Egonkortasuna bilatzeko ariketa bat izan zen brexit-aren erreferenduma David Cameron Erresuma Batuko orduko lehen ministroarentzat; bere alderdiko euroeszeptikoak behingoz isiltzeko, eta UKIP alderdiari burua moztuz kontserbadoreak boterean sendotzeko. Horretan ere huts egin zuen Cameronek, desegonkortasun politikoa izan baita brexit-aren ondorio nabarmenetako bat. Hasteko, moztutako lehen burua Cameronena berarena izan zen, baina haren atzetik etorri diren beste bost gobernuburuek ere ohi baino agintaldi laburragoa izan dute: neurri batean edo bestean, EBtik irteteko erabakiak eragindako krisi politiko eta ekonomikoaren ondorioz.
Seigarrena Keir Starmer izan da; aste honetan iragarri du dimisioa emango duela, alderdi laboristako diputatu gehienen babesa galduta zeukala ikusita.

Haren ondoren, azken hamar urteotako zazpigarren lehen ministroa Andy Burnham izango da, Manchester Handiko alkate laborista. Bizpahiru aste barru da kargua hartzekoa, eta hasieratik Starmerrek aurrean izan zuen erronkari erantzun beharko dio:Â nola lortu Erresuma Batuko ekonomia brexit-az geroztik izan duen pattalalditik ateratzea, eta horrek herritarren artean sortu duen ezkortasuna gainditzea.
Izan ere, EBtik ateratzeak ez zuen atzeraldi sakonik ekarri, ezta langabezia masiborik ere. Baina, 2016ko ekainaz geroztik, gurpil bat zulatuta ibili da Erresuma Batuaren autoa: EBren gainetik haztera ohituta, azken hamar urteetan gutxiago hazi da, inflazio handiagoa izan du, zorra gehiago handitu du, diru faltak zerbitzu publikoen kalitatea okertu du, eta, libera ahulagoaren ondorioz, bere herritarrak pobretu ditu. Eta horrek sortutako ezinegonak elikatzen ditu muturrean dauden alderdiak, Nigel Farageren Reform UK ultraeskuindarra eta haren eskuinaren muturrean sortutako beste alderdi bat, Restore.

Horiek horrela, Burnhamek, Starmerrek azken bi urteetan bezala, galdera bati erantzun behar dio: zer harreman nahi du Erresuma Batuak EBrekin?Â
Erreferendumaren urteurrena dela medio, gaia berriro lehen lerrora itzuli da Erresuma Batuko eztabaida politikora, eta ideia bat orokortu egin du: EBtik ateratzea erabaki kaskarra izan zen. Inkesta guztietan, gehiengo oso handi batek esaten du kaltegarria izan zela, eta gehiengo pixka bat txikiago batek esaten du EBra itzultzea dela irtenbidea.
Baina halakorik ez du egingo Burnhamek, ez bederen legealdiari geratzen zaizkion hiru urteetan. Arrazoi asko daude horren atzean. Batetik dago laboristek beren hauteskunde programan agindu zutela ez zituztela gaindituko bere garaian Theresa May orduko lehen ministroak 2018an finkatutako marra gorriak; hau da, Erresuma Batua ez dela merkatu bakarrean edo aduana batasunean sartuko. Bestetik, laboristen boto emaile gehienak EBren aldekoak izan arren, hauteskundeak irabazteko derrigorrezko dituen barruti batzuetan euroeszeptizismoa oraindik bizirik dago, eta ez dizkio boto emaile horiek Farageri oparitu nahi. Horietako batean hautatu dute Burnham diputatu.
Bruselaren zalantzak
Ikusteko dago zer gogo duen orain Bruselak Erresuma Batua berriro onartzeko. Europa batuaren proiektuari lagunduko lioke, militarki ere bai, baina EB eroso dago oraingo egoerarekin, eta Londresekin negoziazio gogor batean sartzea ez diren beste lehentasun batzuk ditu. Are gehiago jakinda Farageren mamua hor dagoela, edozein negoziazio zapuzteko prest. Faragek berak eta Kemi Badenoch kontserbadoreen buruak iragarri dute ez dutela harreman estuagorik nahi EBrekin, eta oraingo gobernuak sinatzen duen edozer atzera botako dutela gobernura iritsiz gero.Â
Hortaz, zer gertatuko da Burnhamekin hurrengo hiru urteetan?Â
Ba, ziur aski, Starmerren bidea hartuko duela, bere estiloan bada ere. Hau da, urratsez urrats joango da, eta bizkorrago joateko aukera hurrengo hauteskunde ziklorako utziko du, ordurako giro egokiagoa ikusten badu.
Pentsa liteke Burnhamek bere aurrekoek baino egonaldi luzeagoa izango duela Downing Streeten; batez ere, laboristek ezin dutelako beste lider bat erre
Hurrengo pausoa, gainera, aurki emateko aukera du Burnhamek, Starmerrek bi gai ia-ia lotuta utzi baititu —elikagaien gaineko burokrazia txikitzea eta CO2 emisioen merkatuak bateratzea—, eta ez dago hain urruti beste bat ere —gazteen mugaz gaindiko joan-etorriak erraztea—. Uztailaren 22an ziren Londres eta Brusela goi bilera bat egitekoak gai horiek ixteko, baina Starmerren dimisio geroratuak bilera etenarazi dio Europako Batasunari.
Hortik aurrera, egiteko zailtasun nagusi bat dago: herritarren joan-etorriak. Starmerrek —eta agian Burnhamek ere bai— modu batera edo bestera bilatu nahi zituzten EBren merkatu bakarraren abantailak, baina salgaien mugimenduarekin askatasunarekin lotuta dagoen beste askatasun bati uko eginez, hau da, pertsonen mugimendu askeari.
Bruselak, sendo, ezetz esan dio, bi horiek lotuta daudela, eta hala jarraituko dutela. Hori egiteko arrazoi nagusia ez da Erresuma Batuari kalte egitea, baizik eta merkatu bakarraren printzipioei izkin egiteak ateak zabalduko lizkiokeela kontinenteko eskuin muturrari. Azken horiek, nagusiki, ongi ikusten baitute salgaiak libre mugitzea, baina ez dira hain liberalak pertsonen joan-etorriez den bezainbatean, ez behintzat pertsona horiek pobreak badira.Â

Horiek horrela, Burnham izango al da brexit-aren madarikazioaren zazpigarren biktima? Politikan ezin da inoiz jakin, baina, eskandalurik edo halakorik ez badago, pentsa liteke Burnhamek bere aurrekoek baino egonaldi luzeagoa izango duela Downing Streeten. Hasteko, teorian behintzat, Starmer baino politikari trebeagoa delako, saltzaile hobea; baina, batez ere, laboristek ezin dutelako beste lider bat erre.
Denborak esango du Burnhamek arrakasta duen ala ez, baina gauza bat behintzat aurreratu daiteke: EBtik kanpo, Erresuma Batuak zailagoa dauka bere egoera ekonomikoa suspertzea, eta, hori gertatzen den bitartean, zabalik jarraituko du Bruselarekin izango duen harremanari buruzko eztabaida amaiezinak.