Keir Starmerrek ezin izan dio eutsi. Duela hilabete pasa, udal hauteskundeetan danbatekoa jaso ondoren, Erresuma Batuko lehen ministroaren agintea zalantzan jarri zuten Alderdi Laboristako kideek. Orduan aurrera segitu zuen Starmerrek, eta esan zuen, gainera, ez zuela amore emango. Azkenean, baina, onartu du laboristen talde parlamentarioak ez duela berarengan konfiantzarik, eta dimisioa emango duela iragarri du gaur.Â
Downing Streeteko 10. zenbakiaren aurrean eman du erabakiaren berri. Adierazpen bat irakurri du, eta nabarmendu erabaki bat hartu duen bakoitzean «maite» duen herrialdea «lehenetsi» duela. Emazteak lagunduta atera da eraikinaren atetik, eta albo batean hamabost-hogei metrora zituen bere gobernuko kideak eta aholkulariak. «Nire alderdiak bere buruari galdetzen zion ea ni ote nintzen pertsonarik egokiena datozen hauteskundeetarako. Nire talde parlamentarioaren erantzuna entzun dut», azpimarratu du. Izan ere, maiatzean jada argi geratu zen ez zuela haien babesik.Â
Alderdi Kontserbadorea hamalau urtez jarraian agintean egon ondoren hartu zuen Starmerrek lehen ministro kargua. Erreformak agindu zituen, baina horiek ez betetzea egotzi diote bozka hari eman ziotenek. Ipsos etxeak iaz urtearen amaieran kaleratu zuen inkesta baten arabera, britainiarren %13k soilik jotzen zuten ontzat haren agintaldia; 1977an inkesta hori egiten hasi zirenetik lehen ministro batek izandako onarpen mailarik txikiena zen. Etxe horrek berak herritarrei galdetu zien maiatzaren 8 eta 12 bitartean —hain zuzen, laboristek udal bozetan emaitza kaskarrak lortu eta hurrengo egunetan, Alderdi Laboristaren barruan krisia piztu zenean— ea nork izan beharko lukeen laboristen hautagaia hurrengo bozetan, eta %66 erantzun zuten Starmerrek ez lukeela izan beharko.
Dena den, gaurko hitzaldian, lorpentzat jotakoak goratu ditu, eta bere kudeaketa defendatu. «Duela sei urte, laboristen lider bihurtzean, alderdia lur jota zegoen ekonomikoki, politikoki eta moralki. Behin eta berriz esan zidaten ezinezkoa zela gehiengo parlamentario bat lortzea», gogoratu du. «Erakutsi genien oker zebiltzala, eta alderdia aldatu genuen. Berriz ere konfiantza lortu genuen esparru ekonomikoan, defentsakoan, segurtasun nazionalean, eta lortu genuen bandera nazionalaz harro zegoen alderdi bat izatea berriro».
Erresuma Batuko hainbat hedabidek atzo kaleratu zuten, lehen ministroaren inguruko iturriak aipatuz, Starmer gaur zela karguari uko egitekoa, eta halaxe izan da. Bi urte ere ez ditu egin gobernuburu gisa. 2024ko uztailaren 5ean hartu zuen kargua, Parlamenturako hauteskundeetan nabarmen irabazi ondoren. Azkeneko hamarkadan sei lehen ministrok dimititu dute.
Ordezkoa aukeratzeko, primarioak martxan jarri beharko ditu Alderdi Laboristak. Lehen ministroak azaldu duenez, Charles III.a erregeari, estatuburuari, jakinarazi dio erabakia, eta uztailaren 9an dira irekitzekoak hautagaitzak aurkezteko epea. Oraingoz, Andy Burnham Manchesterko (Ingalaterra) alkate ohia da aurkeztuko dela iragarri duen bakarra. Joan den astean irabazi zituen Makerfield barrutiko bozak, eta, horrenbestez, Komunen Ganberako parlamentari bihurtu zen; ezinbesteko baldintza laboristen primarioetan lehiatu ahal izateko.Â
Ikusi gehiago
Bigarren baldintza zera da, gutxienez Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20ren babes formala edukitzea; oraingo honetan, gutxienez 81 parlamentarirena beharko luke, 405 dituzte eta. Starmerren esanetan, prozesua bi aste pasa barru hasita, ziurtatuko dute irailerako, Komunen Ganberak udako oporraldiaren ondoren saioak berriro hasten dituenerako, herrialdean lehen ministro bat edukitzea. Uztailaren 9tik aurrera, hautagaitza aurkeztu nahi duenak astebete edukiko du horretarako. Orain hilabete pasa nahiko argi geratu zen Burnhamek babes handia duela; beraz, beste hautagairik aurkezten ez baldin bada, baliteke Burnhamek uztail erdialde inguruan eskuratzea Downing Streeteko 10. zenbakiko giltzak.
NOLA ERORI DIREN LEHEN MINISTROAK AZKEN HAMARKADAN
- David Cameron (2016-06-24). Europako Batasunaren barruan jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma egin zuten Erresuma Batuan 2016ko ekainaren 23an, eta ezezkoa nagusitu zen. Brexit-aren kontrakoa zenez, Cameron toryak dimisioa eman zuen hurrengo egunean. Sei urte egin zituen karguan.
- Theresa May (2019-05-24). Alderdi Kontserbadoreko primarioak irabazi zituen; urtebete geroago, ordea, 2017ko boz orokorretan, toryek gehiengo osoa galdu zuten, eta, EBtik dibortziatzeko prozesu betean, horrek Mayren jarduna baldintzatu zuen. Komunen Ganberak hirutan esan zion ezetz Mayk eta EBk 2018ko azaroan egin zuten irteerarako akordioari, eta Mayk, etsita, dimititu egin zuen 2019ko maiatzaren 24an.
- Boris Johnson (2022-07-07). Hauteskunde orokorrak nabarmen irabazita hartu zuen toryak kargua, 2019ko uztailean. Karguan egon zen ia hiru urteetan, gobernu barruko hainbat eskandalu azaleratu ziren, eta horrek Alderdi Kontserbadorea higatu zuen. 2022ko maiatzeko udal hauteskundeetako emaitzak ez ziren onak izan, eta, kabineteko 60 kide ingururen dimisioek bultzatuta, Johnsonek 2022ko uztailaren 7an eman zuen amore; hori bai, alderdikideak akusatuz.
- Liz Truss (2022-10-25). Alderdi Kontserbadoreko primarioak irabazi ondoren izendatu zuten lehen ministro, 2022ko irailean. 45 egun besterik ez zuen egin karguan. Azken mende erdiko zerga jaitsierarik handiena planteatu zuen, hori finantzatzeko herrialdea zorpetzea proposatuz. Merkatuek eta inbertsiogileek kontra egin zioten. Trussek barkamena eskatu zuen «hutsegiteengatik», eta handik gutxira dimisioa eman zuen, urriaren 25ean.
- Rishi Sunak (2024-07-05). Primarioak irabazi zituen. Ia bi urtez egon zen karguan, baina 2024ko uztaileko boz orokorretan emaitza oso txarrak izan zituzten toryek —244 parlamentari galdu zituzten—, eta dimititu egin zuen.
- Keir Starmer (2026-06-22). Komunen Ganberarako hauteskundeetan gehiengo oso historiko bat lortu zuten laboristek 2024ko uztailean, eta Starmerri eman zizkioten Downing Streeteko 10. zenbakiko giltzak. Ondorengo bi urteetan, baina, ez ditu hitzemandakoak bete —hori leporatu diote herritarrek—; joan den maiatzeko udal hauteskundeetan laboristek lortutako emaitza txarren erantzuletzat jo zuten, eta, gainera, ‘Epstein auziak’ zipriztindu du.Â
Starmerren erabakia ez da ezustean iritsi. Kinka larrian zegoen maiatzetik; udal bozetako emaitzek krisia eragin zuten alderdi barruan. Orduan, jada, Burnhamen izena ahoz aho zebilen. Ezin zuen primarioetara aurkeztu, ordea. Baina joan den astean parlamentari bihurtu zen, eta prest agertu zen Starmerri erronka jotzeko eta laboristen lider bihurtzeko. Starmerrek adierazi zuen lehiarako prest zegoela, baina egun batzuk geroago iritsi da dimisioa.