Iker Aranburu.

Indiarekin, traktoreak garajean

2026ko urtarrilaren 29a
15:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko eta Europako nekazariek ez dituzte bereziki maite merkataritza akordioak. Gogor salatu zuten Europako Batasunak Kanadarekin izenpetutako CETA ituna, eta, puntu gehienak indarrean dauden arren, EBko hamar estatu kidek ez dute berretsi oraindik. Orain jo eta ke ari dira EBk Mercosurrekin hitzartu berria oztopatzeko ahaleginetan, eta ikusi beharko da zer erantzuten duten Bruselak bere politikari eutsi eta Australiarekin tratua ixten badu.

Gauzak horrela, deigarria da aste honetan Indiarekin lortutako itunak —«akordio guztien ama», Ursula von der Leyenen definizio arranditsuaren arabera— ez eragin izana nekazarien kexurik. Arrazoia nahiko sinplea da: nekazaritza arloko gai arantzatsuak itunetik kanpo geratu dira. Ondorioz, EBren esnekien ateak itxita jarraituko du Indian, eta EBk ez du igoera handirik izango Indiako behiki, hegazti haragi, arroz eta azukre inportazioetan.

Are gehiago, norbaitek irabaztekotan, EBko nekazari batzuek badute zer irabazi itunarekin, mahastizaintzan eta oliogintzan ari direnek esaterako, haien produktuen gaineko muga zergak asko txikituko direlako edo erabat desagertuko. Indiako erdiko klasea bizkor ari da handitzen, eta Europako ardoaren, pattarraren eta oliba olioaren egarri da, Indian produktu horiek ia ez baitira ekoizten.

INDIA nekazariak
Indiako nekazariak poliziengandik ihesi, Ambalan, 2024an. RAJAT GUPTA / EFE

Europako Batzordeak ez zuen gogo handirik Europako nekazariak berriro sumintzeko, baina, egia esan behar bada, New Delhitik etorri da nekazaritza gai gehienak itunetik kanpo uzteko mugimendu nagusia. Izan ere, oraindik orain nekazaritza da indiarren ogibide nagusia: EB osoan bederatzi milioi etxalde daude, baina Indian ia 150 milioi dira. Ondorioz, nekazaritza gai sentiberagoa da New Delhin Bruselan baino. Hori argi geratu zen 2021ean: gobernuak erreforma sakonak egin nahi zituen nekazaritzan, baina protesta masiboek —ehunka mila nekazarik hiriburua okupatu zuten— atzera egitera behartu zuten Narendra Modi lehen ministroa, eta hori ez da batere ohikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA