Iker Aranburu.

Malda gora, eta erreserbak agortuta

2026ko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekialde Hurbileko gatazka amaigabeak itxura pixka bat hobea zuen duela hilabete eskas. Aste askoko gorabeheren ondoren, AEBek eta Iranek borrokak eteteko akordio bat lortu zuten, ez batak eta ez besteak irabazterik ez daukaten gerra behin-behinean eteteko. Baina analista askok ohartarazi zuten hauskorra zirudiela bake horrek, eta hala izan da. AEBek berriro hasi dituzte Iranen aurkako erasoak, eta Iranek berehala erantzun du, eta AEBen aliatuen aurkako erasoak ugaritu ditu.

Misilen eta bonben eragina, Iranen eta haren auzo herrietan ez ezik, mundu osoan ikusi da, autoak, kamioiak, itsasontziak eta hegazkinak erregaiz bete behar diren bakoitzean. Eta ez da asko faltako ongarrien, aluminioaren eta funtsezko beste produktu batzuen horniduran ere estutasunak agertzeko.

gasolina
Gasolinaren prezioaren errua Trumpi egozten dion eranskailua, Houstoneko gasolindegi batean. CARLOS RAMIREZ / EFE

Erregaien gaira itzulita, Tourreko etapa menditsu baten antza izan dute aurten gasolinaren, gasolioaren eta kerosenoaren prezioek: gorakada bizia izan zuten otsailaren 28an Israelek eta AEBek Irango erregimenaren aurkako erasoak hasi zituztenean, gero gorabeheratsu egon ziren su etenerako aukerak piztu eta zapuztu ahala, eta ondoren behera egin zuten nabarmen borrokak eten zirenean. Orain, berriz, berriz aldapa pikoan gora doaz: azken astean, Brent erreferentziako upela %15 garestitu da; hots, 76 dolar balio zuen lehen, eta 88 orain.

Gasolindegietan ere antzeman da gerraren berpiztea: gasolina litroak 1,479 euro balio zituen Euskal Herrian ekaineko azken astean, eta 1,6 euro orain; gasolioa, berriz, 1,535 eurotik 1,627ra igaro da.

Noraino iritsiko da malda? Bigarren edo lehen mailakoa izango da, hala hors categorie horietako bat?

Biltegiak, hustuta

Erantzun bat emateko, egokia da berriro ere petrolioaren merkatua txirrindularitzarekin alderatzea. Etapa hasieran indar erreserbak beteta egoten direnez, errazagoa da aurrekoen erritmoari jarraitzea, baina, kilometroek aurrera egin ahala, erreserbak agortu eta pott egiteko arrisku handiagoa izaten da. Bada, halakoxe arriskua dago petrolioarekin gauza bera gerta dadin.

Kontua da Ormuzko gerraren lehen zatian prezioak ez zirela handitu iragarpen ezkorrenek uste zuten bezainbeste. Gerraren aurretik, Ormuzko itsasartetik igarotzen zen munduak egunero kontsumitzen duen petrolioaren bosten bat inguru, eta hori gabe eskasia iritsi eta prezioak neurriz kanpo handituko zirela iragartzeak ez zirudien astakeria bat. Baina ez zen halakorik gertatu.

Hainbat arrazoi zeuden horretarako. Batetik, kontsumoaren jaitsiera, batez ere Txinarena —hara doa Persiar golkoko petrolio gehiena, eta erdira gutxitu ditu inportazioak—. Bigarrenik, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak gai izan dira itsasontziz garraiatzen zuten urre beltzaren zati bat —bost milioi upel egunean— petroliobideetatik merkaturatzeko. Eta kontuan hartu behar da beste herrialde batzuek —AEBek, Brasilek, Guyanak...— ekoizpena handitu ahal izan dutela.

Irangoak dira gerrako biktima gehienak, baina hildako horiek pisu gutxiago dute gerraren bilakaeran gasolina makinek erakusten duten prezioak baino

Baina salneurriak maila onargarri batean mantentzeko arrazoi nagusia izan da petrolio eta erregai erreserbak beteta zeudela, eta herrialdeek eta petrolio konpainiek haietara jo ahal izan zutela Persiar golkoan trabatutako petroliontzien emaria konpentsatzeko.

Orain, ordea, erreserba horietako asko agortuta daude edo agortzear daude, Energiaren Nazioarteko Agentziak eta artekari askok ohartarazi dutenez. AEBen erreserba ofiziala ez da hain hutsik egon 1983az geroztik, eta konpainia pribatuen biltegietan ere gutxi geratzen da.

iran
Lindsey Graham AEBetako senatari hilaren aurkako kartela bat, Teheranen. ABEDIN TAHEERKENAREH / EFE

Horiek horrela, eta erasoek bere hartan jarraitzen badute, pentsatzekoa da hurrengo asteotan gehiago garestituko dela petrolioa eta, ondorioz, baita gasolina eta gasolioa ere.

Azaroko helmuga

Noiz arte aurreratzea oso zaila da, batez ere jakinda Donald Trumpen aldartea zein bizkor aldatzen den. Baina hark du, oraintxe, borrokak gehiegi ez luzatzeko interesik handiena. Hari egiten diote minik handiena gasolinaren prezio gero eta handiagoek; tira, zuzenago esanda, AEBetako herritarrei egiten die kalte, baina haien esku dago erabakitzea nola amaituko den Trumpen agintaldi politikoa. Azaroan, agintaldi erdiko hauteskundeak izango dira AEBetan —Senatuaren heren bat eta Ordezkarien Ganbera osoa berrituko dituzte—, eta, gasolina zenbat eta garestiago izan, orduan eta aukera handiagoa dago Trumpen errepublikanoek hautesleen zaplazteko bat jasotzeko. Hala balitz, presidenteak AEBetako Kongresua aurka izango luke bere azken bi urteetan, eta nahieran gobernatzeko azaroak izango lituzke.

Hortaz, esan daiteke Irango agintariek denbora alde daukatela. Irangoak dira gerrako biktima gehienak —50 hil eta 500 zauritutik gora aste honetan, gobernuaren arabera—, baina hildako horiek pisu gutxiago dute gerraren bilakaeran gasolina makinek erakusten duten prezioak baino. Bere iraupena bera jokoan du Teherango erregimenak, eta gorpu batzuek eta txikitutako azpiegitura batzuek nekez eramango dute amore ematera. Tristea da oso, baina gerra da, eta ez Tourra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA