gertatzen ari den horretan. «Gazako genozidioaren erantzule nagusia Netanyahuren gobernua da; Israelgo Gobernua, Hernandez jauna». 

«Palestinarren drama instrumentalizatzea» egotzi dio Pradalesek Hernandezi, eta bere egin ditu Beasaingo enpresak bere burua zuritzeko atzo emandako argudioak, hala nola aditu independenteen eta Nazio Batuetako Erakundekoen iritzia eskatu zuela kontratua sinatu aurretik, eta horiek esan ziotela tranbiaren eraikuntzak ez zuela nazioarteko legedia hausten. «Ez da legerik hautsi, eta hori diote epai judizialek; gainera, sindikatuek beraiek aldeko botoa eman zuten», gaineratu du Pradalesek.

2019an ere bai

2019an sinatu zuen CAFek kontratua Jerusalemeko garraio erakundearekin, eta eztabaida izan zen, baina oraingoa baino tonu apalagoan. Orduan ere, Jaurlaritzak Beasaingo enpresaren jokabidea babestu zuen. «CAFek erabat betetzen ditu nazioarteko legedia eta giza eskubideak», azpimarratu zuen Arantxa Tapia orduko Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, eta gogorarazi zuen CAFek proiektuaren inguruko legedia eta etika aztertu zituela.

Ordurako CAFeko akziodun zen Jaurlaritza; 2018ko urtarrilean erosi zituen akzioen %1,24, Kutxabankek kapitalean duen pisua txikitu nahi zuela baliatuta.

CAF
CAFen Urbos modeloko tranbia bat. Halakoak dira Jerusalemerako egiten ari direnak. CAF 

URBOs tranbien milagarren alea

Jerusalem Mendebaldea (Israel) hiriaren ekialdean palestinarrei ebatsitako lurrak lotzen dituzten bi tranbia linearako ibilgailuak egiten ari da gaur egun CAF. Urbos modeloko tranbiak dira, eta, hain zuzen ere, gaur jakinarazi du modelo horretako milagarren alea atera dela bere fabriketatik. Beasainen eta Irunen (Gipuzkoa) ez ezik, beste bost lantegitan ere eraiki dituzte Urbos tranbiak, eta gaur egun 38 hiritan ibiltzen dira.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.