Andoaingo garraiolari bat hil da, bero kolpe baten ondorioz

Burgosen kamioia deskargatzen ari zela, beroak shock multiorganiko bat eragin dio.

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen elkarretaratzea Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen elkarretaratzea Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 26a
14:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

LABek jakinarazi duenez, Euskal Herriko garraiolari bat hil da Burgosen (Gaztela, Espainia), bero kolpe baten ondorioz. Kamioian zeraman karga ateratzen ari zela tenperatura beroaren ondorioz shock multiorganikoa izan duela azaldu du sindikatuak. 56 urte zituen, kamioilari autonomoa zen, eta Andoaingoa zen (Gipuzkoa).

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratze batera deitu dute astelehenerako, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean. 

Sindikatu horren zenbaketaren arabera, aurten dagoeneko 36 pertsona hil dira lanean zebiltzala Euskal Herrian. Zerrenda horretan sartu ditu atzerrian lanean ari ziren euskal herritar batzuk, baina ez, ordea, Ertzaintzaren Iurretako egoitzan (Bizkaia) material berria probatzera zihoazela  Elgoibarren (Gipuzkoa) trafiko istripua izan eta hil ziren bost foruzainak.

LABek nabarmendu du garraioaren sektorean «bereziki handia» dela istripu hilgarrien kopurua. «Sindikatuak behin eta berriz salatu du lan baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu betetzen lan arriskuen prebentzioari buruzko araudiak; bestetik, administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio arau horiek bete ditzaten».

Azken egunotako muturreko beroaldiak «are premiazkoagoa» egiten du prebentzio neurriak betetzea eta betearaztea. LABek gogorarazi du bero handiaren aurrean enpresek protokoloak aktibatu behar dituztela, eta beharrezkoa bada lan jarduera eten egin behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA