Iker Aranburu.

Txinaren aurka, Txinaren armekin

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasuneko buruak lehiakortasunaren aldeko neurriak eztabaidatzeko bilduko dira ostegunean Belgikan. Halako izenburu generiko batek aharrausi eginaraziko die bati baino gehiagori, baina bilerak badu mamia, bereziki Euskal Herriarentzat eta haren moduko industria lurraldeentzat. Izan ere, eztabaidatuko dituzten gaietako bat da zer egin behar duen Europak hemendik hamarkada gutxira basamortu industrial bat ez bilakatzeko. Gordinago esanda, nola demontre aurre egin Txinari eta haren esportazio makina ahalguztidunari. 

Izan ere, azken urteetan Europako industria pisua galdu eta galdu ari da, eta horren arrazoi nagusia da Txina gai dela garai batean europarrek egiten zituzten produktuak haiek bezain ongi edo hobeto egiteko; baina, batez ere, merkeago. Adibide bat nahi duenak ez du Euskal Herritik atera beharrik: Metal Group taldeak Abadiñoko eta Legutioko lantegiak ixteko eta haietako ia berrehun langileak kaleratzeko prozesua zabalduko du etzi. Arrazoia? Lantegi horietan egiten ziren piezak aurrerantzean Txinan erosiko ditu Volkswagenek, eta hura ordezkatzeko bezerorik ez dute aurkitu. 

Artikulu hau paperean irakurtzen duenak alboko orrialdeari erreparatu eta Nerea Aranguren Danobatgroupeko buruari egindako elkarrizketa irakurri besterik ez du egin behar ikusteko gai horrek asko kezkatzen duela euskal industria. Bestela, Jose Miguel Aierzaren abisua irakur dezake. Ostiralean, Adegiko idazkari nagusiak ohartarazi zuen Europako ekoizpena «une kritiko batean» dagoela, eta babes neurriak hartu behar dituela «Asiatik datorren lehia gero eta gogorragoari aurre egiteko».

sejourne
Stephane Sejourne, Europako Batzordeko Industria komisarioa. ROLAND WITTEK / EFE

Gipuzkoako patronala baino arrain handiagoak ere eskatzen ari dira halako neurriak hartzeko. Aste honen hasieran, Stephane Sejourne Industria komisarioak eta kontinenteko 1.141 enpresatako buruek testu bat argitaratu zuten gehien irakurritako egunkarietan, Europako ekoizpenarentzat lehentasuna eskatzeko. Funtsean, nahi dute EBk egin dezala Txinak eta AEBek dagoeneko egiten duten hori. «Zergatik ez guk? Orain da garaia Europarentzat gehiago ekoizteko eta, batez ere, modu estrategikoagoan. Geure segurtasun ekonomikoa bermatzeko, geure hornidura kateak sostengatu behar ditugu, eta haien gaineko arriskua gutxitu». 

Ohar horiek helburu garbi bat daukate: EBko buruei presio egitea Industria Bizkortzeko Legea babestu dezaten. Europakoa erosi deituriko arau horren bitartez, EBk neurriak hartu nahi ditu atzerriko lehiari mugak jartzeko eta bertako ekoizpena babesteko estrategikotzat jotzen dituen sektore batzuetan. 

Atzerapena

Europako Batzordeak abenduan zuen aurkeztekoa proiektua, baina otsailaren amaierara atzeratu du argitaratze data, Ursula von der Leyenen taldean bertan denak ez baitaude ados proposamenekin.

Gauza bera gertatzen da EBko gobernuen artean ere. Modu sinplean esanda, Europakoa erosi deituriko legearen alde daude Frantzia, Espainia, Italia, Herbehereak... eta aurka, aldiz, iparraldeko eta erdialdeko estatu batzuk. Azken horien argudioa da hornitzaileei mugak jarrita Europako industriari kalte egingo diotela mesede baino gehiago, eta Europako industriaren ekoizpena garestituko dela —Europan kostuak handiagoak baitira Asian baino—. Gainera, nabarmendu dute protekzionismo hori ez datorrela bat Brusela bera munduan zehar egiten ari den merkataritza liberalizatzeko itunekin. 

friedrich merkel
Friedrich Merz, Alemaniako kantzilerra, Dusseldorfeko lantegi batera egindako bisitan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE

Alemaniaren tesia ere hori izan da, baina Sejourneren taldekoek esan dute azken asteetan sumatzen hasiak direla Berlinen ere iritzia aldatzen ari direlako zantzu batzuk. Arrazoia Atlantikoaren beste aldean bilatu behar da, non bestela. Donald Trumpek Groenlandiaren inguruan egin dituen azken mehatxuek azkenean ikusarazi diote Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrari Europak ahalik eta independenteen jokatu behar duela, eta horretarako derrigorrezkoa dela industria politika protekzionistagoa izatea. 

Garbi dago EBk muga batzuk jarriko dizkiela kanpoko produktuei, baina non jarri behar diren, horixe da kontua. Zer sektore babestu behar diren eta zeintzuk ez. Nola orekatu merkataritza librearen aldeko aldarria eta protekzionismoa? Nola lortu Txina eta beste bazkide komertzialak ez sumintzea eta haiek ere europarren esportazioen aurkako neurririk ez hartzea?

Arazo tekniko batzuk ere badaude. Hornitzaileen zer portzentaje da beharrezkoa produktu bat europartzat jotzeko? Zer egin Erresuma Batuarekin eta Suitzarekin?

Galdera horien erantzunak ez dira errazak, eta, EBn ohikoa den moduan, eztabaida luzeak eragingo dituzte. Are, erantzunek kalte egingo diete sektore eta enpresa batzuei, eta europarren patrikei ere bai beharbada. Baina azken urtean inoiz baino argiago geratu da mundua aldatzen ari dela, eta ezin zaiola iraganeko dogmekin erantzun. Beranduegi izango da agian Metal Groupeko langileentzat, baina ez beste askorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA