urtzi urkizu

'Harry Potter' ere Netflixen

2025eko abenduaren 5a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Koronabirusaren itxialdi garaian, streaming plataformen harpidetzek eta kontsumo orduek gorantz egin zuten nabarmen. Han eta hemen aipatzen zen goia joko zuela horrek, eta beherakada iritsiko zela gero. Plataformen burbuila lehertuko zela ere sektoreko askoren ahotan zen. Baina jendea kalean (eta turismoan) suelto dabilela, ikus-entzunezkoen kontsumoak ez du beherantz egin. Eta kontsumo horretan, Youtube eta Netflix ari dira gailentzen.

Ordainpeko plataformen lehian, Netflix da buru. Datozen bost urteei begira, sarrera eta irabazietan goranzko joerarekin jarraituko dutela aipatu izan dute konpainiako arduradunek. Kontua da orain jaun eta jabe bihurtuko dela, are gehiago Warner Bros estudioak eta HBO Max plataforma erosi eta gero.

Ted Sarandos Netflixeko zuzendaria
Ted Sarandos Netflixeko zuzendaria, Londresen, azaroaren 13an. TOLGA AKMEN / EFE

Algoritmoak aginduko du datozen urteetan etxe gehienetan zer ikusi. Adimen artifiziala tarteko, Netflixek asko hobetu du ikus-entzulearentzako «eskaintza pertsonalizatua». Bukle batean ere murgildu dezake sarri ikuslea. Hortaz, ez da kasualitatea Netflixen erosketa handia kezkaz begiratzea zenbait eremutatik.

Duela egun batzuk, Netflixek iragarri zuen Warner Broseko filmak zinema aretoetan emango dituela, estudio horiek erosiz gero. Beste kontu bat da ea Hollywooden eta estudio horien bueltako langileekin zer gertatuko den. Warner Bros Discovery konpainian ere izan dituzte murrizketak lehenago, eta halako batean iritsiko dira kaleratzeak. Litekeena da edukien homogeneizazioaz kezkatzeko arrazoiak ere egotea, Netflix apur bat ezagututa.

HBO Max-en 'HARRY POTTER' telesaila filmatzen hasi dira
HBO Max plataformak uztailean hasi zituen 'Harry Potter' telesailaren grabaketak. Netflixen ikusi ahalko da lana, 2027an. AIDAN MONAGHAN / EFE

Streaming plataformako katalogoan, Netflixek marka sendoak bereganatu ditu erosketa horri esker. Lidergoa indartu egingo du, argi denez. Kasurako, 2027an Harry Potter telesail berria estreinatuko du HBOk. Game of Thrones-en bueltan egiten ari diren spin-off-ak eta The Last of Us arrakastatsua ere hor daude, baina J. K. Rowlingen liburuen egokitzapenak zale ugari erakarriko dituela espero daiteke.

Azken orduetan, bada kezka HBOren zaleen artean Netflixek zer egingo ote duen. Kalitate zigilua baitute HBOren telesailek. Ez litzateke emari erakargarri hori aldatu behar edukiontzia aldatzen delako. Ezin da dena orain antzeman: iritsiko dira aldaketak.

Ziur ikusten da, behintzat, Amazon Prime Videok, Disney Plusek, Apple TV Plusek eta Paramountek oso-oso zail izango dutela Netflix-HBO binomio erraldoiarekin lehiatzea. Konpainia handiak dira horiek ere, baina zerbait asmatu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.