joxerra senar

Hithium: Paris urrun da oraindik

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol kazetaritzako topikoak dioen bezala, Parisera iritsi arte ez dago Tourra irabazterik. Antzera, Hithium Txinako bateria ekoizleak eta Nafarroako Gobernuak azken akordioa sinatu arte, ez dago %100 ziurtatuta. Norabide horretan lehen urrats sendoa egin dute asteon Txinan bi aldeek, eta konpainiak Nafarroan ezartzeko konpromisoa adierazi du. Azkenean aurrera aterako balitz, 405 milioi euroko inbertsioa litzateke, inoizko bigarren handiena: lehen aldian, 700 enplegu sortzea espero da, eta bigarrenean, mila inguru orotara.

Oso kopuru handiak dira duela zortzi urte eskas sortu zen konpainia batentzat. Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, trantsizio energetikoaren zabaltzeari begira, sektore estrategikoa da; eta Hithiumek Europara hedatzeko orduan Nafarroa aukeratu izanak bertako industria eta ezagutza ekosistemaren balioa azpimarratzen du. Bi aldeek dute zer irabazi: Hithiumentzat Nafarroa Europarako sarbidea izan daitekeen bezala, Nafarroarentzat ere ezinbestekoa da akordioa gauzatzea, Txinako beste enpresa batzuk erakartzeko atea irekiko lukeelako.  

Hala ere, guztia tentu handiz hartzea komeni da. Hasteko, letra txikiak zer dioen jakitea falta da. Duela hilabete aurreratu zenaren arabera, proiektua lankidetza akordio bidez egingo da, baina gobernabidea, finantza alorra eta teknologia nola uztartuko diren ez da oraindik jakinarazi. Alegia, Nafarroan eraikiko den fabrika horretan zer beste bazkide egongo dira? Sozietate horretako kapitala nola elkarbanatuko da, eta horrek zer ondorio izango ditu erabaki ahalmenean? Horri loturik, zer laguntza publiko jasoko ditu proiektuak, eta orotara zer ekarpen egingo du Nafarroako Gobernuak? Hori ikusirik, zer berme eta konpromiso eskatuko dizkio Nafarroako Gobernuak Hithiumi? Guillermo Alonso Sodenaren atzerriko inbertsioen arduradunak azaldu duenez, hogei esparru identifikatu dituzte elkarrizketetan.

Kultur talka

Eta xehetasun ekonomikoez harago, kultur diferentziak ere garrantzi handia du. Azken bizpahiru hamarkadetan Euskal Herritik Txinara enpresa ugari joan dira (Irizar, Mondragon, Viscofan, Ormazabal, Siemens Gamesa...), eta hango erakundeekin eta enpresekin jardunez esperientzia handia pilatu dute. Orain, inbertsioen joera iraultzen ari den honetan, euskal erakundeei dagokie kultur arrakala hori betetzea. «Kultur talka handia izan dugu, baina uste dut tekla egokia jo dugula eta Txinako enpresa kulturak eta Nafarroakoak bat egin dutela», esan du Alonsok. Hithiumek, berriz, Nafarroaren «eraginkortasuna» nabarmendu du.

Atzean Jaurlaritzari eginiko kritika suma badaiteke ere, hitz horiei zentzua eman behar zaie. Izan ere, zer da eraginkortasuna Hithiumentzat? Iaz Jaurlaritzak lankidetza akordioa egin zuen harekin, eta bertan ezarri ahal izateko Txinak eskatzen duen eskema bera proposatu zitzaien txinatarrei: Mondragon korporazioa industria bazkide sendo gisa, partaidetza eta erabaki ahalmena elkar partekatuz. Hithiumek uko egin zion eskaintzari. Txinan, eskema horrek teknologiaren eta ezagutzaren transmisioa egiteko modua eman die bertako enpresei, eta, horregatik, logika horri berari Hithiumek ezezkoa eman izana kezkagarria da.   

Txinako enpresak erakartzeko orduan, kezka hori bera adierazi du Europako Batzordeak. Industria bizkortzeko legean, deskarbonizazioari lotutako sektoreetan inbertsio jakin batzuen arriskuaz ohartarazten du: balio erantsirik sortu ez eta Europako hornidura kateari kalte egin diezaiekete. Hori eragozteko, babes neurriak eta teknologia transmisioa bermatzeko baldintzak ezartzeko beharra azpimarratzen du. Mikel Irujo Industria kontseilariak bat egiten du ikuspegi horrekin, eta ziurrenik negoziazioetan presente egon da auzi hori.

Nafarroako Gobernuko eta Hithium enpresako ordezkariak, Xiamengo (Txina) egoitzan. NAFARROAKO GOBERNUAK UTZITAKO IRUDIA
Nafarroako Gobernuko eta Hithium enpresako ordezkariak, Xiamengo (Txina) egoitzan. NAFARROAKO GOBERNUA

Orain gutxira arte guztiz ezezaguna zen Hithium, baina bizpahiru urtetan fakturazioa laukoiztu du, eta etorkizunera begira potentzialitate handiko litiozko ioi baterien produkzioan mundu mailako bigarren enpresa handiena bilakatu da. Ibilgailu elektrikoen zein energia berriztagarrien arloan puntako enpresen hornitzaile da gaur egun, eta mendebaldera hedatzeko estrategia betean murgilduta dago: iaz, AEBetako Texas estatuan, Mesquite hirian 200 milioi dolarreko lantoki bat inauguratu zuen; Europan, berriz, Nafarroan ezartzeko asmoaz harago, Europa ekialdean energia bateriak hornitzeko akordio bat hitzartu du Solarpro enpresarekin.

Hain hazkunde azkarrak bertigoa eragiten du ezinbestean. Horregatik, Hithiumen arrisku profila erne zaintzeko modukoa da, biltegiratze sistemek potentzialtasun handia badute ere.

Hain hazkunde azkarrak bertigoa eragiten du ezinbestean. Horregatik, haren arrisku profila erne zaintzeko modukoa da, biltegiratze sistemek potentzialtasun handia badute ere. Trantsizio energetikoaren arloan hainbeste egitasmo izaki, BNEF erakundeak gida moduko bat eskaintzen die inbertitzaileei, proiektuen arrisku eta aukerak baloratzeko: zerrenda horretan kalitateko Tier 1 atalean kokatu du Hithium, luzarorako inbertsioak finantzatzeko gai dela islatuz. Alta, bere zor mailaren eta kaudimenaren datu zehatzik ez dago. Era berean, Hong Kongeko burtsan akzioak saltzeko bi saiakera egin ditu, baina azkenean ez ditu epeak bete. Era berean, CATL lehiakideak jabego intelektualaren legeak urratu eta teknologia eta langileak ebatsi izana leporatu dio Wu Zuyu Hithiumeko sortzaileetako bati. Konpondu gabeko auzi bat da hori.

Horrek guztiak agerian uzten du zuhurtzia handiz jokatu behar dela albistearen distiraren aurrean. Hithiumek lantokia datorren urtean abiarazi nahi badu ere, Nafarroako Gobernuak onartu du «urratsez urrats» mugitu behar direla. Arestiko topikora itzuliz, Parisko helmuga urrun da oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA