Iker Aranburu.

Trumpen garaipen politikoa

2025eko uztailaren 28a
13:11
Entzun 00:00:0000:00:00

«Urakan bat espero duzunean, pozik zaude ekaitza besterik izan ez duzulako». Wolfgang Grosse Alemaniako kimikaren sektoreko patronaleko presidentearen hitzek ederki laburtzen dute zergatik onartu dituen Europako Batzordeak %15eko muga zergak. Beste hitz batzuekin bada ere, hala onartu du Maros Sefcovic Merkataritza komisario eta EBren negoziatzaile nagusiak ere: «Agian itunak ez du itxura onik», esan du, baina %30eko muga zerga batzuen emaitza «jasanezina» izango zela ziurtatu du, eta, «milioika lanpostu galdu ondoren», EBk jarrera ahulago batez negoziatu beharko zukeela.

%15eko muga zergak Donald Trump iritsi aurrekoak halako lau dira, eta zalantza gutxi da kalte egingo diotela Europako Batasunari. Ekonomia esportatzaile bat da, eta, AEBak izanik haren bezero nagusia, min egingo dio hartu-eman hori garestitzeak.

Baina, aldi berean, hitzartutako muga zergak txarrak baina eramangarriak izango dira enpresa eta sektore askorentzat, batez ere lortzen badute inportatzaileek osorik bere gain hartzea haien kostua —berez, haiei dagokie ordaintzea—, edo partzialki —esportatzaileak prezioa jaitsita—.

Trumpek aipatutako %30eko muga zergek, ordea, merkataritza harremanak izoztea eragingo zuketen, eta horren kaltea, noski, askoz handiagoa izango zatekeen. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Tubos Reunidosekin: Arabako altzairugileak ia 30 milioi euroren galerak pilatu ditu urteko lehen erdialdean, AEBetako haren bezeroek erosketak eten dituztelako %50eko muga zergarengatik.

donald trump
Donald Trump, golfean jokatzen Turnberryko bere zelaian, Eskozian. TOLGA AKMEN / EFE

Baina atzo egindako merkataritza akordioarekin Bruselak garaipen politiko bat oparitu dio Trumpi. Erakutsi dio irainen, mehatxuen eta iritzi aldaketa kapritxosoen bideak funtzionatu duela, ez soilik herrialde nolabait ahulekin —Vietnam, Indonesia...—, baita bere burua potentzia gisa ikusi nahi duen batekin ere. Barrea eragin zuen Trumpen merkataritza politika deskribatzeko TACO laburdura erabiltzeak —Trump always chickens out (Trump beti kikiltzen da)—, baina takoa Bruselak jan du oraingo honetan. Alemaniaren, Italiaren, Irlandaren eta bigun jokatzea eskatzen zutenen presioen ondorioz, EBk eman du amore; ezer onik ekarriko ez dioten muga zergak onartu ditu, eta balekotzat jo du AEBek beren merkataritza defizita txikitu nahi izatea.

Gainera, TACO laburdura hori eragin zuten faktoreetako bat desagertu da. Finantza merkatuak larritu egin ziren Trumpek Etxe Zuriko patioan bere afixa handia erakutsi eta irizpide zentzugabe batekin muga zergak ezker-eskuin agindu zituenean. AEBetako presidenteak erdizka atzera egin zuen, eta negoziazioei ekin zien. Baina azken asteetan finantza merkatuak lasai dabiltza, eta gaur ongi hartu dute akordioa.

Kalte ekonomikoak, ikusteko

Merkatuak ere ekaitzarekin konformatu dira, batez ere ikusita orain arteko gatazkak ez duela hondamendi ekonomikorik eragin, ez behintzat AEBetan. Merkataritza gerra batek batez ere AEBei kalte egingo dien ustea ez da desagertu, baina oraindik ez dago haren arrasto handirik. Bai, urteko lehen hiruhilekoan atzera egin zuen pixka bat (-%0,1), baina muga zergei aurre egiteko inportazioek sekulako gorakada izan zutelako gertatu zen hori, neurri handi batean. Aste honetarako espero da bigarren hiruhilekoaren emaitza, eta hazkunde positiboa iragarri dute guztiek.

Inflazioan ikusi beharko litzateke lehenik inportazio garestienen ondorioa, baina orain arteko igoera ez da beste mundukoa: %2,4tik %2,7ra igo da maiatzetik ekainera, atal batzuen garestitzea —jostailuak, etxeko tresnak...— konpentsatu dutelako beste atal batzuek.

Eta, ekonomiaren aldetik berri txarrak iritsi bitartean, Trump paparra puzten ari da, muga zergekin inoiz baino diru gehiago biltzen ari delako. Urtea hasi denetik, 100 milioi dolar izan dira (85 milioi euro), iaz halako bi. Nondik atera da diru hori? Azterketa batek dio %20 esportatzaileen patriketatik atera dela —muga zergen zati bat ordaintzea erabaki dutelako—, eta gainontzeko %80 AEBetako enpresek (inportatzaileek) eta kontsumitzaileek banatu dutela. Banaketa horrek erdiko epera eta luzera zer ondorio dituen, horrek baldintzatuko du Trumpek abiatutako gatazkaren bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.